Iruñeko Udalak Hiria Atsegin egiteko Planaren balorazioa egin du. Horretarako, lau alderdiak agertu dira. Sei hilabeteko epea emana zioten planaren lehen balorazioa egiteko, eta gaur izan da hori: nabarmendu dute, Iruñeko herritarren %52 bat datorrela planarekin eta %35 zalantzan jartzen du. Alde Zaharrean bizi direnen %80 hiria atsegin egiteko planaren alde agertu dela ere nabarmendu dute. Hemendik aurrera, egitasmo horren informazioa zabaltzen segituko dute, besteak beste herritarren arretarako bulegoa berriz zabalduko dute eta plana bera hobetzeko neurriak hartuko dira.
Erdigunera billabesak hurbiltzea eta oinezkoentzako espazio berriak baloratu dira hobekien. Bizikleta, billabesa edo oinez ibiltzea lehenesten du mugitzeko herritarren %72ak, alegia, mugikortasun bide jasangarriak %15 hazi dira 2013 urteaz geroztik.
Auzoka, Alde Zaharra da planaren aldeko jarrerarik finkatuena duen auzoa, bizilagunen % 80,6 alde eta %19,4 kontra daudelarik; Zabalgunean dago kontrako jarrerarik handiena:% 39,5 alde eta % 47,4 kontra. Bi auzoak batuta honako kopuru hauek islatzen dira: % 52,7 alde dago; % 38,4 ez dago alde; eta % 8,9k ez daki edo ez du erantzun. Mugikortasun-azturei dagokienez, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten dutenen % 59,4 planaren alde daude, eta % 27,6, kontra. Autoa erabiltzen dutenen kasuan, planaren aurka daude gidarien % 44,2, eta % 41, alde. Adinaren arabera, atsegin egiteko planaren aldekoak nagusitzen dira hala 30 urtetik beherakoen artean (% 55,4 alde eta % 28,2 kontra) nola 30 eta 55 urte artekoen artean (% 49 eta % 41,6) zein 55 urtetik gorakoen artean (% 51,4 eta % 32,4).
Baloraziorik onenak villavesak gerturatzeari eta oinezkoen eremu berriei
Atsegin egiteko Plana 7 neurritan laburbildu daiteke, eta horietako bik eskuratu dituzte baloraziorik onenak: villavesak gerturatzea eta oinezkoen eremu berriak egitea (Basotxoa, Chinchila, Alondegi eta Vínculo), 3,29 eta 3,05eko balorazioa lortuta, hurrenez hurrenez, 0tik 5era doan eskala batean. Halaber, Taconera eta Alde Zaharra lotzen dituen bizikleta-ardatzak ere balorazio ona dauka (5etik 2,9), bai eta soilik garraio publikoarendako eta bizikletendako diren zirkulazio-eremuak ere (Navas de Tolosa, José Alonso, Aita Moret eta Sarasate pasealekuko iparraldea), 2,72 lortuta. Trinitarioseko aparkaleku berriak gainditu egiten du, nahiko batekin bada ere (2,63); baina ez dute azterketa pasa, gutxigatik, lehenengo Zabalgunean bizilagunek aparkatzeko eremu berdea sortzeko hartutako neurriak (2,45) ezta planari buruz jasotako informazioak (2,42).
Hori horrela, Udalak bost proposamen egin ditu, baloratu daitezen, Atsegin egiteko Plana hobetze aldera. Har zitezkeen bost neurri proposatzen dituzte: Alde Zaharreko bizilagunendako aparkatze-tokiak ugaritzea, Sandoval kale inguruko bizilagunendako aparkatze-eremua aldatzea, bidegorriak hobetzea, informazio gehiago ematea atsegin egiteko prozesuaren inguruan eta zirkulazio esklusiboko kaleetan lehen zeuden ibilbideak berreskuratzea. Inkestatutakoen % 72k bost proposamen horietakoren batekin bat egin du. Xehe -mehe, % 25,4k uste du lehengo barne-ibilbideak berrezarri behar direla Alde Zaharrean, % 18,6k informazio gehiago nahi du atsegin egiteko prozesuari buruz, eta %15,6k, bidegorriak hobetu nahi ditu.
Joan-etorri jasangarriek % 15 egin dute gora
Gaur egun, Iruñean bizi direnen ia % 40k joan-etorriak oinez egitea hautatzen du lehen aukera gisa. % 26,4k villavesa aukeratzen du; % 24,4k, ibilgailu pribatua; %6,4k, bizikleta, eta % 3,2k, motoa. Hortaz, guztira, garraiobide jasangarriak (oinez, villavesa edo bizikleta) biztanleen % 72k erabiltzen dituzte. Ehuneko horrek gora egin du; izan ere, 2013an % 57k erabiltzen zituen halako garraiobideak. Arrotxapeko eta Azpilagañako bizilagunek egiten dute apusturik handiena mugikortasun jasangarriaren alde, % 83 eta % 80, hurrenez hurren.
Modu jasangarrian mugitzeko moduek indarra hartu dute iruindarren artean, bai eta eskualdeko hiri-garraioaren erabilerak ere. 2016an eta 2017an % 4 egin du gora villavesa-erabiltzaileen urteko kopuruak, eta iaz 37 milioi bidaiari baino gehiago izan ziren guztira. Urtetik urterako hazkunde hori 2017ko azken lauhilekoan ia % 5era iritsi zen, eta % 6a baino gehiago jo zuen 2018ko urtarrilean, kopurua iazko hilabete berarekin alderatuta.
Azken bost hilabeteetan, 2017ko irailetik 2018 urtarrilera, villavesek 16 milioi lagunetik gora garraiatu dituzte lanegunetan, eguneko 128.000 batez beste. Otsaileko batezbestekoak eguneko 135.000 bidaiarira iritsi dira. Asteburuetan garraio publikoaren erabilera aisialdiari, erosketei eta sukaldaritza-ostalaritzari lotu ohi zaie; % 9,6 egin du gora larunbatetan, eta % 8,4, igandeetan. Gorakada horiek astean zehar izan dena baino nabarmenagoak dira, astean zehar % 5,4 egin baitu gora.
% 10 eta % 11,9k bitarte dio erdialdera joateari edo bertan erosteari utzi diola
Atsegin egiteko planak Alde Zaharreko merkataritzan izan duen eraginaz bezainbatean, ikerlanak dio % 88-90rentzat eragin hori neutroa dela. Eragin hori atzeman dute, beraz, % 10-12k. Zehazki, biztanleen % 10,7k dio erdialdera erostera joateri utzi diola atsegin egiteko plana dela eta, eta % 11,9k dio noiz edo noiz bertan erosteari utzi diola, arrazoi bera tarteko. Auzoka, erdialdera joateari utzi dioten gehienak Donibane, Sanduzelai, Mendillorri eta Buztintxurin bizi dira, eta gutxiago dira hori esan eta Milagrosan, Txantrean, Alde Zaharrean eta Etxabakoitzen bizi direnak. Erdialdean erosteari utzi diotenei dagokienez, Donibanen, Buztintxurin, Mendillorrin eta Zabalgunean bizi dira batez ere, eta hein txikiago batean, Ermitagañan, Alde Zaharrean, Etxabakoitzen eta Azpilagañan.
Adinen arabera, 30 eta 55 urte artekoa da kolektiborik kaltetuena: horien % 11,8k utzi dio erdialdera joateari, eta % 16,3k, bertan erosketak egiteari, betiere ere atsegin egiteko plana dela eta. Donibanen atzeman da beherakadarik handiena erdialdera joateari zein bertan erosketak egiteari utzi diotenen artean, % 20,6 da bi aldaeretan. Atsegin egiteko planak autoa erabiltzen dutenengan izan duen eragina ere aztertu da. Iruñeko auto-gidarien % 17,6k aitortu du erdialdeko dendetara joateari utzi diola, eta % 18,7k bertan erosteari, betiere arrazoi beragatik. Auto-gidari ez direnen artean kopuruak txikiagoak dira: % 5,7k utzi dio erdialdera joateari, eta % 7k, Alde Zaharrean eta Zabalgunean erosteari.
3.540 toki erdialdean aparkatzeko, eta % 51,4ko okupazioa
Ikertalde enpresak egindako txostenakaztertu ditu, baita ere, zirkulazioaren egoera, hiriko erdialdean aparkatzeko dauden tokien-kopurua eta horien okupazio-maila gaur egun. Hori horrela, aparkatzeko tokiei dagokienez, hiriko erdialdean txandaka aparkatzeko 3.540 toki daudela dio txostenak, eta horiei gehitu behar zaizkie Trinitarioseko disuasio-aparkalekuko 180ak, gertuko beste hiri batzuetan (Donostia eta Gasteiz kasu) daudenen pareko. Erdiguneko aparkalekuen informazioa erreferentzia gisa hartuta, eguneko batez besteko okupazioa % 49tik % 51,4ra igaro da, 2016ko abendutik 2017ko abendura. Gazteluko plazako eta Aduanako zokoko aparkalekuen batez besteko okupazioa eguneko % 76,5 eta % 71,2koa da, hurrenez hurren.
Ikerlanak Alde Zaharrean ibiltzen diren ibilgailuen kopuruaren beherakada ere islatzen du. Beherakada hori % 45ekoa zen abenduan, 2017ko urrian sarreretan kamera bidezko kontrol-sistema abiatu eta bi hilabetera. Batez beste, 5.287 ibilgailu gutxiago ibiltzen ziren eguneko Alde Zaharreko kaleetan barna. Horren inguruko datuak eguneratu egin dira 2018k otsailaren 1ean, eta aditzera ematen dute trafikoak behera egiten jarraitu eta beherakada nabarmena izan dela, % 53an kokatu delarik, hots, 6.150 ibilgailu gutxiago gune historikoan barna, betiere sarrera-kontrola indarrean hasi baino lehenagoko datuekin alderaturik.
Alde Zaharra arian-arian ekimenak piztutako elkarlan-giroa berreskuratzea
Iruñeko alkate Joseba Asironek zera esan du ebaluazioa egin osteko datuei buruz: “oso abiapuntu ona dira, adierazten dutelako herritarrak bat datozela hiria, ingurumena eta mugikortasuna ulertzeko modu berriak eskatzen dituen gizabidezko balio pertsonalekin”. Hala adierazi du gaur Kondestablearen jauregian egin den prentsaurrekoan, non gobernu-taldea sustengatzen duten lau indarretako zinegotziez lagunduta agertu baita: Joxe Abaurrea (EH Bildu), Itziar Gómez (Geroa Bai), Armando Cuenca (Aranzadi) eta Edurne Egino (IE). Alkateak onartu du, desadostasunak gorabehera “garrantzitsuena dela prozesuan inplikatutako aktoreek eta Iruñeko herritarrek, oro har, bat egiten dutela Iruñeak beste hiri modernoetako joera globalari jarraitzeko duen beharrarekin, joera bat zeinak pertsonak eta ez autoak lehenetsi eta herritarrendako eremu publikoa berreskuratu nahi duen”.
Bere parte-hartzean alkateak onartu eta azpimarratu du Atsegin egiteko Plana Alde Zaharra arian-arian prozesu partizipatiboan aritu zen lantaldearen eskaera sozialetik abiatu zela, eta lantalde hori Alde Zaharreko bizilagunek, merkatariek, ostalariek, garraiolariek, ziklistek, alderdi politikoek eta erakundeek osatu zutela; ildo horretan, horiek guztiak bultzatu nahi izan ditu “adostasun- eta elkarlan- espiritu hori berreskuratzera, horrek eman baitzion bide prozesu partizipatiboari, eta horren itzalpean, planari berari”.
Eta hala amaitu du: “ziur nago denok hiriarendako onena nahi dugula, eta batez ere, harro egon nahi dugula gure seme-alabei utziko diegun hiriaz. Udalean, erabat sinetsita gaude oinarri hori abiapuntu hartuta lan egin behar dugula, eta nahiko genuke hori izatea denon proiektua, guztion beharrak eta iradokizunak aintzat hartzen dituen proiektu bat. Ahaleginak mereziko du, zalantzarik gabe”.