Bizikleta ibilaldiak, merkatuak eta ikastaroak, Iruñeko Mugikortasun astean

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 10a, 12:31

Irailaren 16ik 24ra ospatuko da

Iritsi da berriz urtero mugikortasunarekin izaten den hitzordua, Europako Mugikortasunaren Astearekin bat eginez. 2018an irailaren 16tik 24ra ospatuko da. Hiriak mugikortasun jasangarriaren alde egindako apustua indartuta, Iruñeko Udalak astebete luzatuko ditu astearen edukiak, irailaren 29ra arte, hain zuzen, eta egun horietarako guztietarako mugikortasunari lotutako jarduerak antolatu ditu: ibilketak, bizikleta-ibilaldiak, mekanika-lantegiak eta merkatuak. Eta programari buru emateko, irailaren 29an, larunbatarekin, jendearendako zabalduko da pump track pista berria, Trinitariosko parkeko berdegunean. Izena ematea beharrezkoa den jardueren kasuan, 010 eta 948 420 100 telefonoetara deitu behar da izena emateko, gaurtik aurrera.

Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Mugikortasun Zerbitzuko arduradun Alexia Cantok prentsaurrekoan eman dute mugikortasunaren hilabetearen programaren berri, eta programazioaren helburua azaldu dute: hirian dauden mugikortasun-modu ezberdinak ikusaraztea, jasangarritasunari bultzada emateko eta herritarren mentalitatean  aldaketa lortzeko, osasuntsuagoak diren eta ingurumenarekiko begirune handiagoa duten garraiobideen alde.

Jarduerez gain, argibidegune bat paratuko da Gazteluko plazan, non informazioa emanen baita mugikortasunari buruz, oro har, eta 14tik 22ra (ostiraletik larunbatera) aurreikusitako jardueren inguruan. Arretarako ordutegia, 11:00etatik 14:00etara izanen da, goizez, eta 18:00etatik 21:00etara, arratsaldez. Halaber, bihartik aurrera Bizikletek ez dute hegan egiten kanpaina abiatuko da berriz hiri-altzarietan. Aldapako San Fermin festekin bat etorrita, eta joan-etorriak bizikletaz egin daitezen sustatzeko, zaintzapeko bizikleta-aparkaleku bat jarriko da Basotxo kalean irailaren 21etik 24ra. Erabilgarri izanen da ostiraleko 21:00etatik igandeko (irailak 23) 22:00ak arte.

Familiendako ibilaldia, bizikleta, patinete, skateaz... eta haurrendako zirkuitua

Heldu den larunbatean, irailak 15, haur eta familiendako ibilaldia eginen da hirian barna; Antoniutti parketik abiatuko da 10:30ean, eta toki berean amaituko, 12:00etan. Itzultzerakoan, haurrendako prest izango dira eduki ezberdinetako lantegiak, jolasak, puzgarriak eta ziklo-tren bat. Bide heziketari buruzko haurrendako zirkuitu bat ere izanen da, Iruñeko Udaltzaingoko Bide Heziketako Taldearen zaintzapean, eta txikiei zirkulazio seguruari buruzko hainbat kontu irakatsiko dizkiete. Gune horretan hamaiketakoa eta edaria eskainiko zaizkie bertaratuei goiz osoan zehar, indarberritzeko.

Ibilbidea Antoniutti parketik abiatuko da, Erreginaren aldapa eta Iratxeko Monasterioaren kaleetan barna Europa plazaraino; bertatik Azella kalera joko dute, Barañaingo etorbidean barna. Antso Azkarraren etorbidea, Yanguas y Miranda kalea eta Sarasate pasealekua, horra beste gune esanguratsu batzuk ahalik eta zailtasun gutxien izateko diseinatu den ibilbide zirkular horretan. Hala eta guztiz ere, parte-hartzea bultzatzeko asmoz, antolatzaileek erratz-bus bat jartzea aurreikusi dute, ibilaldia ez amaitzea erabakitzen dutenak hartzeko.

Zortzi kilometroko ibilaldi hori Iruñeko Udaleko Mugikortasuneko Zerbitzuak antolatu du, laguntzaile hauekin batera: Iruñerriko Mankomunitatea, Iruñeko Udaltzaingoko Bide Heziketako Taldea, Garraiobide Osasungarrien Elkartea (AMTS), Bizikume-Mujeres en Bici eta 3/12 Hiru Hamabi hartutako kalte zerebrala duten haurren elkartea.

Kultur zein natur ondarea balioestea, bizikleta gainean

Irailaren 19 eta 26an, asteazkenekin, bizikleta-ibilbide kultural bana egingo da hirian barna. Jarduera horrek Iruñean mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain herritarrengandik gertuen den inguruneari buruzko kultur ezagutzari ere bultzada ematen dio. Irailaren 19ko bizikleta-ibilbideak bide publikoan dauden Jorge Oteiza eskultore gipuzkoarraren sei artelan ikusteko ibilbidea errepikatuko du. Ibilaldia  gutxi gorabehera bi ordukoa izanen da, Gazteluko plazan hasiko da 18:00etan, eta parte-hartzea librea izanen da.

Hau da eginen den ibilbidea: Karlos III.aren etorbidea, Askatasun plaza, NUP, Félix Huarte plaza, Yamaguchi plaza eta Ziudadela. Bertan, gotorlekuaren belardietan Oteizaren obran inspiratutako kale-ikuskizun bat egitea aurreikusi da, 20:15ean. Udal-teknikari batek, mugikortasuneko teknikari batek eta Bizikume zein Garraiobide Jasangarrien elkarteetako boluntarioek lagunduta, artelan bakoitzari buruzko azalpenak emanen dizkie ziklistei.

Asteazkenean, hilak 26, beste bizikleta-ibilbide kultural bat eginen da, kasu horretan natur ondareari lotua, xede baitu ziklistek Iruñeko zuhaitz zahar eta bereziak ezagutzea. Ibilbidea Yamaguchi parketik abiatuko da (planetario ondotik) 17:30ean. Bizikleta-ibilbideak bi ordu iraunen du gutxi gorabehera, aurreikusitako ibilbideak 8 kilometro ditu, eta hiriko parke eta berdeguneetatik igaroko da. Zuhaitzetan eta hiriko landareetan aditu Mikel Belasko arituko da gidari-lanetan.

Bizieskola gizonentzat ere bai, eta jarduerak Museoan

2018an Bizieskola emakumeentzat programa eskaini du Mugikortasun Zerbitzuak. Programaren barruan, zeinean 150etik gora emakumek eman baitute izena, eta 60k baino gehiagok parte hartu, lantegi-erakustaldiak eginen dira mugikortasunaren astean, hurrengo deialdietan izena emateko asmoa dutenei begira.

Nahiz eta urtean zehar egiten den programa emakumeei zuzenduta egon –hala bizikletan ibiltzen ez dakitenei edo ibili ohi ez direnei nola bizikletan bai baina espaloian bakarrik ibili eta galtzadan segurtasun osoz aritu nahi direnei–, egun horietan gizonezkoei ere eskainiko zaie. Lantegiak hilaren 19an izanen dira, asteazkenarekin, 18:30etik 20:30era. Doakoak dira, baina izena eman behar da 010ean.

Bizieskola-lantegi horiez gain, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoak beste ekimen batzuk antolatuko ditu, paraleloan, jarduerez beteriko bi aste horietan. Irailaren 18tik 28ra (asteartetik ostiralera), 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, bertako patioan dirurik gabeko azoka txikia eginen da, mugikortasunari loturiko gauzekin bereziki. Parte hartzen dutenek jada erabiltzen ez dituzten bizikletak, ordezko piezak eta osagarriak utz ditzakete, eta beste norbaiten gauzez trukatu.

Irailaren 20an eta 21ean (ostegun eta ostiralean), 18:00etatik 20:00etara, Bizitxokoak egonen dira, bizikleten konponketa- eta mantentze-lanen inguruko ezagutzak partekatzeko guneak.

Trinitariosko pump track pistaren irekiera

Mugikortasunaren asteko ekitaldiei buru emateko, irailaren 29an, larunbatarekin, Trinitariosko parkeko berdegunean dagoen pump track pista berria inauguratuko da. Ekitaldi horretarako hiri-ginkana bat programatu da, bizikleta, skate, irristailu edo patineteekin egitekoa.

Ginkana hiriko hiru toki ezberdinetatik abiatuko da, eta Trinitariosko parkean amaituko, non BMX, skate eta patineteen erakustaldia eginen baita pump track pistan, Tobogang DJaren musikaz lagunduta, ginkanan parte hartu dutenentzat zein hurbildu nahi den ororentzat. Gainera, erakustaldia laguntzeko Parkour talde bat arituko da.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!