Jantoki sozial berriak behar gehien dutenei emanen die arreta

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 14a, 07:53

Iruñeko Udalak zabaldu berri du jantoki sozial berria Karmen kalean. Urtero 49.000 gosari, janari eta afari emanen dituzte eta horrez gain erabiltzaileendako aisialdirako eta elkarrekin egoteko gune bat dauka.

Iruñeko Udalak jantoki soziala ireki du Carmen kaleko 25ean, behar ekonomiko larrian eta gizarte-bazterkerian dauden pertsonei zuzendutako baliabide bat. On Egin du izena, eta gaurtik aurrera Udalak Navarrería kalean zuen Oscus 0,50 jantokia ordeztuko du. Jantoki berriak, gosari, bazkari eta afariak emateaz gain, erabiltzaileendako aisialdirako eta elkarrekin egoteko gune bat dauka.

Iruñeko alkate Joseba Asironek, Gizarte Ekintza eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Alorreko zuzendari Idoia Saraleguik gaur goizean bisitatu dituzte instalazioak, Udalbatzako zenbait kiderekin batera. Iruñeko Udalak guztira 187.573 euro inbertitu ditu erabiltzen ez zen udal-areto hori egokitu eta bertan jantokia jartzeko. Udalak eskaintzen duen baliabide hori 2010ean abiatu zen, eta urtero 49.000 bat gosari, bazkari eta afari ematen ditu.

Lokala egokitzeko lanetan, gainera, Udalaren beste baliabide batzuek eman dute laguntza. Hori horrela, Landabengo Enplegurako prestakuntza-zentroak egin ditu altzari gehienak. Bestalde, Gizarte Enplegu Babestuak lokala egokitzeko garbiketa-lanak egin ditu, lagundu du Navarrería kalean zegoen jantoki zaharra lekualdatzen bai eta lokal berriaren fatxadan ikusgai dagoen plaka -izena duena- egiten ere.

Toki berria

Carmen kaleko 25.ean dagoen lokala hutsik egon da, erabili gabe, eraiki zenetik gaur arte. Lokala hartzen duen eraikina duela gutxi birgaitu da, eta beraz, lokala egoera onean zegoen. 224 metro koadro ditu, eta Iruñeko Udalak hainbat egokitze-lan egin ditu lokala gune hauez hornitzeko: 50 lagunendako (2 txandatan) jantoki-gunea, elikagaiak zerbitzatzeko gune bat, arduradunaren mahaia paratzeko gune bat eta ontziteria garbitu eta gordetzeko beste bat. Halaber, kale-hezitzaileendako bi bulego prestatu dira, bilera-areto txiki batez, eta gune zabal bat, erabiltzaileek aisialdirako eta elkarrekin egoteko baliatu dezaketena. Lokalak ez du sukalderik, elikagaiak prestaturik iristen direlako, kutxa eta termotan.

Zerbitzua emateko, Udalak zerbitzuaren kudeaketa kontratatzen du, prozedura publiko baten bidez. Tallunce SL enpresak ematen du zerbitzua, urtean 141.970 euroren truke.

Jantokiaren instalazioen barruan hiriko pertsona zaurgarrienei zuzendutako Eguneko Zentro gisa erabiliko den gune bat gaitu da. Bertan, prentsa, Internet-konexioa, mahai-jokoak eta abar haien eskura jartzeaz gain, gizarte-hezitzaile baten laguntza eskaintzeko asmoa dago, aisialdi-jarduerak egiteko, baliabide hori baliatzen dutenei aholku emateko eta, zenbait kasutan, erabiltzaileei laguntzeko bere gestioak egiten edo kale-hezitzaileengana bideratzeko.

Erabiltzailearen profila

Zerbitzuaren lehentasunezko hartzaileak dira, Iruñean bizi eta 18 eta 65 urte bitarte duten pertsonak, behar ekonomiko larrian eta gizarte-bazterkerian daudenak, halako moduan non egoera horrek elikagai-premia minimo batzuk asetzeko baliabide falta baitakar. Horrez gain, udal-jantokia gizarte-laneko arloan auzo-unitateetan egiten den jardun profesionalaren eta Gizarte Ekintzako Alorraren zerbitzuen osagarria da, eta Udalaren gizarte-zerbitzuetan diseinatutako gizarteratze-prozesuendako lagungarri.

2017an, udal-jantokiak 247 erabiltzaileri eman zion arta, % 21,1eko gorakada aurreko urtearen aldean. Erabiltzailearen profilak ezaugarri hauek ditu: gizonezkoa (% 65,59 gizonak dira,% 34,41a, ordea, emakumeak), espainiarra (% 50,66) eta ezkongabea (% 30,77). Artatutako helduen % 42,41ek ez du inolako prestaziorik jasotzen administrazioaren eskutik, eta ia % 82 hirian erroldatuta daude. Erabiltzaileak 25 nazionalitate ezberdinetakoak dira. % 55,87 Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak dira. Zenbait nazionalitate aipatuta, jatorri espainiarreko 125 lagunez gain (% 50,66), jantokian izaten dira, besteak beste, 18 marokoar, 8 ekuadortar, 7 nigeriar eta 7 errumaniar. 2017an, 36.374 zerbitzu eman ziren (13.758 bazkari,11.436 afari eta 11.180 gosari). Abenduan eman ziren gosari, bazkari eta afari gehien, eta uztailean, gutxien.

Aurten, oraingoz (2018ko urtarriletik abuztura) udal-jantokian 102 pertsona artatu dira -66 gizon eta 36 emakume-, gehienak Iruñean erroldatuta daude (86) eta 18 adin txikikoak dira.

Udal-jantokiko zerbitzu hau jaso ahal izateko, Udalaren gizarte-zerbitzuetara edo auzo-unitateetara jo behar da. 2017an, Alde Zaharreko, Arrotxapeko eta Milagrosako auzo-unitateek eskatu zuten gehien zerbitzu hau, 44, 33 eta 31 kasu bideratuta, hurrenez hurren.

Laguntza bazterkeria larrian dauden pertsonei

Jantoki soziala Iruñeko Udalaren baliabide bat da, Bazterkeria Larriko Programaren barrukoa. Programa horrek Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa dauka, Iruñean erroldatutako pertsonak zein batetik bestera ibiltzen direnak artatzen dituena, eta, baita ere, hotzaren kontrako protokoloan jasotako laguntza, kaleko arreta eta ekintzak garatzen dituena. Halaber, Bazterkeria Larriko Programaren barruan ostatu emateko lan-ildo bat sustatzen da, ostalaritza-establezimenduak ostatu-etxe gisa erabil ditzaten.

Horrela, Udalak oinarrizko beharrei erantzun nahi die, hots, ostatua eta elikadura ardatz dutenei, eta oinarrizko laguntza eman beste alderdi batzuetan: laguntza sozial edo soziolaboral handiagoa, aisialdirako zein lanerako baliabideak eta entzute aktiboa, besteak beste. Paraleloan, lan-metodologia bat orokortzen ari da Udalaren langileen artean, eta horrek berekin dakar kolektibo horrek bizi dituen egoerak zein aukerak hobeki ezagutzea.

Pertsona bat bazterkeria larrian dagoela jotzen da baldin eta muturreko pobrezia ekonomikoa bizi badu eta bere diru-sarrerak familia errentaren % 25 baino txikiagoak badira, lan bat topatzeko zailtasun handiak baditu, hezkuntza jasotzeko edo etxebizitza duin bat izateko aukera urriak baditu, familia- eta gizarte-harremanetan gatazka garrantzitsuak baditu edo osasun arazoak baditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!