Udalak akordio bitartez kontratatuko du kultur programazioarako agertokiak eta karpak

Euskalerria Irratia 2018ko maiatzaren 9a

Udalak enpresa hornitzaileak hautatuko ditu. Modu horretan, kontratazioak azkarrago eta modu eraginkorragoan eginen dituzte.

Iruñeko Udalak esparru-akordio baten bidez hautatuko ditu Iruñeko kultur programazioari begira agertokiak eta karpak hornitzen dituzten enpresak, modu horretan kontratazioak azkarrago egiteko, eta modu eraginkorragoan. Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak baldintza-agiriak onetsi ditu, eta horrekin batera hasiko dira esparru-akordioa garatzen, Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu den prozedura irekiaren bitartez. Hori horrela, Udalak enpresa hornitzaileak hautatuko ditu.

Esparru-akordio honen bidez estaliko dira Udalak Kultura eta Hezkuntzako Alorraren bidez gauzatzen dituen kultur programazioen azpiegitura-beharrak, izan programazio horiek Udalarenak edo beste erakunde batzuekin elkarlanean egindakoak, eta balioko du, baita ere, beste udal-alorretan gerta daitezkeen beharrak asetzeko. Behar horiek barne hartzen dituzte azpiegituren hornidura, garraioa, muntaia eta desmuntaia, eta lau sortatan banatzen dira.

Lehenengo sortak estalkirik gabeko agertokiak hartzen ditu barne; bigarrenak, agertoki estalkidunak; hirugarrenak, aulkiak; eta laugarrenak, karpak. Baldintza teknikoen agiriak sorta bakoitzaren ezaugarriak xehatzen ditu. Zerbitzuaren txostenean jasotakoarekin bat, sorta bakoitzaren tarifak ezartzerako orduan funtsezko bi irizpide hartu dira kontuan: aurretik egindako azpiegitura-kontratazioetako esperientzia eta hornitzaileek beraiek emandako tarifak. Hori abiapuntu hartuta, prezioen batezbestekoak kalkulatu dira. Kontratuaren zenbatekoa, guztira, 121.000 euro da, BEZa barne.

Esparru-akordioak urtebeteko indarraldia izango du, hautaketa-akordioa egin eta hortik aitzina, eta urtebeteko luzapen bakarra izan ahalko du. Lizitazio honetan lehiatzeko interesa dutenek maiatzaren 22a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskaintzak. Azpiegitura-beharra gertatzen den bakoitzean, sorta bakoitzerako hautatu diren enpresei eskatuko zaie aurrekontua; enpresek ezingo dituzte azpiegiturak eskaini lizitazioan aurkeztutako prezioen gainetik, ezertan galarazi gabe prezioak baxuagoak izatea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!