Ostiral honetan irekiko ditu ateak Goiener kooperatibaren Iruñeko egoitza berriak

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 9a, 21:50
Goiener-eko egoitza Kale Berriaren 111an.

Kooperatiba hau energia berriztagarriak bultzatu eta gaur egungo eredu energetikoa aldatzeko asmoarekin sortu zen orain dela sei urte. Gaur egun ia 8.500 bazkide ditu.

Euskal Herri osoan, eten gabe goraka doa Goienerreko bazkideen kopurua, Maria Arretxe, Goienerreko teknikariak adierazi digun bezala. Berak ere azaldu digu zer nolako zerbitzuak eskaintzen dizkioten beren bazkideei elektrizitatea erosteko bestelako eredu energetikoak bultzatuz.

 

 

Kooperatiba

Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa. GoiEner-en xedea hiritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea da, honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.

GoiEner-ek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du egun sektore elektrikoan liberalizatuta dauden esparruetan sartuz: merkaturatzea (energia erosketa) eta sorkuntza.

Garraioa (REEren eskuetan diren goi-tentsioko azpiegiturak) eta banaketa (tentsio ertain eta behe-tentsioko azpiegiturak, konpainia handien kontrolpean direnak) oraindik erregulatuak daude.

Mozkin asmorik gabeko kooperatiba izanik, elektrizitate berdea merkaturatuz lorturiko etekinak kooperatibara itzuliko dira berriz, eta bazkideek erabakiko dute batzarretan zertara bideratu diru horiek.

Era berean, bazkideek sorkuntza berriztagarriko egitasmoetan inbertitu ahal izango dute, kooperatibak berak kontsumituko lukeelarik ekoizpen hori.

Azken helburua kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.

Erlazionatuak

Maria Arretxe, Goiener

Euskalerria Irratia 2018 mai 07 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!