Ingurumena, ura, eguzkia, egutegia edota urtaroak izanen dira nagusi Txistularien Alardeko Sanferminetako kontzertuan. Aldaketa nagusietako bat, igandean izan beharrean astelehenean izanen dela, uztailaren 9an alegia. Izan ere, uztailaren 8a igandearekin tokatzen da eta egun hori German Rodriguezi omenaldia egiteko baliatu ohi da, beraz, egunez aldatzea erabaki dute eta ohiko orduan izanen da, 13:00etan.
Beste berritasun handia, hamabi obra berri eskainiko dituztela lehenengoz, eta horiek sei konpositore nafarrek eginak direla. Uztailaren 9an beraz, ordu batean izanen da eta oholtza gainean 111 txistulari eta musikari izanen dira. Neguaren hotza, otsoa, elurra, izotza eta udako bero saparaino, horiz janzten diren larreetatik pasatuta. Horiek txistuaren bidez transmitituko dituzte Txistularien Alardekoek.Txistulariek sanferminetan egiten duten ekitaldia da tradizio handienetakoa. Berrogeita hemeretzigarren aldiz ariko dira musika jartzen.
Ostegunean, musikaren nazioarteko eguna
Sanferminen aurretik, aurrerapen gisara eta giroa berotzen hasteko, ekainaren 21ean, Europako Musikaren Nazioarteko Egunarekin batera, gaztetxoen alardea aterako da kalera. Kasu horretan, txistulariak bai baina saxoa, tronpeta, pianoa, baxua, gitarra eta bateria ere izanen dira. Eurei gustatzen zaizkien taldeen bertsioak izanen dira entzungai: Hesian, Esne Beltza, Zea Mays ...
‘Etorri eta jo’ izenburua jarri diote ekaineko ekimenari, eta horrekin, jendea animatu nahi dute txistua probatzera. Gainera, aurten, txistua ikasteko hautua egiten dutenei, txistua bera doan emanen diete.