Osasun Sexualerako eta Ugalketako Zentroa da egun Andraize. Duela 40 urte aitzindari izan zen sexualitatearen lanketan. Beti izan da sexu osasunaren eta emakumeen osasunaren esparruan egindako lanagatik erreferente. Urterik zailenetan ere, aurre egin zieten sexualitatea tabu izatera kondenatu nahi zituztenei. Ekimen feminista batek sortu zuen Andraize 1978an. Ginekologia alorra zabaldu zuten. Formazioa eta informazioa zabaltzen hasi ziren. Emakumeari arreta eskaintzen zitzaion, doakoa, kalitatezkoa, segurua eta publikoa. Egun ere hala izaten segitzen du. Iruñeko Zapia ibilbide osoari saria izan dela nabarmendu dute hiru ginekologo sarituek: Elisa Sesmak, Pablo Sanchez-Valverdek eta Mari Cruz Landak.
Emakumeen eskubideak ziurtatu dituztela nabarmendu du Iruñeko alkatea, Joseba Asironek. Ginekologian aurrera pauso handiak egin zituzten, eta tartean, emakumeei aborto seguruak izan zitzaten egin zuten lan. Horrek kexa sortu du gizartearen parte batean. Hogeitahamar bat lagun elkartu dira udaletxe plazan protestan: "Gure zapia ez dugu abortoa babesteko emanen", adierazi dute oihuka. Diote, hobe litzatekeela Iruñeko Zapia egunero hamar haur baino gehiagori jaiotzen laguntzen dieten ginekologoei emanen baliete. UPN ere ez da egon Iruñeko Zapia saria banatu duten unean.
XXI. mendean halakoak adierazten dituztenak gutxiengoa direla uste du Asironek.