'Kantu eta Hitza' zikloa beteta: MICE, Don Inorrez, Jabier Muguruza...

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 11a, 07:45
Argazkia: MICE izanen da jotzen lehena, Miren Narbaizaren lan berria, Ander Mujikarekin batea osatu duena.

Euskarazko formatu txikiko ikuskizun horiek ostegunetan izanen dira Erraldoien txokoan, eta sarrera librea da, aurrez gonbidapena hartuta. Zazpi emanaldi izanen dira guztira.

Euskarazko formatu txikiko zazpi kontzertuk osatzen dutekartelaaurtengo Kantu eta Hitza programaren ediziorako, zeina Erraldoien txokoan egingo baita (Descalzos k., 72), maiatzaren 17tik ekainaren 28ra. Oholtza gainean, beren lan edo proposamenak aurkeztuko dituzte honakoek: MICE, Don Inorrez, Jabier Muguruza, Alboka, Mielotxin eta Lauarin dantzariak, Jean Bordaxar eta LUMI. Emanaldiak ostegunetan izanen dira, 20:30ean, eta sarrera librea bada ere gonbidapenak hartu beharko dira aldez aurretik, Erraldoien txokoan bertan, kontzertua hasi eta ordubete lehenagotik. 

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Udaleko euskara-koordinatzaile Iñaki Azkonak eta Jabier Muguruza musikariak gaur goizean aurkeztu dute 2018ko Kantu eta Hitza, urteko bigarren hiruhilekoko kultur-agendan finkatuta dagoen zikloa, zeinak aurkezten baitizkigu egun euskaraz lantzen diren musika-estilo askotarikoak: folka, doinu tradizionalak, musika elektronikoa eta rocka, adibidez. Iaz, 1.000tik gora lagun bertaratu ziren Iruñeko Udalak antolatu zituen formatu txikiko zazpi kontzertuetara.

Programari hasiera emango dio MICEk, Miren Narbaiza eibartarrak Ander Mujikarekin batera Napoka Iria taldean zenbait urteko ibilbide artistikoaren ondotik mamitu duen proiektu berriak. Bere lehen lana aurkeztuko du, maiatzaren 17an, ostegunarekin: Buelteri eusten. Joseba Baleztena beratarrak ekoitzi du, eta zortzi kantaz osatuta dago, zeinetan islatzen baita atmosfera ilun, distortsio eta denbora sotiletan oinarritutako musika-nortasun bat, erritmo eta bizitasun handiagoko uneekin uztartzen dena, oso ahots bereizgarri baten gidaritzapean.

Jabier Muguruza eta Imanol Ubedaren proiektu berriak

Kantu eta Hitzako bigarren emanaldia maiatzaren 24an izango da, ostegunarekin. Don Inorrez pseudonimoarekin, Imanol Ubeda abeslari eta gitarra-jotzaileak Mugiro bila bere lehen bakarkako laneko kantak joko ditu. Bere talde izandako Bide Ertzeanen esentzia gordetzen du, baina batez ere nagusitzen da Imanol Ubedak eta Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) osatutako Peiremans+ bigarren bandaren power popa. Letrak propioak zein hirugarrenek sortuak dira, zirikatzaileak eta kritikoak, eta soinu zikin baina argi batek laguntzen ditu.

Maiatzari agur esateko, hilaren 31n, ostegunarekin, Jabier Muguruzak bere azken lana aurkeztuko du, Leiho bat zabalik, kantautore gisa kaleratzen duen hamabosgarren diskoa, non oinarri akustikoa alde batera utzi eta Ander Mujikaren gitarra elektrikoak eta Carasueño estudioko giro elektronikoak hartu baititu bidelagun. Bere nortasun eta estiloari eutsiz (estilo literarioa dela esan liteke, non bat egiten baitute jazz ukituek eta testu poetikoek), Muguruzak soinu-paisaia berri batera eraman nahi ditu entzuleak, melodia dotore, tempo lasai eta hitz intimisten bitartez.

Folka Alboka, Mielotxin eta Lauarin dantzariekin

Euskal folkean antzinakoenetakoa den Alboka taldeak emango die hasiera ekaineko saioei, eta hilaren 7an aurkeztuko du argitaratutako azken diskoa: Lurra, ur, haize. Taldea, zeinaren buru Joxan Goikoetxea baita, 1994an sortu zen, musika tradizionala era instrumentalean soilik interpretatzeko asmoz, gitarra, mandolina, akordeoi, alboka eta txistuen soinuak euskal kantutegiko kantekin uztartuz; izugarrizko berritasuna duela 25 urteko euskal folkaren panoraman. Bost lan argitaratu ditu, eta azkenengoan –17 kantaz osatua–, dantza zein erromantze tradizionalak tartekatzen dira Amets Arzallus, Xabi Paya eta Harkaitz Cano idazleen testuak biltzen dituzten konposizio berriekin.

Mielotxin eta Lauarin dantzariak izango dira protagonista ekainaren 14ko ikuskizunean. Alan Lomax in memoriam da Mielotxinen laugarren lanaren izenburua, eta abiapuntu hartzen du etnomusikologo iparamerikar horrek 1952an Nafarroako hainbat herritan bildutako kanta eta melodiekin egindako ikerlana. Folk melodietako 12 pieza dira, gaztelaniaz eta euskaraz, konposizio propioak batzuk eta euskal musika tradizionalaren kanten moldaketak beste batzuk, eta indar handiko ikuskizun batean taularatuko dituzte, Lauarin dantzarien presentziak eta dantzek lagunduta.

Zuberoako musika tradizionala eta Lapurdiko soinu berriak

Jean Bordaxar abeslari, dantzari eta aktore zuberotarrak euskal kanta herrikoiak interpretatzeko modu berri bat bultzatu du, tradizioaren eta modernitatearen arteko zubi bat eratuz. Ekainaren 21ean, bere taldeak herriei eta bertako herritarrei buruz hitz egiten duten kantuak interpretatuko ditu, a cappella kantatuta, Pirinioetako kantuak bere-berea duen estiloan. Bordaxarren ibilbidea ez da makala, ez; argitaratu dituen bi diskoez gain, bi pastoral idatzi ditu, eta gaur egun buru belarri dabil Belako zaldüna pastorala idazten, udan Maulen antzeztuko dena.

Kantu eta Hitza ekainaren 28an amaituko da, Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako LUMI bikote lapurtarraren kontzertuarekin. 2014az geroztik, folk musikan eta musika elektronikoan egindako bideak batu eta soinu elektronikoarekin jantzi dituzte euskarazko kantuak. Aurten beren lehen LPa argitaratzear daudela, kontzertuan aurkeztuko dituzte, hain zuzen ere, disko hori osatuko duten kantak. Beren melankolia singularra eta oinarri elektroniko sotil zein riff frenetikoetatik sortutako melodia irrealen atmosfera originalak; horra zerk egiten duen LUMI bereizgarri.

Kantu eta Hitza 2018. Formatu txikiko kontzertuak euskaraz

  • Maiatzak 17, osteguna. 20:30

MICE
Buelteri eusten

  • Maiatzak 24, osteguna. 20:30

Don Inorrez
Mugiro Bila

  • Maiatzak 31, osteguna. 20:30

Jabier Muguruza
Leiho bat zabalik

  • Ekainak 7, osteguna. 20:30

Alboka
Lurra, ur, haize

  • Ekainak 14, osteguna. 20:30

Mielotxin + Lauarin dantzariak
Alan Lomax in memoriam

  • Ekainak 21, osteguna. 20:30

Jean Bordaxar
Lau xiberotar kantan ari

  • Ekainak 28, osteguna. 20:30

LUMI
Mintzo ilunak

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!