Nafarroako Lehendakaria buru, Nafarroako gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako 2018ko Berdinna Saria Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialari emateko ekitaldia egin da gaur eguerdian. Uxue Barkosek saritutakoaren bizitza-ibilbidea nabarmendu du, “gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko konpromiso iraunkorrari lotutakoa”.
Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egin da. Bertan parte hartu du, saritutakoarekin batera, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo. Ekitaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez ere izan da. Sari-banaketa San Fermin Abesbatzaren musika-akonpainamenduaz egin da.
Sari hau Nafarroako Gobernuak eratu zuen urtarrilean, berdintasunaren arloan lan egiteagatik nabarmendu direnen jarduera publikoki aitortu eta aldarrikatzeko asmoz. Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NBI) antolatutako sari honen bitartez, foru Exekutiboak berdintasunezko gizarte zuzenago baten alde lan egiteko egin duen apustua nabarmendu nahi du, emakumeen nahiz gizonen giza-eskubideak betetzeko esparruaren barruan.
Lehenengo edizio honetan, golardoa Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialarentzat izan da esparru honetan egin duen lanagatik, zeinetan, feminismoaren aitzindari gisa, IPES Elkartearen sortzailekide gisa eta UPNAko master eta tituluetako genero-ikuspegiaren bultzatzaile gisa nabarmendu den. Epaimahaiak saria esleitzerakoan adierazi zuenez, saritutakoak, “generoari buruzko ezagutza eta azterlanak garatzeko ikerketa eta irakaskuntza esparruetan egin duen lanarekin uztartuta, aktibismo feminista sendoa landu du, publikotasuna eta pribatutasuna batuz berdintasunaren alde emandako bizitza osoan”. Hautagaitza IPES Elkarteak (Instituto de Promoción de Estudios Sociales/Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea) proposatu zuen.
Saria 3.000 euroko diru-kopurua du eta zurezko ontzia dirudien ikurrak “eraikitzeko erabili beharreko oinarria” irudikatzen du. Zurez egindakoa izanik, garaikurrak basoen berotasuna eta organikoaren izaera bizia ere iradokitzen ditu.
Agerraldian, Lehendakariak zorionak eman dizkio Blanca Fernándezi, “beste emakumeak babestu, prestigiatu, legitimizatu, baimendu eta sostengatzea bideragarria bezain beharrezkoa dela frogatu baitu” baita, Barkosen esanetan. Horren harira nabarmendu du, emakumeen mugimenduetan izan duen parte-hartzeak eta beraren feminismoak “pentsamoldeak aldatzen eta eragin politikoa izateko nahitaezkoa den pentsamendu kritikoa zabaltzen lagundu dutela, zalantza izpirik gabe”.
Halaber, saritutakoak hitzetan nahiz ekintzetan emakume guztiak biltzeko duen gaitasuna nabarmendu du. “Baina horrez gain –erantsi du–, ikusezinak zirenak bistaratzen jakin du une oro, bat ere gibelean utzi gabe, zeharkako desberdintasunei erantzuteko gogor lan eginez. Hau justizia sozialeko kontua da, zalantzarik gabe, eta arras funtsezkoa gizarte barneratzaileak sortu ahal izateko”.
XX. mendeko iraultza baketsua
Bestalde, Blanca Fernández Viguerak zorionak eman dizkio Nafarroako Gobernuari saria sortzeagatik eta “emakumeak bistaratzeko nahiz emakumeek egindako lanak eta elkarteak bistaratzeko” balio izanen duen esperantza adierazi du.
Jendaurreko agerraldian, emakumeak protagonista dituen “XX. mendeko iraultza baketsuari” atxikitako aldaketa sozial nagusiak zerrendatu ditu; hala nola, “familia eredu berrien sorrera, emakumeek goi-mailako irakaskuntzara nahiz enplegura egindako sarrera masiboa, sexu-eskubideak eta ugaltze-eskubideak, edota emakumeak egindako esfera publikorako sarrera masiboa”.
Alabaina, zenbait erronka gainditu gabe daudela azpimarratu du. Lehenengoa, sistema patriarkala: “orain eskubideak aitortuta daude, baina praktikan badago kristalezko sabai bat eta desberdintasunak eta genero-indarkeriak beren horretan diraute”, adierazi du. Bigarren erronka bezala, “emakumearen lanaldi bikoitzarekin eta gain-esplotazioarekin” bukatu behar dela nabarmendu du, baina haren iritziz, helburu hau lortzea ezinezkoa izango da “gizonek etxeko lana eta zainketa-lanak aintzat hartzen ez dituzten bitartean”.
Genero-indarkeria ere aipatu du, “inoiz baino gordinagoa, sistema patriarkala defendatzen baita”, eta laugarren erronka bezala, “emakumeek gorputzaz eta sexualitateaz gozatzeko duten eskubidea” errealitate bihurtzea aldarrikatu du, “erasorik eta oldarrik gabe, izan ere, EZ beti da EZ”. Azkenik, bosgarren erronka gisa, sexu eta genero identitate desberdinen nahiz sexu-aukera desberdinen errekonozimendua aipatu du.
Haren esanetan, “hauexek dira gaur egungo erronkarik garrantzitsuenak, agenda publikoetan sartu beharrekoak, lehentasun oso-osokoak, eta horretarako ere, mugimendu feminista sendoa behar dugu”. Horren harira nabarmendu du “inoiz isildutakoa edo gure belaunaldiari atxikitakoa zirudien mugimenduak ahotsa altxatu duela berriz ere, mundu osoan zehar, belaunaldi guzti-guztien izenean, eta dagoeneko geldiezina bihurtu da”.
Ikertzaile soziala eta mugimendu feministen aitzindaria
Fernandez Vigueraren hautagaitza Iruñeko IPES elkarteak aurkeztu zuen, eta nazioarteko 26 pertsona ezagunen babesa izan du. Saritua, hain zuzen, emakumearen eta feminismoaren inguruko ikerketetan nabarmendu den elkartearen sortzaileetakoa da. "Haren aktibismo eta militantzia feminista" nabarmendu ditu gobernuak, feminismoaren "aitzindarietako bat" izan dela goraipatuz. Hain zuzen ere, IPESeko sortzaile moduan "elkarte honen genero ildoa" bultzatu zuen, eta "teoria feministen ikerketa eta zabalkundea, generoaren, emakumeen historiaren, emakumeen bistaratzean eta emakumeek zientzia munduan egin dituzten ekarpenen hedapenean" ere lan handia egindakoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere nabarmentzeko moduko lana egin du, "gizon eta emakumeen berdintasunean lagunduz".