Maravillas Gaztetxeak eten egin ditu negoziazioak Udalarekin

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 12a, 08:39

Gaztetxeak autogestioa "ardatz nagusitzat" du eta Alde Zaharrak "sufritzen duen egoera kaxkarrari aurre egiteko" proiektu eta alternatibak eraiki nahi ditu. Horregatik hasiera batean lekualdatzeko aukera aurreikusten bazuten ere, Marques de Rozalejo espazioan geratzeko hautua egin dute.

Maravillas Gaztetxeko kideek oharra plazaratu dute azken hilabeteetan izan direnen berri eman eta euren jarrera agertzeko. Azaldu dutenaren arabera hasiera batean lekuz aldatzeko aukera aztertzen aritu baziren ere, azken mugimenduen aurrean erabaki dute ezetz, Marques de Rozalejon geratu nahi dutela: "Gaztetxeak autogestioa ardatz nagusitzat du eta Alde Zaharrak sufritzen duen egoera kaxkarrari aurre egiteko proiektu eta alternatibak eraiki nahi ditu. Horregatik hasiera batean lekualdatzeko aukera aurreikusten bazuten ere, Marques de Rozalejo espazioan geratzeko hautua egin dugu", jaso dute ohar batean. Hala, Nafarroako Gobernuari eskaera bat ere egin diote: "ibilbide errepresiboa alde batera uztera eta egoera hau beste ikuspegi batetik heltzea exijitzen diogu Nafar Gobernuari behar den garrantzia baino gehiago eman gabe eta beste eragileei egoera honen erantzukizuna pasa gabe".

Autokritikarekin ekin dio oharrari gaztetxeak

"Lehenik eta behin autokritika egin nahiko genuke. Izan ere ez dugu prozesuarekin asmatu elkarrizketaren bitartez Maravillas Gaztetxearen proiektuari irtenbidea bilatzerako orduan", ekin diote oharraro. Auzokideei eta EH Bilduri esker ona eman nahi izan diote "prozesu honetan azaldu duten jarrerarengatik eta espazio autogestionatuen beharrei irtenbide bat bilatu nahi izateagatik". Egoera guzti hau hustearen ostean etorri zela gogoan izan dute. Horrek asanbladaren erabaki eta erritmoak guztiz baldintzatu zituela nabarmendu dute, eta horrek erabaki eta bide okerrak hartzera bultzatu zituztela- Prozesu horretan aurrera egin zuten asanblada barnean iritzi ezberdinen arteko adostasunik gabe. Horretaz gain, "elkarrizketari hasiera eman genion guztiz baldintzatzen zuen prozesu judizial bat buru gainean genuela, naiz eta hamaika aldiz errepikatu hau ez genuela eginen". Aipatzekoa da ere duela bi hilabete abiatutako prozesu honek, bai Gaztetxeko militanteei, bai inplikatutako beste aldeei suposatu dien higadura politikoa, akordioetara iristen ginen momentuetan barne", esan dute ohar horretan. Elkarrizketa prozesuak etapa ezberdinak izan ditu eta postura ezberdinen arteko eztabaidak tarteko, zenbaitetan akordioetara iristen ginela ematen zuela ere uste dute: "Tamalez ezin izan gara adostasun batera iritsi, eta ez kontrako posturak ditugulako, gauzak ulertzeko modu ezberdinak ditugulako baizik, bi eredu ezberdin ditugu".

Auzotik eta auzorako lanean segitzeko nahia

"Egun, Alde Zaharrak izugarrizko gentrifikazio prozesua bizi du", nabarmendu dute oharrean. "Etxebizitzen alokairuen igoera neurrigabeak, espazio publikoaren pribatizazioa eta auzokideen arteko bizikidetza normal bat eragozten duten ostalaritza negozioen ugaritzeak auzokideoi Alde Zaharretik kanporatzen gaitu", diote. Horregatik, arazo hauei aurre egiteko eta auzo eredu berria eraikitzeko ezinezkoa da legediarekiko dependentzia duen proiektu eta espazioak antolatzea gaztetxeko kideen ustez. "Legedia pentsatuta dago egungo sistema ekonomiko eta politiko ustela mantentzeko, hau izanik Alde Zaharrarean ageri diren arazoen eragilea. Kontrabotere espazio autogestionatuen eraikitzearen eta antolatzearen aldeko hautua egiten dugu, zeinetan inolako mugarik gabe elkarlanean aritu gaitezkeen egungo arazoei irtenbide bat bilatzearren". Egiten ari garen lana instituzioen baitan garatzea ezinezkoa dugu eta horregatik egun Maravillasen auzo eredu berri bat eraikitzen ari direla diote: auzolana eta autogestioa dela medio, proiektuaren parte den jendearen artean erlazio berriak sortuz elkartasunean eta elkarlanean oinarrituta. Auzoaren arazo ezberdinei irtenbideak emanez ekintza zuzena erabiliz. Espero dugun etorkizun beltzari aurre egiteko mekanismoak eta tresnak sortuz. Aipatutako lan hau ezingo zen aurrera eraman legediak inposatzen digun mugen barnean. Elkarlanean eta auzolanean garatzen ari garen proiektua ezingo zen aurrera eraman, gainera autofinantziazioarekiko izango genituen arazoak kontuan hartuta. Hau guztia Kaparrosoren prozesuan agerian geratu zen. Hau dela eta, hasiera batean hainbat marra gorri jarri genituen negoziazioari begira, proiektuaren izaera herrikoia bermatzearren. Marra gorri guztiak atzera bota ziren gutxinaka gutxinaka. Hala ere, inplikaturiko eragileen ibilbidea eta jarrerak onak izan dira prozesu guztian zehar. Hau aurrera atera ez bada ere, uste dugu Herri Mugimenduaren eta instituzioen arteko elkarrekintza bermatzeko beste bide batzuk garatu behar direla, betiere lehenengoen lana ez bada baldintzatuta ikusten bigarrenaren egoeragatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!