Ia 100 partaide Gaztediaren Etxean eginen den Iruña Open 2018, Rubiken kuboaren nazioarteko txapelketan

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 31a, 20:16

Ostiral arratsaldean, txapelketaren aurretik, kuboen erakusketa, horiek ebazteko lantegia, eta errekordunen hainbat erakustaldi eskainiko dira.

 

Rubiken kuboaren munduak eta haren aldaera ugariek berriz ere hitzordu bat dute Iruñean asteburu honetan, berotze-jardunaldi batekin, ostiralean, afizionatu eta kuxkuxeroentzat. Otsailaren 2tik 4ra Iruña Open 2018 egingo da Gaztediaren Etxean, nazioarteko hitzordu bat non elkarlanean aritu batira Iruñeko Udala, Kuboaren Munduko Elkartea (WCA) eta Rubik Kuboaren Espainiako Elkartea (AECR). Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko ikasle, errekordun eta txapelketako antolatzaile Julen Simonek gaur goizean aurkeztu dituzte otsailaren 3an eta 4an egitekoa den txapelketaren ildo nagusiak, bai eta aurrez, otsailaren 2an egingo den saioa ere: munduko buru-hausgarririk salduena gertutik ezagutu nahi duen orori zuzendutako arratsaldea.

Ostiralerako, 18:00etatik aurrera, Iruñeko Udalak hainbat jarduera aurreikusi ditu hiru dimentsiotako aparatu mekaniko honekin lotuta, zeina diseinu artistikoaren eta matematiken artean kokatzen baita: Hainbat kontinente eta hamarkadatan garatu diren puzzlearen modalitate ezberdinen erakusketa bat; munduko jokalaririk onenen saioen bideo-proiekzioa, eta Rubikean trebatzen hasteko zazpi urratsetako lantegi bat, Alexander Olletaren eta Alberto Pérez de Radaren eskutik.

Kuboaren bi artista horiek, Julio Perugorria eta Julen Simónekin batera erakustaldi bat egingo dute ostiralean, Gaztediaren Etxean. Simónek, 2x2 kuboaren munduko onenak, aurkezpenean azpimarratu du txapelketan 13 modalitate izango direla, eta izena eman dutenei gogorarazi die jokalari bakoitzak zein modalitatetan lehiatu eta puzzle horiek ekarri beharko dituela, kontuan izanda edozein marka eta modelo onartuko dela, baldin eta Araudian espresuki debekatuta ez badago. Gaur goizean, eskainitako 100 lekuetatik 4 besterik ez ziren libre geratzen, baten bat azken orduan animatzen bada. Aurreko edizioan, 2017ko apirilean, 65 lagunek parte hartu zuten. Herritarrek txapelketako txanda guztiak ikusteko parada izango dute, Gaztediaren Etxean, larunbateko 09:00etatik igandeko 13:00ak arte.

Birak eta birak zorabiatu gabe: matematiken bidezidorrak

Ernö Rubik eskultore eta arkitekturako irakasleak bere ikasleei espazioaren hiru dimentsioak azaltzeko diseinatu zuen kuboa ez da intuizio hutsaren bidez ebazten, asmakizun matematiko bat ere badu atzean. Prozesu hori adituek izen propioa duten algoritmoetan kondentsatu dute, hala nola hasiberrien metodoa izenekoa, Fridrich metodoa (abiadura ardatz duena), Petrus metodoa, Roux metodoa, Heise metodoa, etab. Rubik zaleen artea bada “Jainkoaren zenbakia” esamoldea ere, zeinak adierazten baitu Rubiken kuboa ebazteko gutxieneko mugimendu kopurua, hasierako posizioa edozein delarik ere.

Hori guztiari buruz hitz egingo dute, praktika gainbegiratzeaz gain, Alexander Olleta matematikari, informatika garatzaile eta Kuboaren Munduko Elkarteko ordezkariak eta Alberto Pérez de Rada ordezkariak. Lantegi honetan parte hartzen duten 40 lagunek, 18:00etatik 20:00etara, urratsez urrats ikasiko dute nola ebatzi puzzlea, eta ulertuko dute nolatan heldu ahal zaion erronkari kuboa ikusi gabe. Antolaketak partaideen eskura jarriko ditu kuboak, zeinek etxera eraman ahal izango baitituzte jarduera amaitzean. Interesa dutenek Gaztediaren Etxean eman dezakete izena, casajuventud@casajuventud.com helbide elektronikoan, edo 948 233512 telefonoan. Lantegia doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da.

Halaber, hainbat modalitatetako munduko txapeldunen unerik inspiratuenei buruzko proiekzioak egongo dira, eta tokian bertan, Olletak, Pérez de Radak, Perugorríak eta Simónek ere kuboarekin duten abilezia erakutsiko dute zuzenean. Arratsalde osoan zehar Gaztediaren Etxean Rubiken kuboak izan dituen itxura desberdinei buruzko erakusketa egongo da, lerro bakoitzeko aurpegi kopuru eta irudi geometriko ezberdinekin. Piramideak, dodekaedroak, kubo zehiarrak eta clock delakoa, plano bakar batean erlojuen lerrokatzea behar duen buru-hausgarria.

Partaideen % 66k hitzordua errepikatzen du Iruñean

Asteburuko txapelketarako orain arte izena eman duten 96 lehiakideetatik 95ek 3x3x3 modalitatean eman dute izena. Izena eman ez duen pertsona bakar horrek Skewb edo Kubo zehiarra modalitatean eman du izena esklusiboki. Puzzle horretako piezek aurpegien erdiarekiko biratu beharrean, izkinen inguruan biratzen dute. Kubo tradizionalaren atzetik, hurrengo modalitateak, partaide kopuruaren arabera sailkatuta, honako hauek dira: 2x2x2 kuboa (77 parte-hartzaile), eta Pyraminx (71 parte-hartzaile). Hiru modalitate ‘itsuetan’ 53 lehiakidek eman dute izena; aurreko edizioan, 28k. Azken hauetan parte hartzen dutenen artean Berta García dugu, Europako errekorra duena Rubiken kuboan begiak itxita.

Aurreikusitako modalitate guztietan izena eman duten 6 lagun daude (aurreko edizioan bakar batek egin zuen hori). Lehiakide guztien artean % 66k errepikatzen dute Iruñean. Izena eman duten lagunak bost herrialdetakoak dira: Espainia, Frantzia, Alemania, Maroko eta Peru. Iruña Open 2017an partaideen % 12,3 emakumeak izan ziren (8); eta oraingoan izena eman dutenen % 11,45 bakarrik (11).

Lehiaketaren dinamika

Txapelketan ez dago erronda kopuru finko bat. Kategoriaren arabera aldatzen dira, 1etik 4ra bitarte. WCAren araudiari jarraiki, hurrengo errondara % 75 pasako dira, hobekien sailkatutakoak; eta finalera helduko dira aurreko errondan sailkapen onena izan duten 12 lagunak. Erronda bakoitzean partaide bakoitzari bost ebazpen kronometratuko zaizkio. Bost emaitza horietatik hoberena eta txarrena alde batera utziko dira, eta gainontzeko hiruekin batezbestekoa egin eta balio horrekin pasako da sailkapenera. Kategoria jakin batzuetan (7x7) bost ebazpen beharrean hiru egiten dira, eta sailkapenaren balioa hiruen batezbestekoarekin kalkulatzen da, kubo horiek ebazteak denbora asko hartzen duelako.

Partaide bakoitzak lehiatu nahi den modalitateko puzzleak eraman beharko ditu, eta txapelketa hasi aurretik kronometro ofizialarekin (StackMat®) praktikak egin ahal izango ditu Gaztediaren Etxean bertan. Lehiaketa hauetan ohikoa den moduan, antolaketak Iruña open 2018ko edozein partaide deitu ahalko du epaile zein nahasle gisa jarduteko.

Txapelketa larunbatean hasiko da, 09:00etan, eta 21:00etan amaitu (14:00etatik 15:00etara bazkaltzeko etenaldi bat egingo da), eta herritarrei zabalik egongo da. Igandean ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da, eta amaieran sari-banaketa egingo da. Izan ere, aurten, 100 leku eskaintzeaz gain –iaz baino 35 gehiago–, II Iruña Openeko eragingarrietako bat sariak daudela da. Txapelak, trofeoak, dominak eta diplomak banatuko zaizkie irabazleei. Halaber, izena ematen duten guztiek txapelketako poster bat eraman ahal izango dute, eta partaideen artean gaur egun merkatuan dauden kuborik onenetako batzuk zozketatuko dira (batzuen balioa 50 eurokoa da).

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!