Iruñeko Udalak hautaprobak deitu ditu komunitate teknikari lanpostuak betetzeko

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 5a, 09:07

Prestakuntzarako zerbitzuetan edo aldi baterako kontratu bidez aritzeko zerrenda bat osatze aldera. Interesdunek ekainaren 11ra arte aurkez ditzakete eskabideak.

Iruñeko Udalak deialdia egin du bi izangai-zerrenda osatzeko –bat, prestakuntzarako, eta bestea, aldi baterako kontrataziorako– hautaproben bitartez, komunitate teknikari lanpostuan aritze aldera. Lehenengo zerrenda osatzeko, Udalaren eta haren erakunde autonomoen langile finkoak aurkezten ahalko dira, eta bigarrenerako, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak oro. Eskabideak ekainaren 11ra arte aurkez daitezke eta beharrezkoa da 11 euroko tasa ordaintzea, izena emateko eskubidea dela-eta.

Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko izangai zerrenda osatzeko, beharrezkoa da Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, C edo D mailakoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntza-aldia agorturik ez edukitzea. Horrez gain, beren lanpostuan gutxienez hiru urte benetan emanak izan beharko dituzte, ezingo dute egon borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, eta eduki beharko dute unibertsitateko diplomatu, graduatu, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoaren titulua.

Aldi baterako kontratu bidez aritzeko aurkezten direnek nazionalitate, adin eta gaitasun fisiko zein psikikoari buruzko baldintzak bete beharko dituzte, eta ezingo dira egon eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo eginkizun-etenaldian. Halaber, unibertsitateko diplomatu, graduatu, ingeniari tekniko, arkitektura tekniko edo horien titulu baliokidea eduki beharko dute. Aldi baterako kontrataziorako deialdian izangaien merezimenduak baloratuko dira, gehienez ere 30 punturekin. Aintzat hartuko dira antzeko eginkizunetan emandako zerbitzuak, bai administrazio publikoetan bai kanpo-enpresatan emandakoak; zerikusia duten prestakuntza-ekintzetan parte hartu izana; eta euskara eta ingelesaren ezagupena egiaztatua.

Bi deialdietarako bi hautaproba komun

Hautapen-prozesuak bi deialdietarako komunak diren bi hautaproba izango ditu. Lehenengoa proba teorikoa izango da. Izangaiek test erako galderak dituen galdetegi misto bat idatziz erantzun beharko dute, deialdiaren gaitegian zehaztutako gaiei buruz. Gehienez ere 25 puntuko kalifikazioa izango du, eta gutxienez 12,5 puntu lortu beharko dira proba gainditutzat emateko.

Bigarren proba teoriko-praktikoa izango da. Gaitegiko edukiekin loturiko garapen-proba bat edo gehiago egin beharko dituzte. Izangaiek ahoz aurkeztu eta defendatu beharko dute lana Epaimahaiaren aurrean, zehaztuko den datan. Gehieneko kalifikazioa 45 puntu izango da, eta proba gaindituko dute 22,5 puntu lortzen dituztenek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!