'Arnastu. Ke gutxiago, trafiko gutxiago... arnasgune gehiago', kanpaina martxan

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 12a, 08:16
Itziar Gomez zinegotzia eta Artura Ferrer saileko zuzendaria.

Atsegin egiteko Planean eginen diren hobekuntzen inguruko komunikazio-kanpaina herritar ororengana iritsiko da hainbat bideren bidez: webgunea, kartelak, bideoak, aldizkaria, sare sozialak, irratia eta prentsa.

Erdialdea atsegin egiteko Planean egingo diren hobekuntzen berri emateko komunikazio-kanpaina bat abiatu du Iruñeko Udalak, herritar guztiek neurri horien berri izan dezaten, hainbat bideren bitartez: sare sozialak, informazio-aldizkari bat, bideo bat, iragarkiak komunikabideetan, webgune bat, bannerrak beste webgune batzuetan, eta kartelak kanpo-euskarrietan, mupiak eta markesinak, adibidez. Respira-Arnastu. Ke gutxiago, zarata gutxiago, trafiko gutxiago... arnasgune gehiago lelopean, apirilaren 3ra bitarte iraungo du, erdialdea nola berrantolatuko den azaltzeko, betiere hiri irisgarri, seguru eta jasangarriagoa lortzeko asmo horretan. Xehetasun guztiak gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu dituzte Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek eta Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako Alorreko zuzendari Arturo Ferrerek. Kanpainarendako aurreikusitako aurrekontuak 45.000 euro jotzen du, eta kanpaina hedatzeko hainbat elkarteren laguntza izango da: merkatarien elkarteena, auzo-elkarteena, ostalaritza-sektorearena eta Alde Zaharrean eta I. Zabalgunean kokatutako ikastetxeena.

Horrela hamar hobekuntza-neurri eta hiru neurri osagarrien berri emango da, zeinak aurreko astean aurkeztu baitziren, Erdialdea atsegin egiteko Plana abiatu eta sei hilabete igaro zirenean. Neurriek, funtsean, Alde Zaharrera sartzeko baimenak eskatzeko tramiteak erraztu eta sinplifikatu nahi dituzte, erdialdera sartzea errazten jarraitu nahi dute, eta zenbait ibilbide berrikusi. Hori horrela, Planaren lehenengo fasea amaitutzat jo da, eta laster abiatuko da bigarren etapa, maiatzean hastea aurreikusi diren lanen kronogramaren berri ematearekin batera.

Garraiobide jasangarriak aire hobea arnasteko

Komunikazio-kanpainak komunikazioko bi plano ditu oinarri. Plano horietako bat informatiboa besterik ez da, eta bestea, emozionala, islatzen duena Plana hiria aldatzeko prozesu progresiboa eta adostua dela, hiri-eredu bidezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko, non pertsonak diren ardatz nagusia. Hiru osagai nagusi izango ditu: kanpo-euskarriak, informazio-aldizkari bat eta bideo bat. Horiei gehituko zaizkie prentsako zein irratiko iragarkiak eta kanpainaren hedapena sare sozialen bidez.

Ekimen honen bitartez erakutsi nahi da hiria hiri-garapen eredu berri baterako bidea egitean ari dela, halako hiri-eredu baterantz non bizi-kalitatea lotzen baita mugikortasun-aztura jasangarriagoak ardatz dituen aldaketa progresiboarekin. Helarazi nahi den bigarren ideiak erdialdeko hirigunearen kalitatea hobetzeko beharra azpimarratu nahi du, betiere hiriaren funtzio anitzetan eta pertsonengan pentsatuta: bizilagunak, bisitariak, merkatariak, kontsumitzaileak, etab. Azkenik aldaketa klimatikoaren kontrako borroka piztu nahi da, hala bizi-kalitateari nola osasun publikoari dagokienez: zirkulazioa % 50ean murrizteak berekin dakar zarata eta ke gutxiago egotea eta airearen zein bizitzaren kalitate hobea, eta alderdi onuragarri horiek biltzen ditu, hain zuzen, Respira-Arnastu leloak.

Nola iritsi erdialdera?

16 orrialdeko informazio-aldizkari elebidunak Nola iritsi erdialdera? galderari erantzuten dio. Hiriko zenbait guneetatik erdialdera joateko zenbat denbora behar den jasotzen du, adibidez, Marcelo Celayeta etorbidetik, 12 minutu; Milagrosako eraikin adimendunetatik, 17; Iturramako López pilotalekutik, 18; eta Txantreako Ezkaba plazatik, 25. Bizikletaren erabilera bultzatzeko zenbait ibilbide gomendatzen dira, erdialdeko aparkalekuen berri ematen da, eta gogorarazten da bizikletek galtzadatik joan behar dutela, eta ez espaloitik. Garraiobide jasangarriekin jarraitzeko, plano bat dauka, non hiri-busen lineak eta erdialdetik gertuen dauden geralekuak agertzen baitira eta non azaltzen baita lotura-villavesaren doako zerbitzua Trinitariosko doako aparkalekutik hiriko erdialdera joateko, aparkalekuaren ondotik pasatzen diren hiru lineen bitartez.

Informazioa osatzeko, beste hauen berri ematen da: jendea utzi eta jasotzeko 4 geralekuak, erdialdetik gertuen dauden aparkalekuak, merkataritza-ordutegian txandaka aparkatzeko eremu gorriko tokiak non egongo diren, erdialdera sartzea nola kudeatu Tok-tok aplikazioaren bidez (Alde Zaharrera sartzea 40 segundotan kudeatzen ahalko da mugikorraren bitartez), www.plandeamabilizacion.com webgunearen bidez, 010 edo 948420100 Herritarrendako Arreta Bulegoaren bidez eta aurrez aurreko arreta bulegoan, Iratxeko Monasterioaren kaleko 2an. Aldizkaria 80.000 etxebizitzatako postontzietan banatuko da, udal-eraikinetan (Udaletxea, Kondestablearen jauregia, Civivoxak, informazio-bulegoak, erregistroak, etab), saltokietan, ostalaritza-establezimenduetan, ikastetxeetan, bai eta beste entitate publiko zein pribatuen bidez ere.

25 markesina, 30 mupi, bost irrati-kate, prentsa, Facebook eta Twitter

Kanpoko euskarriei dagokienez, kanpainaren irudia kokatuko da, 3 astez, hiri-autobusetako linea ezberdinek ukitzen dituzten 25 markesinatan eta 30 mupitan (hiriko auzo guztietako espaloietan dauden neurri handiko euskarriak dira), horrela, hiriko erdigunean eta ondoko guneetan sakabanatuko direlarik. Prentsan iragarkiak paratuko dira bi asteburutan, eta irratiko iragarkiak bi astetan zehar emango dira, martxoaren 19an hasita. Sare sozialez bezainbatean, informazioa eta bideoa Facebook eta Twitter bidez hedatuko da, Iruñeko Udalak dituen kontuen bidez, eta informazioaren SEO posizionamendua landuko da. Guzti horren osagarri, aipatzekoak dira Plana hobetzearekin loturiko hiru prentsaurrekoak (hirugarrena lanak abiatzeari buruzkoa izango da), udal-webgunean Alde Zaharrera sartzeko tramiteak egiteko esteka txertatzea eta hobekuntza-neurriei buruzko bideo-tutoriala.

Kronogramari dagokionez, Alde Zaharra arian-arian eztabaidagunean aste honetan aurkeztu da kanpaina, datorren astean hasiko dira aldizkaria banatzeko eta kanpainaren irudia mupietan eta markesinetan jartzeko lanak, eta promozio-bideoa sareetan eta webgunean hedatuko da. Hirugarren astean emango dira irratian iragarkiak, eta egun horietan eta laugarren astean, prentsan argitaratuko dira.

Iruña modernoa, jasangarria, segurua eta funtzionala

Iazko irailaren 4an Iruñeko Erdialdea Atsegin egiteko Plana abiatu zen, xede hartuta hiri-espazioaren kalitatea hobetzea etorkizuneko hiria eraikitzeko oinarri gisa: hiri moderno bat non garraiobide jasangarriak lehenesten baitira, hiri dinamikoa, segurua funtzionala eta herritarren ongizatea dakarrena. Ordutik hona Alde Zaharrean ibiltzen diren ibilgailu kopurua % 53 murriztu da, hiri-garraioan mugitu diren bidaiari kopuruak %5,1eko igoera metatua izan du, eta kopuru horrek % 7tik gorako batezbestekoa izatea lortu du erdialdera doazen lineetan.

Plana ebaluatzeko, Udalak 662 laguni egin zien inkesta bat 2017ko abenduaren 11tik 2018ko urtarrilaren 5a bitarte. Iruñeko herritarren % 51,7 Atsegin egiteko Planaren alde dago; % 34,6k, aldiz, ez ditu begi onez ikusten hartutako neurriak. Antzemandako eskaerei dagokienez, inkestatu direnen % 18,6k informazio gehiago eskatzen du Atsegin egiteko Planari buruz. Inkestez gain, sakoneko elkarrizketak egin zaizkie inplikatutako kolektiboei, Alde Zaharra arian arian ekimenari buruzko hausnarketa-prozesuak egin dira bai eta bilerak ere, hainbat talde teknikorekin eta interesa duten taldeekin. Hamar hobekuntza neurri eta hiru neurri osagarriei dagokienez, Udaleko teknikariek diseinatu dituzte ebaluazio-fasearen ostean.

Hona hemen Atsegin egiteko Plana hobetzeko hartutako neurrietako batzuk: merkataritza-ordutegian txandaka aparkatzeko 200 toki gorri bi zabalguneetan (horietako 108 berri); Alde Zaharreko eta I. Zabalguneko bizilagunek aparkatzeko 126 toki berri (Runa parkean eta Antoniutti ondoan); doako lotura-villavesa Trinitarioseko disuasio-aparleku disuasoriotik erdialdera; Tok-tok aplikazioa Alde Zaharrera sartzea azkarrago kudeatzeko; eta Internetekin loturikoaz bezainbatean, webgune bat sortu da baliogarria den informazio guztiarekin, eta zuzeneko bannerrak jarri dira www.pamplona.es eta http://policia.pamplona.es udal-webguneetan. Herritarrei arta emateko, aurrez aurreko arreta bulegoa zabalduko da berriz Udaltzaingoaren egoitzan, eta Alde Zaharrera sartzeko kontrolei buruzko informazioa emango da Kondestablearen jauregiko Herritarrendako Arreta Bulegoan (Kale Nagusia, 2), kasu horretan hitzordua aldez aurretik hartuta.

Hauek dira hartutako beste neurri batzuk: hainbat gune gaituko dira, geraleku gisa, bidaiariak utzi eta jasotzeko hiriko erdialdean (Hezkuntzako aparkalekua, Aduanako zokoa, Sarasate pasealekua eta Labrit); kale Nagusiko zirkulazioa aldatuko da, eta bizilagunak eta zamalanetako langileak soilik sartzen ahalko dira; eta erdialdera oinez joateko ibilbideen inguruko informazio-sistema bat abiatuko da.

Atsegin egiteko Plana. Hamar hobekuntza-neurri eta hiru neurri osagarri

  • HAMAR HOBEKUNTZA NEURRI
  • Tramiteak azkartzea eta sinplifikatzea
  • 1.- “Atsegin egiteko Plana” bulegoa
  • 2.- Aurrez aurreko arreta bulegoa. Kondestable
  • 3.- Tok-tok app-a – Alde Zaharrera sartzeko
  • 4.- Webgunea eta lotura digitalak
  • Erdialdera sartzea errazteko neurriak eta eremuak, eta aparkatzeko eremuak
  • 5.- Geralekuak
  • 6.- Merkataritza-ordutegian aparkatzeko 200 toki gorri sortuko dira
  • 7.- Bizilagunek aparkatzeko 126 toki berde berri sortuko dira
  • 8.- Doako lotura-busa (villavesak) Trinitarioseko aparkaleku publikotik
  • Berrikusi beharreko ibilbideak
  • 9.- Kale Nagusia
  • 10.- Metro-minutu seinaleak paratuko dira
  • HIRU NEURRI OSAGARRI
  • 1.- Lan-mahaia, merkatarien eta aparkalekuen arduradunen artean
  • 2.- Informazio-kanpaina
  • 3.- Seinaletika, erdialdera joateko ibilbideei buruz hiriko sarreretan

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!