'Euritan' Arantza Santesteban eta Irati Gorostidiren dokumentala, Punto de Vistan

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 5a, 19:45

Asteartean, martxoaren 6an, 17:00etan Baluarten eskainiko dira Euskal Herriko hainbat egileren lanak: 'Euritan' (euskaraz), 'Winterreise' eta 'Rapa das bestas'.

1985ean Itxaro Bordak idatzitako 'Klara eta biok' narrazioa berrikustea proposatzen du 'Euritan' filmak. Egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarriz, bertan azaleratzen duen euskal nortasunarekiko harreman periferikoaren begirada eguneratzen da.

Egileak Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi zinemagile nafarrak dira. 

ARANTZA SANTESTEBAN

Iruña, 1979. Historian Lizentziatua da (EHU, 2011) eta Zinema Dokumentalean diplomatu zen Bartzelonako CCFB-n. Egun, UNEDen graduondoko batean garatzen du zinemaren inguruko ikerketa lana.

IRATI GOROSTIDI

Eguesibar, 1988. Artista eta zinemagilea, Arte Ederretan Lizentziatua da (EHU, 2011) eta Zine Garaikidearen Ikerketan Master bat dauka (Universitat Pompeu Fabra, 2013).

Pablo La Parra ikerlariaren Europa, futuro anterior proiektuaren eskaerari erantzunez abiatu zuten Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi gazteek Euritan film labur dokumentalaren sortze-prozesua. Itxaro Borda idazlea 1985ean kaleratu zuen Klara eta biok narrazioaren aurrean jartzea erabaki zuten, lanaren berrirakurketa bat egiteko, orduan esandakoak egun nola entzuten diren ikusteko. Eta pixkanaka, hainbat emakumeri ahotsa ematea lortu dute, dokumentalaren eta fikzioaren elementuak uztartuz.

 

Lana 2017ko Kimuak katalogorako hautatua izan da, eta horrek proiektua zabaltzen eta ikusle gehiagorengana heltzen lagunduko diela uste dute autoreek. “Oso zaila da jendeak horrelako lan bat ikustea, guk ez dugulako hori helarazteko baliabiderik”, azaldu du Gorostidik.

Elkarrekin egin dute lan uneoro, erabakiak prozesua luzatu badu ere. “Oso abiapuntu zintzoa, esperimentala, askea du”, gehitu du Santestebanek, eta emaitza “gure artean sortu den elkarrizketaren erantzuna da”, gaineratu du Gorostidik. Ez hori bakarrik: sorreran dokumentalagoa zen arren, bidean fikzioaren hainbat elementu sartzea erabaki zuten, “fikzioa diskurtsoak eraikitzeko beste modu bat delako”.

(Maialen Goñi, Zinea.eus)

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!