1978ko sanferminetako gertakariei buruzko txostena eginen du aditu talde batek

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 12a, 08:37

Batzordea eratzea 2017ko azaroko Osoko Bilkuran onetsi zen, eta Iruñeko Udalak NUPi agindu dio lan hori.

Arlo akademikoan, juridikoan, eta memoria historikoaren arloan prestigio handia duten zazpi adituk osatutako batzordeak egingo du 78ko sanferminetan eman ziren giza eskubideen urraketak zehazteko txostena. Iruñeko Udalak Nafarroako Unibertsitate Publikoari agindu dio batzordea sortzea, eta testigantzak eta dokumentazioa jasoo beharko ditu, duela 40 urte, festa horietan izandako gertakarien inguruan, zeinetanGermán Rodríguez gaztea hil baitzen Polizia Armatuaren tiro baten ondorioz.

Iruñeko alkate Joseba Asironek, Gerra Zibilaren eta frankismoaren garaiko Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentaleko zuzendari Emilio Majuelok, eta Giza Eskubideen aldeko Espainiako Elkarteko presidente ohi eta abokatu Jacinto Larak prentsaurrekoan aurkeztu dute ekimena, zeina iazko azaroko Osoko Bilkuran onetsi baitzen. Batzordeak “Egia, justizia eta ordaina” printzipioetan oinarritutako prozesua gauzatuko du, eta 78ko sanferminetan gertatutakoari buruzko ikerketan bildutako material guztia Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentalean gordeko da.

Txostena behar bezala oinarritzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa-lanak egingo ditu gertakari horietan pairatutako giza eskubideen urraketei buruzko informazioa jasotzeko, eta informazio horiek non jasota egon eta iturri horiekin artxibo eta dokumentu-funtsen zerrenda bat osatuko du. Ikerketa-taldeak batzorde zientifiko baten babesa du, NUPeko irakasle historialariek osatua, baita zazpi adituk osatutako batzordearena ere, zeinek halako txosten batek eskatzen duen zehaztasun zientifikoa bermatuko baitute. Izan ere, jarrera instituzionala markatzeko agiri formala bihurtzeko asmoa du.

Zazpi adituen profila

Honako hauek osatuko dute adituen batzordea: Jacinto Lara, abokatua, Ceaquako kide (Frankismoaren krimenen kontrako kereila argentinarraren aldeko estatuko koordinakundea) eta Giza Eskubideen aldeko Espainiako Elkarteko presidente ohia; Pedro Ibarra Güel, abokatu laboralista eta ordena publikokoa Trantsizioan, Politika Zientzietako katedratiko ohia Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU-UPV); Amaia Kowasch Velasco, gizarte-langilea, generoan aditua, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta Nafarroako memoria historikoari buruzko ikerlaria (Ezkaba); Pepe Uruñuela Nájera, abokatu laboralista eta zuzenbide penalean aditua, eta aholkularia hainbat gizarte- zein herri-ekimenetan; Begoña Zabala González, abokatua, Nafarroako Gobernuko letradu ohia, eta Emakumeen Eskubideei buruzko Nazioarteko Auzitegiko (Bilbo, 2013) parte-hartzailea; Nerea Pérez Ibarrola, historialaria eta Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentaleko kidea (NUP); eta Josu Chueca Intxusta, historialaria, EHUko irakaslea eta memoria historikoaren arloko ikertzailea.

1978ko uztailaren 8an, Iruñeko zezen-plazan presoendako amnistia eta askatasuna aldarrikatzen zituen pankarta bat zabaldu ostean, tokia zaintzen ari ziren Polizia Armatuko 200 kideetatik berrogei inguruk plazan bertan esku hartu zuten istiluen kontrako materiala baliatuta, eta ondorioz 150 lagunetik gora zauritu ziren. Beranduago, Germán Rodríguez gazte iruindarrak tiro bat jaso zuen kopetan, Polizia Armatuak jaurtia, eta hil egin zen. Esku-hartze horrek greba orokorra eragin zuen Nafarroan, eta Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako gainontzeko herrietatik hedatu ziren protestak. Gertakari horiek inoiz ez ziren epaitu, eta gaur egun ez da ezagutzen nork egin zuen tiro, ezta zein arma mota erabili zen ere.

Osoko Bilkuraren akordioa joan den azaroan

2017ko azaroaren 2an, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak onetsi zuen arlo akademikoan, juridikoan, eta memoria historikoaren arloan prestigio handia duten adituek osatutako batzorde bat abiatzea, “Egia, justizia eta ordaina” printzipioetan oinarritutako prozesu bat gauzatu zezan, 1978ko sanferminetan Iruñean izandako gertakarien inguruan. Akordioak 13 boto izan zituen alde, 13 kontra, eta abstentzio bat. Hortaz, alkateak Osoko Bilkurako presidente gisa duen kalitatezko botoarekin onetsi zen.

Akordio horren bidez Udalak txosten bat egingo zuen batzorde bat sortzeko konpromisoa hartzen zuen, zeinak 1978ko sanferminetan gertatutako giza eskubideen urraketak eta horietatik eratorritako ardurak zehaztuko baitzituen. Onetsitako akordioan Sanfermines 78: Gogoan! herri-ekimenari babesa ematea jasotzen da, zezen-plazako inguruetan gertakari haiek gogora ekartzeko monumentu bat kokatu dezan, ez daitezen errepikatu; eta 2018ko sanferminen aurretik ekitaldi ofizial bat antolatzea gertakari horietako biktima guztiak omentzeko eta gogora ekartzeko, eta nolabait hiriarentzako berarentzako kalte-ordain gisa ere.

Gerra Zibilean eta frankismoan errepresaliatutako 14.000 lagun baino gehiagoren datuak

Gerra Zibilaren eta frankismoaren garaiko Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentala (1936-1975) 2009an sortu zen, Nafarroako Parlamentuak eskaturik. 2011n garatzen hasi zen, Emilio Majuelo Gilek zuzendua, Nafarroan jasandako errepresioa ikertzeko, 1936ko uztaileko estatu-kolpetik hasi eta Francisco Francoren heriotzara arte, 1975ean.

2012ko erdialdetik gaur eguneraino proiektuaren jardueraren ardatza informazio- eta agiri-bilketa izan da, hainbat iturri baliatuta: Nafarroako Artxibo Nagusia, Iruñeko Erregistro Zibileko Agiritegia, Nafarroako Komandantzia Militarraren Artxiboa, Iruñeko probintzia-espetxeko artxiboa eta Iruñeko zein Tuterako Udaletako udal-agiritegiak. Beste agiritegi batzuetan bildutakoa ere aztertzen ari da, hala nola Guadalajarako Artxibo Militar Nagusia, Pirinioetako Artxibo Militar Intermedioa, Salamancako Memoria Historikoari buruzko Zentro Dokumentala, eta Administrazioko Agiritegi Nagusia, besteak beste. Baita ere, elkarrizketa zein ahozko testigantzak digitalizatu eta sistematizatzen ari da. Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentalak, gaur egun, 14.476 lagunen datuak dauzka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!