Hezkuntzako 'Irakur dezagun!' programaren kontratua lizitatu du udalak

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 8a, 08:55

9.000tik gora ikaslek literatura idazleen eskutik eta narrazio programen bitartez landuko dituzte zenbait ikasgai datorren ikasturtean, Irakur dezagun! udal-programari esker.

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 9.000tik gora ikaslek Irakur dezagun! programan parte hartuko dute datorren ikasturtean ere, haien literatura-ezagupenak hobetu eta irakurtzeko aztura sendotze aldera. Iruñeko Udalak egiten duen apustu honen asmoa da hiriko ikastetxe publiko eta itunduek topaketak egitea idazleekin eta ahozko narrazioei buruzko programak txertatzea, eta, baita ere, aholkuak ematea ikastetxeetako irakasleei. Ekimena duela 22 urte abiatu zen, eta Udalak jarraipena eman nahi dio datorren ikasturtean, antolaketa-kontratu berri baten bitartez

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak kontratuaren lizitazioa onetsi du, eta 66.093,50 euroko aurrekontua izango du 2018-2019ko ikasturterako. Programa hiriko 71 ikastetxe publiko eta itunduei eskaintzen zaie. Hori horrela, 203 saio aurreikusi dira, guztira, idazleekin topaketak egiteko edo ahozko narrazioak lantzeko, eta 71, irakasleei aholkuak emateko, ikasturtean zehar, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxe publiko eta itunduetan, Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxeetan, hezkuntza bereziko bietan eta helduen prestakuntzarako beste bietan. Ikasturte honetan, 8.973 ikasle eta 68 ikastetxetako irakasleak ari dira programan parte hartzen.

Lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, eta horrekin bat hasiko da eskaintzak aurkezteko 18 eguneko epea. Programarako hautagaitzak baloratze aldera, honako hauek aintzat hartuko dira: aurreikusitako lan-plangintza (50 puntu bitarte), eskaintza ekonomikoa (45 puntu bitarte) eta proposatzen diren hobekuntzak (5 puntu bitarte).

Irakurzaletasuna sustatzea

Irakur dezagun! programak hiru jarduera-mota ditu: ahozko narrazioei buruzko saioak, non munduko hainbat herrialdetako herri-ipuin adierazgarriak lantzen baitira; topaketak haur-literaturaren arloko idazleekin; eta mintegiak irakasleendako, irakasleei laguntzeko irakurketa curriculumean txertatzen, eduki gisa.

Ikasleekin egiten diren jarduerak irakasleek hautatzen dituzte, proposatzen zaien idazle-zerrenda batetik. Topaketen kasuan, helburua da ikasleek ezagutzea eskoletan lantzen dituzten liburuen idazleak, horrela gertuko harreman bat ezarrita idazleen eta irakurleen artean; narrazioen inguruko jardueren kasuan, ordea, asmoa da ahozko transmisioaren lengoaia entzuten eta balioesten ikastea, baita intonazioa, keinu-hizkuntza, argumentua eta sekuentziak ere.

Irakasleekin egiten diren bileretan, haur eta gazteendako bildumetan argitaratutako liburuen genero eta estiloak aztertzen dira, nobedadeak aurkezten dira, ikastetxearen helburuetara hobekien egokitzen diren protagonistak bilatzen dira saio bakoitzerako, eta Hizkuntza eta Literatura irakasgaiko curriculum-helburuak betetzeko lagungarri diren metodologiak iradokitzen dira.

Iruñeko Udalak 1996an abiatu zuen irakurzaletasuna sustatzeko programa, eta 1997-1998ko ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei ere zuzenduta dago. Hona ekimenaren helburuak: irakurzaletasuna sustatzea eta harekiko jarrera positiboak bultzatzea, betiere iritziak elkartrukatzeari bidea emanez; hainbat baliabide ikastetxeen eskura jartzea, haien Hizkuntza eta Literatura arloko programazioak osa ditzaten; haurrak akuilatzea, irakurzaletasuna abentura gisara bizi dezaten, eta sustatzea ahozko narrazioa kultur adierazpentzat eta balioak elkarri transmititzeko funtsezko tresnatzat balioetsi dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!