2020an Iruñeko etxebizitzen %90ak 300 metro baino gutxiagora izanen du auto elektrikoetarako kargagunea

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 15a, 18:11

Hala aurreikusten du Iruñeko Udaleko Mugikortasun Elektrikoaren Planak. Patinete elektrikoen erabilera arautuko da, ibilgailu %100 elektrikoak txertatuko dira 9. linean, eta 40 kargagune berri sortuko dira.

Udalak gaur goizean aurkeztu du Iruñeko Mugikortasun Elektrikoaren Plana, eta hor jasotzen da hiri-mugikortasunean halako ibilgailu motak txertatze aldera abiatu eta bultzatuko diren neurrien sorta. Airearen kutsadura, energiaren gehiegizko kontsumoa, osasunarekiko eragina edo zirkulazio-bideetan dauden pilaketak; horiek dira egungo mugikortasun-ereduaren zenbait ondorio, eta horiek murriztera bideratuko dira planean bildutako neurriak eta alternatibak.

Ibilgailu pribatua da kutsatzaile-igorle nagusia, eta horri aurre egiteko hirian ibilgailuaren erabilera murriztearen alde egingo da, eta flotaren eguneratzea sustatzearen alde, gutxiago kutsatzen duten teknologietara joaz; izan ere, 2020rako ibilgailu elektrikoak kargatzeko 40 gune berri sortuko dira, eta horrela hiriko ibilgailu-parkearen % 90ek horietako bat izango du 300 metro baino gutxiagora.

Plan horren barruan dago, baita ere, bizikleta publikoak alokatzeko udal-sistema abiatzea, 20 geltoki eta 250 bizikleta elektrikoz (horrek berekin ekarriko du ibilgailu mota horretarako base bat sortzea etxebizitzen % 95en 500 metro baino gutxiagora), eta hiriko mugikortasunean txertatzea mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI); hor sartzen dira, besteak beste, patinete elektrikoak. Plan hori Iruñerriko Mankomunitatearen proiektuarekin osatuko da (erakunde horren parte da Udala), hiri-garraioko 9. linea, tren-geltokiaren eta Nafarroako Unibertsitatearen artekoa, erabat elektrikoa izan dadin.

Plangintza hori mugaz gaindiko Stardust proiektuari ere lotzen zaio, Iruñean 5,5 milioiko inbertsio egitea aurreikusita baitu, 2020ra bitarte, energia-eraginkortasun globala handitu eta bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideetan erabil daitezen. Asmoa da eraikuntza, energia eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak integratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia aurreratuenak, konektibitatea, eta gauzen Interneta erabilita. Iruña da proiektu horren burua, eta beste 30 kide daude, Italia, Finlandia, Erresuma Batua, Grezia edo Errumania herrialdeetakoak, besteak beste.

Bultzada auto elektrikoari: 40 kargagune berri

Iruñean karga moteleko (3,7 kW) 4 gune daude gaur egun, San Ignazio, Arcadio María Larraona eta Ezkirotz kaleetan (azken horretan gune bikoitza). 2014az geroztik horien erabilera laukoiztu egin da. Orduan, gune horietan 288 karga egin ziren, eta 2017an milatik gora, zehazki 1.056. 

2018 honetan aurretik zeuden lau kargaguneak berritu eta ekipamenduak ordeztu dira, horiek eguneratzeko teknologia eta behar berriekin bat. 2019 eta 2020 artean, hiri osoan barna paratuko dira karga erdiazkarreko 36 gune –erabat kargatzeko 1 eta 10 ordu artean behar dira (7,4 kW)–, eta karga azkarreko 4 –30 eta 40 minutu behar dira erabat kargatzeko (50 kW)–. Iruñeko Udalak bere gain hartuko du ekipamenduak instalatzeko kostua, 468.000 euro ingurukoa, eta kanpoko enpresa batek kudeatuko lituzke zerbitzu-emakida jakin baten bidez, Udalari kosturik eragin gabe.

Mikromugikortasun elektrikoa: patineteak eta MPIak

Halaber, planak mikromugikortasuna txertatzeari eta arautzeari heltzen dio, mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak (MPI) oinarri hartuta, horien barruan daudelarik patineteak eta beste zenbait elementu. Hiri-mugikortasunerako irtenbide berri horiek txertatzea proposatzen da, betiere aukera hori ibilgailu motordun pribatuen erabiltzaile kopurua gutxitzeko aukera gisa ulertuz, baina mugikortasun aktiboan edo oinezkoen zein bizikleten mugikortasunean eragin negatiboak sortzea galaraziz.

Lehen urrats gisa, Herritarren Segurtasuneko eta Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorrak lantzen ari diren Ordenantza berrian ibilgailu mota horien zirkulazioa arautu nahi da, gatazkak saihesteko bai oinezkoekin, espaloietan ibiltzen direnean, bai bizikletekin, bizikletetarako azpiegiturak baliatzen dituztenean.

Horiek arautzeko, kontuan hartu behar da MPIak ezin direla oinezkoaren figuraren parekotzat jo, eta ez direla, ezta ere, ibilgailu motordunak. Har dezaketen gehieneko abiaduraren eta pisuaren arabera sailkatzen dira, eta hauek dira adibide batzuk: patinete elektrikoa, segway, hoverboard, monoziklo elektrikoa eta ziklotaxi elektrikoa. Plan horrek jasotzen duen lan-estrategiaren barruan honako gaiei heldu nahi zaie: MPI horiek zein bidetatik zirkulatu ahalko duten zedarritzea, aparkalekuak eta bide publikoan okupatzen duten tokia, mugikortasun partekatuko enpresek (free floating) espazio publikoan okupatzen duten tokia arautzea. Halaber, MPIak txertatu beharko dira Iruñeko Udalean egiten den edozein mugikortasun-planetan.

Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema

Mugikortasun Elektrikoaren Planak duela bi aste aurkeztutako proposamena biltzen du, bizikletak alokatzeko udal-zerbitzuarena, egungo sistemarekin alderatuta zenbait berritasun izango lituzkeena. 24 orduz egongo litzateke erabilgarri, urte osoan zehar salbu eta sanferminetan, eta geltokiak izango lituzte auzo guztietan. Horrela, metropolitanoa izan nahi duen zerbitzu baten oinarriak finkatuko lirateke, eta hartara, proiektuari lotu Iruñerriko beste udalerri batzuk.

Bizikleta-kopurua orain dauden 100etik 250era pasako litzateke, eta horrela, edozein pertsonak erabili ahalko lituzke. Geltokiak ere laukoiztuko lirateke, eta hortaz, erosoagoa litzateke haietara hurbiltzea. Uneotan 5 geltoki daude hirian (Anelier pasealekua, Zezen-plaza, NUP, Nafarroako Unibertsitatea eta Gaztelugibel), eta 20 egongo lirateke orduan. Hori horrela, Iruñeko biztanleen % 95ek bizikleta bat hartzeko geltoki bat izango luke etxetik 500 metro baino gutxiagora. Tarifa sozialak ezartzeko lan egingo du Udalak, zerbitzu horren erabilera pertsona guztien artean orokortzeko, haien baliabide ekonomikoak edozein izanda ere.

Bizikleta-mailegu zerbitzuaren geltoki horietarako kokaleku hauek proposatu dira: Sanduzelain, tren-geltokiaren ondoan eta Sanduaren pasealekuan; Buztintxurin, Gipuzkoako etorbidearen ondoan; Zabalguneetan, Basotxon, autobus-geltokian eta askatasun-plazan; Mendillorrin, Ramón Aguinaga kalean eta Civivoxaren ondoan; Lezkairun, Joan Paulo II.aren etorbidean; Milagrosan, Blas de Laserna kalean eta Felisa Munárriz plazan; Iturraman, López pilotalekuaren ondoan; Etxabakoitzen, osasun-etxearen ondoan; Mendebaldean, kontserbatorioaren eta liburutegiaren ondoan, eta Donibanen, Azueloko Monasterioaren plazan.

Eskualdeko Hiri Garraioaren 9. linea, elektrikoa

Mugikortasun elektrikoaren aldeko beste apustuetako bat Iruñerriko Mankomunitatearen eskutik dator. 9. linearako hitzarmen bat da, tren-geltokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lotzen dituen linea erabat elektrikoa izan dadin. Eskualdeko hiri-garraioko linea horrek ibilbide osoa Iruñean egiten du. Proiektua 2019an gauzatzea aurreikusita dago.
Linea hori sei autobus % 100 elektrikok osatuko dute, eta bi poste pantografo paratuko dira abiapuntu- eta helmuga-geltokietan, ibilgailuak horietan kargatu ahal izateko azkar eta modu eraginkorrean. Horrela arian-arian egin nahi dira eskualdeko garraio publikoaren flota eraldatzeko jarduketak, erregai fosilen erabilera murrizte aldera eta mugikortasun jasangarriagoa sustatze aldera, negutegi efektuko isurpenak eta kanpoko energia-mendekotasuna murrizten diren aldetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!