Heldu den larunbatean, martxoaren 17an, Iruñeko Udalak aukera emango die herritarrei ingurumen arloko boluntario-lanetan aritzeko: haritz- eta arte-ezkurrak ereingo dira Ezkaba mendiko jabetza publikoko lursailetan, baso-masa leheneratzeko. Jardunaldian parte hartzeko gonbita egin zaie ingurumenaren aldeko kolektiboei, gizarte- zein kirol-erakundeei eta herritarrei, oro har.
Ereite-lana ez da asmo bakarra, eta jardunaldia baliatu nahi da, baita ere, hiritik gertu dauden baso-ekosistemen garrantziaren inguruan kontzientziazio-lana egiteko; izan ere, izugarrizko balioa dute biodibertsitateari dagokionez, aisialdirako gune eta hiriaren landare-hauspo dira, eta kutsatzaile ugari xurgatzen dituzte, CO2-a tartean, berotze globalaren arduradun nagusia. Ezkaba mendian ezkurrak ereiteko egingo den bigarren saioa izango da, lehenbizikoa 2017ko abenduan egin baitzen.
Hitzordua 10:00etan da, Txantrean, psikiatrikoaren atzealdeko zaldainean. Hautatuko tokira igo ostean, bertako ekosistemaren inguruko azalpen laburra emango da, eta izan duen bilakaeraren ingurukoa. Ondoren, parte-hartzaileek 1.000 haritz- eta arte-ezkur inguru landatuko dituzte, iazko udazkenean boluntarioek ere bildutakoak. Jarduera aproposa da familiartean zein lagunartean egiteko, eta ez da aurrez izena eman behar. Jakina, parte-hartzaileei gomendatzen zaie mendian ibiltzeko arropa erosoa janztea eta hamaiketakoa eramatea.
Pinutik haritzera eta pinu-hostotzatik arkakaratsera
Iruñeko baso-eremuak larreek (193.500 m2) eta pinu-sailek (227.000 m2) osatzen dituzte nagusiki. Alabaina, Iruñerriko baso autoktonoaren osagai nagusiak haritzak eta arteak dira, biak ala biak ezkurrak sakabanatzearen bitartez ugaritzen diren espezieak. Txangoan parte hartzen dutenek ingurunean eragin ahalko dute, modu mesedegarrian eragin ere.
Zuhaitz-masaren konposizioan aldaketa eragiteko beharrezkoa da bertako espezieen presentzia indartzeko jarduketak egitea –hala zuhaitzena nola zuhaixkena–, kasu honetan arkakaratsa, basarana eta elorri zuria berreskuratzekoak. Hori lortu ahala, pixkaka-pixkaka egingo lukete gora biodibertsitatearen adierazleek, eta sute-arriskua murriztuko litzateke, alde batetik, erretxina sukoi askoak dituzten pinuen kopurua murrizten delako, eta bestetik, zuhaitzen dentsitatea murrizteak berekin dakarrelako sugarrak motelago zabaltzea suteak gertatzen direnean.
Esku-hartzearen xede diren pinu-sailak duela 40 bat urte landatu ziren, eta orduz geroztik baso-tratamendu eskasa izan dute, nahiz eta, 2012tik 2014ra, Lantegi Eskoletako ikasleen gizarte-ekintzari esker, pinudi-masaren zati bat garbitu zen (Pinus nigra), eguzkiaren argiari bide emateko eta ondorioz, bertako zuhaitzak modu naturalean haztea laguntzeko. Hura izan zen Udalak basoak kudeatzeko lanak egiten zituen lehenengo aldia, eta Iruñeko mugartean dauden Udalaren hiru baso-lursailetan soilik egin zen esku hartzea, hots, gutxi gorabehera 15 hektareako azalera batean.
Hiri Basoa proiektuaren bitartez naturalizazio-prozesu horretan urratsak ematen jarraitu nahi du Iruñeko Udalak, betiere Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Departamentuarekin eta ingurumenaren defentsa eta horren dibulgazioa sustatzen dituzten erakundeekin batera.