Iruñeko Udalak eta Osasunak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute jasangarritasuna eta hiritarrekiko harremana sustatzeko

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 11a, 16:34

Mugikortasun jasangarria, hondakinen kudeaketaren proiektuak, edalontzi berrerabilgarrien erabilera, Sadarren inguruneko garbiketa, hirian zailtasun ekonomikoak dituztenekiko bazkideen elkartasuna eta adin guztietan sentimendu gorritxoa bultzatzea dira hitzarmenaren atal nagusiak.

Iruñeko Alkate Joseba Asironek eta Osasunako lehendakari Luis Salbaza Iriartek sinatu duten hitzarmena sei konpromisoetan dago artikulatuta: Denboraren bankua, Oroitzapen gorritxoak eta Iruñeko bitxikeriak, Elkartasun gorritxoa, Konpromiso berdea, Ke gutxiago eta Osasuna irisgarria, sei programa, boluntariotza, emozio-sentimendu, elkartasun, hondakinen kudeaketa eta ingurumen, mugikortasun jasangarri eta unibertsaltasunari lotuta, hurrenez hurren. Osasunak konpromisoa hartzen du jarduera horiek guztiak finantzatzeko bere Gizarte Planaren barruan, eta Jarraipen-batzorde bat eratzeko, Klubeko eta Udaleko langileek osatua, jardueren garapena kontrolatzeko, haien aplikazioa ebaluatzeko eta balorazioa egiteko jardueren jarraipenaren, aldaketaren edo beste klausula batzuen gehitzearen gainean.

Denboraren bankua: ekitaldiak antolatzeko boluntarioak

Denboraren bankua proiektuan, Osasunak konpromisoa hartzen du haien denbora librearen parte bat eskaintzeko prest dauden bazkideen poltsa bat sortzeko, gizarte, kultura eta kirolaren esparruetan irabazi-asmorik gabeko ekitaldiak antolatzen lagundu ditzaten, bai Klubak berak antolatzen dituenak, bai hirian beste entitateek edo Udalak berak antolatutakoak. Osasuna Klub Atletikoaren jarduerak lehenetsiko dira beti, eta hirian egiten direnak gizarte eta kultura izaerako jarduerei lotuko zaizkie.

Pertsona horien zerrenda eta hari atxikitako oinarrizko informazioa (prestasuna, zer ekitalditan laguntza emateko prest dauden...) Udalaren eskura jarriko dira, une orotan koordinatu dadin ekitaldiok sustatu dituzten elkarte edo entitateekin.

Oroitzapen gorritxoak eta Iruñeko bitxikeriak: hiriaren eta klubaren arteko lotura emozionala

Egun, Osasuna Fundazioan, bada programa bat Oroitzapen gorritxoak izenburuaz. Programa aitzindaria da, zeineana Alzheimerren gaitza jasaten duten lagunekin talde-saioetan antolatuta lan egiten baita, oroitzapenak sendotzeko Osasuna hari eroale gisa erabilita, lagun horiei emozionalki lotutako elementua baita.

Proiektu berri honetan, formulak bilatu nahi dira Iruñeak eta Osasuna Klub Atletikoak elkar hartuta garatu dezaten ekimen hori, hala adineko jendeak nola gazteek edo haurrek horretan parte hartuz. Hartara, oroitzapenek gogora ekarriko dizkigute batera klubaren gertakizunak eta hiriari berari zein bertakoei lotutakoak, halako moduz non hartzaileak esparru gehiagotakoak ere izanen diren.

Hiriko Civivox guztietan saioak egiteko ideia aztertzen ari da, bai adinekoak bai gazteak bertara daitezen, Iruñea eta Osasuna lotzen dituzten oroitzapen, bizipen eta esperientzien inguruan belaunaldien arteko gune bat sortzeko. Hainbat kolektibo sozialekin hezkuntza-proiekturen bat garatzeko aukera ere baloratzen ari da Osasunak irudikatzen dituen baloreak modu didaktikoan aurkez daitezen. Adinekoei dagokienez, erretiratuen klubekin lan egin liteke, beste entitate batzuekin elkarlanean, Civivox sareko saioen antzerako formatutan, baina bakarrik adinekoei zuzenduta.

Elkartasun gorritxoa: zailtasun ekonomikoak dituztenei abonamenduen lagapena

Osasuna Klub Atletikoak bazkideen artean elkartasuna bultzatzeko konpromisoa hartzen du abonamenduak lagatzeko programa baten bidez. Horrela, nahi dutenek zailtasun ekonomikoak dituztenei beren eserlekua laga ahalko diete hauek erabil dezaten.

Udalak hartuko du zerrenda bat egiteko ardura, gizarte-kolektiboekin lan egiten duten zenbait entitaterekin batera, abonamendu horiek banatze aldera, Osasunak etxean jokatzen dituen partidetarako.

Konpromiso berdea: edalontzi berrerabilgarria eta garbiketa indartzea

Hitzarmenak apustu egiten du Osasunako partida bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko konpromiso "berde" baten alde. Klubak konpromisoa hartzen du edalontzi berrerabilgarriaz baliatzeko Sadar estadioan egiten diren jardueretan, Labrit pilotalekuan eta Zezen-plazan, jada, egiten den bezala. Udalak bi toki horietarako egindako proiektu teknikoa partekatuko du, eta zenbait partidatan proiektu pilotu bat egiteko edalontziak lagako ditu. Horrez gain, Udalak garbiketa-zerbitzu berezi bat diseinatu eta martxan jarriko du, Sadarren inguruneak garbitu ditzan; Udalak berak gauzatuko du zerbitzu hori bere ohiko baliabideekin.

Halaber, Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean eta horren aholkularitzaz, Osasunak konpromisoa hartzen du proiektu bat garatu eta martxan jartzeko, partida-egunetan Sadarrera joaten diren 12.000 eta 16.000 bitarteko lagunek sortzen dituzten hondakinak ahalik eta era eraginkorrenean trata daitezen. Neurri hau osatuko litzateke estadiora joaten direnen artean kontzientziazio-kanpaina eginez, horiek hondakinak gutxitu ditzaten eta horien jarrera ahalik eta zibikoena izan dadin.

Ke gutxiago: mugikortasun jasangarria Sadarrera joateko

Osasuna Klub Atletikoak eta Iruñeko Udalak interes handia dute Sadar estadioan egiten diren kirol-ekitaldien eta bestelakoen mugikortasun-testuingurua jorratzeko, eragina duelako ingurumenean, zirkulazioaren kontrolean edo aparkatzean. Mugikortasun Jasangarriko Plan Gorritxoa aipatzen da hitzarmenean; planean, zenbait arazo aztertuko dira, hala nola bazkideen mugikortasun-ohiturak estadiorako joan-etorrietan, aparkatzearen ingurukoak, garraio publikoaren ekarpena eta Iruñerrian bizi direnen beharrak. Horrela, irtenbide praktikoak proposatu ahal dira emaitza ahalik eta egokienak lortze aldera mugikortasun jasangarriaren ikuspuntutik. Zeregin hori hiru entitateren arteko lana izango litzateke, Iruñerriko Mankomunitatea barne hartu behar baitu, adibidez, hiri-garraioaren edo taxi-zerbitzuaren arduradun gisa.

Nagusiki, mugikortasunaren esparruan bi ekintza hauek garatu behar dira: alde batetik, azterketa operatibo bat egingo da Sadarrera joaten direnen mugikortasun-ohiturei buruz; eta, bestetik, proiektu pilotu batean mugikortasun jasangarriari lotutako maila ezberdinak zehaztuko dira. Alderdi hauek aztertuko dira, besteak beste: nola indartu eta / edo zabaldu autobus publikoen sarea; aldi baterako disuasio-aparkaleku bat prestatzea, estadioarekiko lotura-autobusa eskainiz; baita balizko beste neurri batzuk ere, Sadarrera joateko ohitura jasangarriek gora egin dezaten

Osasuna irisgarria: irisgarritasun unibertsala

Azkenik, Osasuna Klub Atletikoak eta Udalak konpromisoa hartzen dute irisgarritasun unibertsalaren alde lan egiteko. Hitzarmenak jasotzen du bi erakundeek konpromisoa hartzen dutela irisgarritasun unibertsalari lotutako lan-alderdia eta -esparru guztiak aztertzeko (estadioan, zerbitzuetan eta produktuetan). Horrela, pertsona guztien sarbidea bermatu nahi da ahalik eta egoera hoberenean eta modu naturalean zein autonomoan.

Udalak esperientziak, ezagutza eta lan-proiektuak partekatuko ditu, betiere, komunikazioaren eta zerbitzuetarako sarbidearen esparruan, irisgarritasun unibertsala sustatzen badute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!