Iruñeko datuak dira: emakume gazteek lehenago alde egiten dute gurasoen etxetik gizon gazteek baino. 16 eta 34 urte arteko emakumeen %53,2ak utzi du gurasoen etxea eta gizonen kasuan %42ak. Eta ez dute erraz gazteek gurasoenetik joateko, are zailagoa dute emakumeek: bataz beste, 239,2 euro gutxiago jasotzen dute soldatetan. Gizon gazte baten bataz besteko soldata 1.214,6 eurokoa den bitartean emakume gaztearena 975,41 eurokoa da. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egindako inkesta baten emaitzak dira horiek. Bai gizonak zein emakumeak ere bat datoz beste datu batean: biek uste dute egiten ari diren lanak jaso dituzten ikasketekin ez datozela bat, alegia, kualifikazioa ez dator bat egiten duten zereginarekin. Kasu gehienetan ikasketa maila handiagoa dute egiten ari diren lanak eskatzen duenarekin alderatuta.
30 urterekin gurasoenetik aldenduta
Iruñean bizi diren gazteen artean (16 eta 34 urte arteko bizilagunak hartu dituzte gaztetzat) %47,9a bizi da gurasoenetik kanpo. Hori bai, %82,9 30 eta 34 urte artekoak dira. Nafarroako gainerako herrietako datuak ikusirik, esan daiteke, hiriburuan bizi direnak direla etxetik joaten lehenak. Gainerakoen kasuan %45,2a joaten da etxetik adin tarte horretan. Zerk eraginen luke gazteek lehenago joatea gurasoenetik? Diru iturri sendo bat izanda errazago eginen lukete aldentzea. Hala naabrmendu dute datuek. Etxetik joan diren gazteen %70,7a lanean ari direlako egin dute hautua, aldiz, etxean adin horrekin segitzen dutenen %85,4 ikasten ari dira.