Prozesu parte hartzaileak arautuko dituen erregelamendua landuko du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 29a, 09:23
Mendillorri auzko Antzara gune komunitarioa

Urrian aurkeztuko dute zirriborroa eta datorren urteko lehen hiruhilekoan indarrean egotea aurreikusi dute.

Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorraren jomuga, datozen hilabeteei begira, Partaidetzako Erregelamendu bat abian jartzea da, organo eta prozesu parte hartzaileak arautuko dituena, eta buru emanen diena gune komunitarioetan oinarritutako prozesu irekiei, besteak beste, Antzara, Redín eta Cruzatarren jauregia eta Salestarren eraikinekoari.

Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkari Mikel Armendárizek eta Alorreko zuzendari Antso Fernándezek atzo aurkeztu zituzten agintaldiaren amaierara bitarte Alorraren lan-ildo estrategikoak izango direnak. Auzo-eztabaidaguneen erronda berria, Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolaren ikasturte berria, hiriko gizarte-ehunak dituen baliabideak ezagutzera emateko Iruñategi proiektua eta prozesu parte hartzaileak ebaluatzeko gida; horra ildo horiek barne hartzen dituzten zenbait ekimen.

Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorra deskribatzerakoan Udalaren barruko zeharkako alortzat jotzen da, gainerako udal-alorrek erabiltzekoa prozesu partizipatibo propioak, gardenak eta anitzak egite aldera, hala deitzerakoan nola garatzerakoan. Horretarako, beharrezkoak dira koordinazio-lanak eta prozesuak abiatzeko, baloratzeko eta ebaluatzeko bide eta tresnak. Azken batean, Herritarren Partaidetza eta Gizartea Ahalduntzeko Alorra herritarren eta Udalaren zerbitzura dagoen tresna izatea lortu nahi da, hots, prozesuei bide eta bultzada emateko lanabesa izatea, baina inolaz ere prozesu horiek beraiek baldintzatutako tresna bat.

Lan-ildoek emaitzen itzulketa lehenetsiko dute, hau da, herritarren, gizarte-mugimenduen eta Udalaren esku jarriko dira partaidetza artikulatzeko behar diren tresnak eta prozesu irekien ondoriozko edukiak.

Partaidetzako Erregelamenduaren zirriborroa, urrian

Lehentasunetako bat da Partaidetzako Erregelamendua, zeinaren zirriborroa urrian aurkeztuko baitzaie herritarrei, udal-alor guztiekin eta alderdi-politikoekin lanean aritu ostean. Erregelamendu horrek marko juridikoa izan beharko du, partaidetzako mekanismo, bide, organo eta guneak artikulatzekoa , betiere erantzuna emanez Iruñeko gizartearen nahiei eta hiria kokatuz partaidetzako-estandarren abangoardian.

Partaidetzako Erregelamendua aurrera ateratzeko egindako lanean islatzen dira Bartzelona edo Gasteizko araudi aitzindariak, zeinen ereduak funtzionamenduan baitaude jada, eta lan horren bitartez lortu nahi da herritarrendako tresna erabilgarri bat, herritarrei bizitza publikoan gehiago inplikatzeko aukera emanen diena. Udazkenean zirriborroa aurkeztuko da, eta jendaurreko epea zabalduko da, erregelamendua ezagutzera eman eta alegazioak aurkezteko. Aurreikusitakoaren arabera, baliteke erregelamendua 2019ko lehen hiruhilekoan indarra hartzea.

Partaidetzako Erregelamenduaren zirriborroan aurreikusita dagoenaren arabera jasota egonen dira hala auzoko eta hiriko kontseiluak nola foro irekiak eta behatokiak, lurraldekoak zein sektorialak. Halaber, bertan arautuko dira prozesu partizipatiboak, kontsultakoak, eta herritarren ekimenez proposatutakoak. Lankidetza publiko-sozialeko mekanismoak ere ezarriko ditu, eta hor helduko zaio, esate baterako, guneen lagapen eta kudeaketari.

Gune komunitarioak eta hiriaren baliabideak

Gune komunitarioei dagokienez, hain justu, Herritarren Partaidetzako Alorrak Komunitate Garapeneko Alorrarekin batera jarraituko du lanean, zabalik dauden prozesuak amaitzeko eta gune horiek sendotzeko, auzotar eta elkarte-sareek beren proiektuak garatu eta herritarren eskura jartzeko gune gisa. Gune horiek dira Redín eta Cruzatarren jauregia (Plazara! proiektua), Mendillorriko Antzara eta Salestarren eraikina, Txantrean. Asmoa da kudeaketa- eta erabilera-eredu bat sortzea, Udalarekin elkarlanean, eta kolektibo zein auzotarren eskaerekin bat egokitua. Udalak bermatuko lituzke gunearen egokitzapena, segurtasuna, osasungarritasuna, irisgarritasuna, unibertsaltasuna eta erabilera zein kudeaketarako konkurrentzia askea.

Datozen hilabeteetan landuko den beste ildo estrategiko bat Iruñategi proiektua da: Iruñeko gizarte-ehunaren analisia du oinarri, hots, hiriko auzo bakoitzean dauden baliabide eta eragileen mapaketa egiten du. Mapa horren xedea da herritarrei, oro har, eta kolektiboei eskaintzea benetako argazki eguneratu bat auzoetako bakoitzean dauden baliabideen gainean. Lan hori iaz abiatu zen, eta espero da urriaren hasieran jartzea interesa duten pertsona eta kolektibo guztien esku.

Prozesuak ebaluatzeko gida

Iruñeko Udala prozesu partizipatiboak ebaluatzeko gida bat prestatzeko lanetan ari da, xede hartuta prozesuak aztertzeko baliabide zehatzak, erabilgarriak eta neurgarriak ematea. Gida horren bitartez marko hitzartuak eta adierazleak ezarriko dira, prozesuak ebaluatu eta horien kalitatea handitzeari begira. Halako gida batek, tokiko esparrura egokitutakoak, berritasuna ekarriko du, eta beste aurrerapauso bat izanen da prozesu partizipatiboen diseinuan eta ebaluazioan.

Datorren ikasturtean auzo-eztabaidaguneei jarraipena emango zaie, baina ikuspuntu berri batez. Arreta berezia jarriko da Udalaren itzulketa-prozesuan, eta auzo-eztabaidaguneak sendotuko dira elkarte-sareek informazioa emateko gune gisa, auzo bakoitzaren beharren arabera moldatutako saio eta metodologiak baliatuta. Horrez gain, saio horietan parte hartzeko bide berriak –aurrez aurrekoak edo ez– abiatzeko lanak egiten ari dira.

Udazkenean berriro ere programatuko dira Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolako ikastaro eta jarduerak; izan ere, erabiltzaileek oso ondo baloratzen dute hainbat profesionalen eskutik prestakuntza eta espezializazioa eskaintzen dituen zerbitzu hau. Berriz eskainiko dira eskari eta onarpen handien izan dituzten ikastaroak, eta berritasunak ere txertatuko dira programan, bai eta Alorreko lan-ildoei loturiko hitzaldi sorta bat ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!