Auzokide eta kolektiboek elkarrizketara deitu dituzte Maravillas gaztetxekoak eta Gobernua

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 16a, 13:10
Alde Zaharreko auzokideak eta kolektiboak izan dira agerraldian.

Alde Zaharrak bat egiten du gaztetxe baten beharraren aldarrikapenarekin. Elkarrizketarako deia egin diete bi aldeei: gaztetxeko kideei eta Gobernuari. Huste agindua dela eta, ez dutela "huste bortitzik" onartuko ere argi utzi dute.

Alde Zaharreko bizilagunak eta kolektiboak izan dira gaurko agerraldian. Auzo Elkartea, Jai Batzordea, Auzoenea, Piparrika, Zabaldi, Aldezar, Erraldoien Konpartsa, Alde Zaharra Bizitzeko, Pisuteka, AHT Gleditu!, Alde Zaharrera!, Emakume Internazionalistak eta 78ko sanferminak gogoan. 

"Alde Zaharrak bat egiten du gaztetxe baten beharraren aldarrikapenarekin, hala azaleratu delako behin baino gehiagotan auzoan", hala esan du Ander Perezek. "Gure egiten dugu Alde Zaharrerako gaztetxe baten aldarrikapena, eta auzoak halako bat behar duela uste dugu, azken urteetan auzoan egindako parte hartze prozesuetan eta auzokideen topaketan behar hori behin eta berriro azaleratu da". Elkarriizketarako deia egin diete bi aldeei: gaztetxeko kideei eta Gobernuari. "Elkarrizketa horri bitartekaritza bat beharko lukeela eta publikoa eta gardena izan beharko lukeela uste dugu", nabarmendu dute. 

Huste agindua dela eta, ez dutela huste bortitzik onartuko ere argi utzi dute: "Ez dugu auzoko bizitzan kaltea eragin eta Maravillas gaztetxean dauden pertsonengan arriskua eragin dezakeen huste bortitzik onartuko". 

Gobernuak biltzeko proposamena helarazi zien Gaztetxeko kideei. Uxue Barkos eta Maria Solana izanen ziren elkarrizketarako prest eta Gobernuko areto batean eginen lukete bilera. Maravillasekoek ez dute ontzat jo Gobernuaren aretoan egitea eta toki neutro batean egin nahiko luketela erantzun diete.

Alkatea ere elkarrizketa sortzearen alde

Elkarrizketa hori sortzen den bitartean, Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, esan du  elkarrizketa hori eman beharko litzatekeela eta Udala ere prest dagoela edozein kolaboraziotarako. Udalak autogestioaren aldeko apustua egin duela ere gogoan izan du eta zenbait proiekturekin erakutsi dutela deritzo: Mendillorriko Antzararekin, Redin eta Kruzatekin, Geltoki edo Txantreako Salestarrekin ere bai. Dena dela, okupazioak erakutsi du gazteek oraindik ere badutela behar hori. Gobernua babesten duten lau alderdien artean ere iritzi desberdinak daude. Gaztetxearen husteak are gehiago handiagotuko luke zatiketa hori baita gizartearen baitan ere Asironen esanetan.

Aitzakia bilatzen ari da Gobernua

Bestetik, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusiak Uxue Barkosi leporatu dio, guztiaren gainetik, Marques de Rozalejo eraikinaren jabetza defendatzea eta gogoratu dio ezin dela Memoria Historikoaren Institutuari buruzko proiektua erabili 'aitzakia moduan' eraikin hori husteko. Euskadi Irratian egin ditu adierazpen horiek Santosek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!