Nafarroako ekonomia espero baino gehiago hazi da eta % 3,3ko hazkundea iragartzen dute 2018rako

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 1a, 11:42

% 3,4ko hazkundea izan du urtetik urtera eta BPGd-a % 1,0 igo da lehenengo hiruhilekoaren aldean.

Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik Nafarroako ekonomiaren goranzko bilakaera berretsi du gaur goizean, izan ere, bigarren hiruhilekoko Barne Produktu Gordinak (BPGd) urteko lehen hiru hilabeteetan izandako % 1,0ko hazkundea mantendu eta hiruhileko hazkundeari eutsi dio. Horrela, BPGd-a % 3,4 igo da urtetik urtera.

Ayerdiren hitzetan, hiruhileko igoera honek “aurreikuspen guztiak gainditzen ari den jardueraren igoera arras nabarmena” islatzen du, eta gogoratu duenez, “2006ra jo behar dugu hiruhileko bilakaera hau duten ondoz ondoko bi hiruhileko aurkitzeko, izan ere, urte hartan, Nafarroako ekonomia % 3,9 hazi zen”. Estatuaren aldean, Foru Komunitateko ekonomia % 0,3 gehiago hazi da hiruhileko honetan. “Datu honek oso-osorik berresten du aspaldi honetan egiaztatzen ari ginena, azken epealdietan Nafarroaren profila dinamikoagoa dela eta hazkundearen erritmoa bizkortu dela, Estatuan gertaturiko nolabaiteko desazelerazioaren aldean”, gaineratu du Ayerdi lehendakariordeak.

Datuak urtetik urterako ikuspegiaz konparatuz gero, 2017ko bigarren hiruhilekoko BPGd-an kontuan harturik, BPG-a % 3,4 igo da, lehen hiruhilekoan izandako % 3,3ko hazkundea gaindituz eta azelerazioari eutsiz, aurreko hiruhilekoen aldean.

Goranzko aurreikuspena

Datu horiek bilduta eta urteko lehen zatia itxita daudela, Ayerdik argi utzi du “gaur, 2018rako egina ganuen % 2,7ko hazkunde-aurreikuspena eguneratzeko moduan gaudela”. Haren esanetan, “urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetan metatutakoa kontuan hartuz, urteko batez bestekoa % 3,3tik gorakoa da, eta oso bilakaera txarra izan beharko luke urteko bigarren seihilekoak % 2,7ko helburua ez lortzeko”. Ildo horretan, Garapen Ekonomikoko titularrak aurreratu duenez, “aurreikuspen kuantitatiboak egiteko erabiltzen ditugun estimazio-ereduek goranzko joera zehaztu eta % 3,5 inguruko hazkundea iradoki dute aurtengo ekitaldirako; hortaz, ez litzateke burugabekeria pentsatzea urtearen bukaeran % 3,3 inguruko hazkundea lortzea”, gaineratu du.

Datuak baloratzeko prentsaurrekoan, Ayerdik adierazi du aurkeztutako datuak bat datozela Nafarroako jarduera ekonomiko eta enpresarialaren sendotasuna iradokitzen duten aldian aldiko adierazleekin. Horren harira, Gizarte-Segurantzan alta eman duten langileen kopurua gogoratu du, % 2,7 igo baita apirilean, % 3,8 maiatzean eta % 5,4 ekainean, 2017ko ekainean baino 14.000 enplegu gehiago zenbatu direlarik.

Enpleguaren kalitateari eta, zehazkiago esanda, horren giltzarrizko parametrotzat jotzen den soldaten bilakaerari dagokienez, Ayerdik esan du egiteko asko dagoela oraindik. 2017ko bilakaera arras positiboa izanik, urte horretan soldatak % 4,1 igo ziren, eta horri esker, Nafarroa izan da soldatak gehien hazi ziren autonomia-erkidegoa. Hala ere, 2017ko ‘egiazko’ soldatak –inflazioaren kenketa egin ondoren– 2008koak baino txikiagoak dira, batez beste. Gainera, bilakaera ez da homogeneoa izan errenta maila guztietan.

Enpleguan izandako aurrerakadari dagokionez, ekoizpenaren adar guztietara hedatu da. Sektore bakoitzeko jardueran ere goranzko joera nagusitu da: industriako ekoizpena % 6,9 hazi da eta zerbitzuetako negozio-kopurua % 3,9 gehitu da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!