"LGTBIQ pertsonen errealitateari ikusaraztea eta eztabaida publikoa eta pribatua sustatzea". Horiek dira Zinegoak gaylesbotrans zinema jaialdiaren helburuak. Gaur, bihar eta ostegunean izanen dira proiekzioak, doan, aldez aurretik gonbidapena hartuta, 19:30ean.
"Zinegoak Hedapena Nafarroara ekartzearekin batera, Iruñeko Udalak bilatzen du ekintzak eta aliantzak sortzea arlo politikoan, kultur arloan, gizartearen zein ekonomiaren arloan eta arlo juridikoan, sexu- zein genero-aniztasunaren eskubideei balioa emateko eta horiek errespetatzeko asmoarekin. Beste helburuetako bat da LGTBIQ pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko sentsibilizazio-jarduerak proposatu zein gauzatzea, eta kolektibo horien auto-adierazpena eta autonomia sustatzea. Halaber, bilatzen du sexu- zein genero-orientazioa dela medio jasandako diskriminazioak, bidegabekeriak eta gehiegikeriak murriztu eta deuseztatzea", adierazi dute Iruñeko Udaletik.
Obrak, banan-banan
Martxoaren 19an, astelehenarekin, Nadie nos mira film luzea proiektatuko da, eta Pau Guillén Zinegoak jaialdiko zuzendariak aurkeztuko du. Julia Solomonoffen drama bat da, Argentinan, Espainian, Kolonbian, Brasilen eta Estatu Batuetan filmatua, 2017an. Merezi al du dena uztea gure buruarekin zintzo izateko? Zalantza horri buruzko hausnarketa egiten du filmak.
Martxoaren 21ean, asteazkenarekin, Myriam Fougèreren Feminista (Kanada, 2017) proiektatuko da, road movie feminista bat, zeina jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango baita -portuges, frantses, italiera, ingeles eta gaztelaniaz-, gaztelaniazko azpitituluekin. Feminismo globalaren bihotzerako bidaia da. Gazte aktibista talde batek karabana batean egindako ibilbidea kontatzen du, Europako hogei herrialdetan barna, Turkiatik hasi eta Portugaleraino, Balkanak, Italia eta Espainiatik igarota. Emakumeen Mundu Martxak egingo du filmaren aurkezpena.
Zinegoak Hedapenari buru emateko, martxoaren 22an, film labur sorta hautatu bat ikusi ahal izango da. Transkolorek eginen du aurkezpena.