Hurbiltasunezko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Plana onartu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 21a, 20:37

5 milioi euro inguruko aurrekontua duen planaren helburuak dira lankidetza sustatzea, merkataritzaren lehiakortasunean aurrera egitea, berrikuntza erraztea eta negozio berriak abian jartzea.

Nafarroako Gobernuak Hurbiltasunezko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2018-2020ko Planaonartzeko erabakia hartu du gaurko saioan, sektorearen lehiakortasunean aurrera egiteko, berrikuntza errazteko eta negozio berriak abian jartzeko asmoz. Planak 4.854.000 euroko guztizko aurrekontua du, eta 1.618.000 euroko kopuru banatan esleituko da hiru urtetan (2018, 2019 eta 2020an).

Planak4 lan-ildo nagusi ditu, urte hauetan garatu beharreko 11 ildotan eta 37 ekintza zehatzetan egituratuta, betiere merkataritza sektorearen kezkei, beharrei eta interesei erantzun eta Foru Komunitateko merkataritza jardueraren garapen orekatuagoa errazteko xedez. Gogoratu behar da  zirriborroa 2017ko maiatzean aurkeztu zela eta ekainean ekarpenak egin zirela.

Parte-hartze bidezko metodologia

Dokumentua parte-hartze bidezko metodologia baten laguntzaz landu da, Foru Administrazioko unitateen eta merkataritza sektorea ordezkatzen duten erakunde publiko nahiz pribatuen esku hartzeaz. Prozesuko fase honetan, tokiko erakundeak, enpresa publikoak, merkataritza-elkarteak, garapen-agentziak eta Gobernua bera –Lurralde Antolamentuko eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren nahiz Merkataritza eta Turismoko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez– ordezkatzen dituzten 47 pertsonak parte hartu dute guztira (25 gizonek eta 22 emakumek), etxez etxe egindako inkestez gain.

Plana lantzeko 1. fasea bukatu ondoren, zirriborroa lurraldeka egindako 5 aurkezpenen bitartez jakinarazi zuten Merkataritza eta Turismoko Zuzendari Nagusiak eta Planaren idazketa egiteko kontrataturiko kontsultoretzak. Aurkezpenak Iruñean, Zangozan, Bertizen, Tafallan eta Tuteran egin ziren. Horietara tokiko erakundeak nahiz garapen-eragileak eta merkataritza-elkarteak gonbidatu zituzten, baina interesatutako pertsona guztiei irekita. Prozesuko fase honetan, beste 45 pertsonak parte hartu zuten (28 emakumek eta 17 gizonek). Halaber, dokumentuaren zirriborroa Gobernu Irekiaren atarian argitaratu zen, alegazioak eta ekarpenak jasotzeko agerpen publikoko aldia irekiz. Epealdi horretan, 8 erakunderen iruzkinak eta ekarpenak bildu dira, eta horietatik 2 zatika onartu dira.

Lau helburu nagusi

Merkataritza Bultzatzeko Plan berri hau 4 Programa edo Jarduera-Esparru nagusitan egituratu da, merkataritza sektorean esku hartzen duten eragileak aldez edo moldez bereizten dituzten 4 helburu nagusiri erantzunez. Honela, argi utzi da, Nafarroako hurbiltasunezko txikizkako merkataritza bultzatu ahal izateko, ezin dela era isolatuan lan egin. Horren harira, planak egitura piramidala ezarri du, horren oinarrian ekintzaileak eta sektoreko enpresak kokatuz –merkataritza sektorearen helburu eta helmuga–, zertxobait gorago elkarteak eta bitarteko erakundeak, eta goiko aldean, Foru nahiz Tokiko Administrazioak.

Programa bakoitzaren bitartez, moldatzeko soluzioak eskaini nahi dira, eragile hauetako bakoitzaren eraginkortasunik handiena lortzeko xedez, baina betiere era koordinatuan eta eragile bakar baten jarduera edo hobekuntza merkataritza sektore osoaren mesedekoa bihur dezakeen ekosistema komertzial baten barruan. Testuinguru honetan:

· 1. Programan, “Merkataritza Sektoreko Gobernantza Publikoa bultzatzea” delako helburuari jarraiki, Administrazioari (Foru Administrazioari zein Tokiko Administrazioari) zuzen-zuzenean eragiten dioten jarduera-ildo eta neurri zehatzak bildu dira, Nafarroako merkataritza sistemaren antolamendu orekatua lortzeko. 2 jarduera-ildo planteatzen ditu: Merkataritzaren Lurralde mailako Sustapena eta Antolamendua eta Egokitze Urbanistiko-komertziala.

· 2. Programan, “Enpresa-Lankidetza sustatzea” delako helburuari jarraiki, enpresa-elkarteei (sektorialei nahiz zonalei) eta bitarteko beste erakunde batzuei zuzen-zuzenean eragiten dieten jarduera-ildo eta neurri zehatzak bildu dira, sektoreko ETEen arteko enpresa-lankidetza areagotu eta baterako zerbitzu erantsiak abian jartzeko xedez. 4 jarduera-ildo planteatzen ditu: elkartegintza bultzatu eta finkatzea, hiriko merkataritza, landa-merkataritza eta turismoarekiko eta artisautzarekiko osagarritasuna.

· 3. Programan, “Merkataritzako Enpresa Txiki eta Ertainaren Lehiakortasun mailan eta Garapen Teknologian aurrera egitea” delako helburuari jarraiki, lehiatze-ahalmena areagotzeko xedez merkataritzako enpresa txikiei zuzen-zuzenean eragiten dieten jarduera-ildo eta neurri zehatzak bildu dira. 3 jarduera-ildo planteatzen ditu: kudeaketaren hobekuntza eta garapen teknologikoa, prestakuntza eta tutoretzak eta kalitatearen eta iraunkortasunaren kultura.

· 4. Programan, “Merkataritza sektorean Berrikuntza eta Ekintzailetza erraztea” delako helburuari jarraiki, ekintzaile berriei nahiz negozioa zabaldu, enpresa-egitura finkatu eta lokal eta bulego hutsen egungo merkatua dinamizatu nahi duten enpresei zuzen-zuzenean eragiten dieten jarduera-ildo eta neurri zehatzak bildu dira. Bi jarduera-ildo planteatzen ditu: belaunaldi-ordezkapena sustatzea eta merkataritza-ekintzailetza bultzatzea.

Guztira, 4 programa hauen barnean, 11 jarduera-ildo eta berariazko 37 neurri garatuko dira Plana abian jartzeko. Halaber, Planaren barnean, argi gelditu da Nafarroako Gobernuko departamenduen arteko koordinazioa eta elkarlana nahiz tokiko erakundeekiko lankidetza behar-beharrezkoak direla.

Planaren gauzatzearen jarraipen egokia egiteko, horren emaitzak Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren aurrean aurkeztea planteatu da kontrol neurri gisa, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak urteko aurkezpen publikoa egiteaz gain.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!