Isabel Villanueva biola-jotzaile iruindarrari harrera egin dio Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 9a, 08:06

François Dumont piano-jotzaile frantsesarekin grabatutakoa Bohèmes lanarengatik irabazi du Musika Independenteko sarietan Musika Klasikoko Urteko Diskorik Onenaren saria.

Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Udalbatzako kideek parte hartu dute Udalak Isabel Villanueva biola-jotzaileari gaur goizean egin dion harrera-ekitaldian. Iruñeko musikariak joan den martxoan eskuratu zuen Musika Klasikoko Urteko Diskorik Onenari emandako saria, Madrilen egindako Musika Independenteko MIN sarietako galan.

Villanuevak Bohèmes lanagatik eskuratu du sari hori, François Dumont piano-jotzaile frantsesarekin eta IMMSTAGE disko-zigiluarekin grabatutako diskoari esker, hain zuzen. Bere aurreneko lana izateaz gain, sari hori jaso duen biolako lehenbiziko lana da, eta horri esker, ateak irekiko zaizkio bere grinari heltzeko, hots, biolari bultzada emateko, instrumentu bakarlari gisa. Harreran, alkateak Udaletxeko fatxadaren serigrafia eman dio, eta Villanuevak, berriz, Bohèmes lan sariduna oparitu dio Udalari.

Isabel Villanueva Iruñean jaio zen 1988an, eta I. Sulyga, Y. Bashmet, L. Power eta N. Imairen eskutik prestatu zen Sienako Accademia Musicale Chigiana delakoan, Londreseko Royal College of Music kontserbatorioan eta Genevako Haute École de Musique izeneko eskolan. Isabel Villanuevak Enrico Catenar motako biola jotzen du (Turin, 1670). Nazioarteko biola-lehiaketetan irabazle izan da, esaterako, honako hauetan: San Petersburgoko Mravinsky Competition, Txekiar Errepublikako Beethoven Competition eta Moskuko Yuri Bashmet Competition. 2014. urtean, Genevako Prix Albert Lullin saria jaso zuen, urtean gehien gailendu den instrumentistari emandakoa. 2015ean, Villanuevak Espainia Marka aitortza instituzionala jaso zuen, eta Clear Channelek Espainiako talentuaren munduko enbaxadore izendatu zuen. Gizateriaren aldeko kausatan engaiatuta dago, eta Suitzako Prim’Enfance fundazioaren enbaxadore kulturala da.

Sarritan, biolako masterclassak emateko gonbidatzen dute, besteak beste, hauek: Londreseko Royal College of Music, Bath Music University, Conservatoire Superieur de Musique du Liban, Tehran University of Arts and Music, Orquesta Joven de Andalucía, Guangzhouko International Pacific Youth Orchestra eta Espainiako hainbat kontserbatorio. 2018-2019ko denboraldian bakarlari gisa debuta egingo du, honako hauekin batera: Kordobako Orkestra, Galiziako Real Filharmonía, Oviedo Filarmonía eta Washingtoneko Orpheus Chamber Orchestra.

Aste honetan bertan, maiatzaren 10ean eta 11n, François Dumontekin batera joko du Les Musicales du Luberon jaialdian, Frantziako Ménerbes eta Ardèche hirietan, eta emanaldi horretan Bach, Schubert, Berlioz eta Manuel de Fallaren obrak joko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!