Joseba Asiron: “Iruñean, aldaketa oinarri sendoak finkatzen ari da”

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 24a, 16:06

Tokiko hauteskundeen hirugarren urteurrenean, Iruñeko alkate Joseba Asironek nabarmendu du aldaketa politikoaren oinarriak sendotzen ari direla, egunetik egunera. “Gauza guztien gainetik, hirian beste giro bat sortu da, gauzak egiteko beste modu bat dago”. Aurrera begira, 2019ko maiatza arte urte oso bat falta bada ere, EH Bilduk hala nahiko balu, errepikatzeko prest legokeela adierazi du.

Aldaketa ez doa mantso

Hamarkadetan Iruñea gidatzeko modu bakarra zela ematen bazuen ere, UPN eta PSNren artekoa, ezetz argi erakutsi dutela dio: “Bada beste modu bat, modu jator bat gauzak egiteko. Eta hori da aldaketaren ekarpenik onenetakoa”. 

Nahi baino mantsoago ari da ematen aldaketa zenbait arlotan herritar zenbaiten ustez. Baina erregimenak 24 urtean sortutakoa zaila da mugitzen Asironen esanetan. “Erregimenak ezarritako oinarri horiek hiru urtean deuseztatzea ez da zentzuduna, ezinezkoa da. Abiadura baino, aldaketarekin batera etorriko diren oinarriak, finkatzea da xedea”. Aldaketak modu askotan egin daitezkeela ere uste du alkateak. Baina, aldaketa horiek errotuak nahi baditugu izatea, parte hartzaileak, jendearekin eta kolektiboekin adostutakoak … denbora eskatzen du: “Hobe da, sortzen den aldaketa oinarri sendoen gainean sortzea”.

Iruñeko aldaketaren “osasuna” sendo dago

Programaren gaineko akordioa sinatu zuten EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak. “Osasun aldetik sano gabiltza. Gure arteko desberdintasunak somatzen dira, bakoitzak nortasun bat duelako”, adierazi du Asironek. Dena dela, adostasunak daude “muinean” eta desadostasunak “afera zenbaitetan”. Gehienak, puntualak izan dira baina legealdi erdian estrategikoak ere egon zirela aitortu du alkateak: “Zailtasunen gainetik baina jakin genion aurre egiten”.

Horren haritik, azken egunetan Edurne Eginoren “akatsaz” hitz egiten da. Oposizio batzuetako gaitegia filtratu zuen. Hala dio udal idazkariaren txostenak. Eta gaineratu du “falta arina” dela hori. Asironek dio Eginoren akats bat izan zela, despiste bat: “Edurne ezagutzen dut eta ez dut zalantzarik akatsa  baino ez zela izan”.

Mugikortasuna, Salestarrak eta Unzuko hostela

Iruñea Atsegin Egiteko Planak aldaketak ekarri ditu Alde Zaharrera eta haren ingurura. Autoari lehentasuna kendu eta mugitzeko beste modu batzuk sustatzea izan da udalaren xedeetako bat. Oinezkoei, bizikletari eta garraio publikoari lekua eman nahi diote. Oraingoz, metro gutxi egin dira bidegorriz, baina, legealdia amaitzen lotura gehiago izanen dira. “Pio hamabigarrenean egiten den lanarekin Iruñea, ekialdetik mendebaldera bizikletaz zeharkatu ahalko da arazorik gabe. Hori da inportanteena. Ardatz-ziklableak dira bidegorriak baino, eta hori konplexuagoa da. Gorriz margotzea baino edo marra txuri batzuk margotzea baino gehiago da. Kalitatezko ardatzak izanen dira”, adierazi du.

Pio Hamabigarrenean eginen diren aldaketak ere garrantzitsuak izanen dira mugikortasunari dagokionez. “Munduko beste etorbideetan egindakoaren bidetik eginen dugu Pio hamabigarrenaren diseinua ere. Ez da alkatearen bat-bateko burutazioa, ikerketa sakonak eginak daude. Azaroa aldera, obrak amaitzen direnean, guztiok ikusiko dugu egiten ari diren lanak merezi duela”.  

Salestarren orubean luxuzko etxebizitzak eraikitzeko asmoa UPNren nahietako bat izan da. Udalaz Gaindiko Proiektu izan zedin lotuta utzi zituen tramiteak. Orain,  erabakiak Nafarroako Gobernua hartzen ari da, udalak esku hartze gutxi du: “Ondorioak ordaintzen ari gara. Hasierako inpaktua txikitzen saiatzen ari gara, 17 solairutik 14ra behintzat jaistea lortu da. Sky line-a aldatuko da, baina ez horren gogorki. Ez zait proiektua gustatzen. Baina lan egin dugu ondorio horiek txikitzeko. Alkatearen gainetik eginen den proiektua da”, azpimarratu du.

Alde Zaharraren muinean, Unzu saltokiak izan ziren tokian, Hostela eraikitzeko asmoez ere galdetu diogu alkateari: “Ez dut ideiarik Hostela eginen den edo ez. Hostelaren eredua ez da txarra nire ustez. Luxuzko hotel gehiago ekiditeak ez du esan nahi beste ereduak ere mugatu behar ditugunik”, esan du. Unzun egin nahi dutena dela dela, “agian desproportzionala da”. Bideragarritasun proiektuaren zain daudela esan du.

Memoria Historikoarekin konprometitutako udal gobernua dela ere argi utzi dute zenbait ekimenek. Orain, galdera hauxe izan daiteke: Erorien Monumentua, eraitsi edo eutsi? “Ez da hori eztabaida. Ez da bakarrik erorien monumentua. Bihar botako bagenu, zer eginen genuke ikastetxearekin, parrokiarekin, zer eginen genuke eremu horrekin… espropiazioa… ? Galdera horretara iritsi aurretik eztabaidagai asko dago. Memoria arloan, arkitektonikoki eta urbanistikoki. Horiek guztiak erantzun behar dira lehenbizi”, dio. Eremu horren kontakizuna aldatzeko, ez da beharrezkoa eraikina eraistea alkatearen ustez: “Herritarrek euren iritzia ematen ahalko dute Erorien Monumentuez”.

Turismoa oraindik ez da arazo bilakatu Iruñean

Etxebizitza uristikoak mugatzen hasi dira inguruko zenbait hiriburutan. Turismoa masifikazio bilakatu da. “Ikusita gertuko hiriak izatean ari diren arazoa, oraindik Iruñean ez da horrenbestekoa neurriak hartzen ari gara”, izan du gogoan alkateak.

Etxebizitza huts asko ere badaudela gogoan izan du Asironek. Hala, legealdi honetan 110 etxebizitza huts “egokitu” dira eta hala 370 pertsonari eman zaie etxebizitza duin batean bizitzeko aukera.  “Arlo horretan egiten den guztia gutxiegi da dagoen beharra ikusita”, azpimarratu du.  Etxebizitza hutsak dituzten herritarrei, zergak igotzea posiblea ote den galdetu diogu. Ez du batere erraza ikusten aukera hori, eta erabakitzen hasita, nahiagoko luke zergak igotzea baino, alegia, zigortzea baino, pizgarriak emanez eragitea.

Oposizio eraikitzailerik gabe udala

Oposizioaren lanarekin “kezkatuta” dago Asiron. Eraikitzaile izatetik urrun baitago UPN eta PSNren lana. “Segidismoa” egiten ari dira. “PSN UPNren bidea jarraitzen ari da. Penagarria da horretan amaitzea. Bozketetan, %95ean UPNrekin egiten du bat. UPNrena berriz,  etsigarria da. Oposizio eraikitzailerik ez dira egiten ari”, esan du. Mingarri zaionaren artean, euskara erabiltzea tresna jaurtitzaile gisa: “Guztiona den ondarea erabiltzen ari dira politika maltzurra egiteko”.

2016ko sanferminetako bortxaketa

42 egun baino ez dira gelditzen udaletxeko balkoian txupinazoak eztanda egiteko. Eta dagoeneko, txuipinazoa nork botako duen jakiteko gero eta gutxiago falta da. Hautagaien zerrendak aurkeztuak daude eta ekainaren 7tik aurrera iruindarrek erabakitzen ahalko dute hautagairik egokiena zein den.

Atzera begira jarrita, duela bi urteko sanferminak ekarri dizkiogu gogora. 2016ko uztailaren 7an talde bortxaketa izan zen. Epaia ezagutu berri dugu. Abusutzat jo dute epaileek.  “Gizartean egon da garrasi bat adieraziz onartezina dela sententzia. Distantzia handiegia dago judikatura eta gizartearen artean”, esan du. Gai honetan udala zuhurtziaz ari da “biktimari kalte gehiagorik ez eragiteko”. Aldaketaren aldeko udalak hasieratik adierazi dugu “gerra” ezarriko ziola sexu erasoei: “ Iruñea aitzindari da lan horretan”.

Urtebete “oraindik” udal-hauteskundeetarako

Urtebete geratzen da hauteskundeetarako. EH Bilduren hautagaia izanen da Joseba Asiron? “Urtebete falta da oraindik”, esan du. Proiektu asko dago oraindik egiteke. “Egia da, EH Bildun primariak martxan jarri direla,hautagaitzak martxan jartzeko. Nire izena berriro agertzen bada, niretzat pribilegio bat izanen da. Politikarekin zerikusirik ez zuen pertsona bat jarri zuten duela hiru urte, eta oso ongi joan da”. Asironek oraindik indartsu ikusten du bere burua errepikatzeko: “Nire disposizio osoa izanen da”. Eta beste hau ere gogoratu du:” Ez zait nire irakasle lana ahazten, baina, pribilegioa da alkate izatea. Pozik nago egiten ari garen lanarekin”.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!