Iruñeko Udalak hiriko gazteentzat antolatutako jarduerek 110.000 parte-hartzailetik gora izan zituzten 2017. urtean. Aurreko urteetako parte-hartzearekin alderatuta, gora egin du parte-hartzeak Gaztediaren Etxeko ikastaro zein jardueretan eta Txankletak udako aisialdi-programa berrian; gazteen kolektiboei espazio gehiago laga zaizkie, eta parte-hartzea handiagoa izan da, baita ere, Gazte Eremuan eta antolatutako beste prestakuntza-jardueretan.
Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Alorreko zuzendari Ana Goiak gaur goizean aurkeztu dituzte prentsaurrean Udaleko gazteria-unitateak 2017an egindako jarduketen balantzea eta 2018rako lan-ildoak. Azaldu dutenez, iaz indartu zen unitate hori hiru teknikarik eta administrari batek osatzen dute. Unitate hori indartzearekin batera iaz printzipio gidariak definitu ziren, bai eta ardatz estrategikoak eta jarduketa-eremuak ere, xede hartuta hiriko gazteen parte-hartzeak gora egitea. Halaber, gazteen errealitatearekin bat datozen ildoak abiatu ziren, eta bultzada eman zitzaion Gaztediaren Etxeko zerbitzuari, gazteendako erreferentziazko zerbitzu den aldetik.
Izan ere, parte-hartzaileen kopuruan gorakada nabarmenarekin itxi du Gaztediaren Etxeak 2017. urtea; kopurua 91.447tik 98.145era igaro da, hots, 6.698 gazte gehiago bertaratu dira. Datu horien arabera, hilean 8.178 gazte hartu dituzte, batez beste. Datuok orokorrean aztertuta, gorakada horren arrazoiak dira taldeei areto gehiago laga zaizkiela, parte-hartzaile gehiago egon direla aisialdi-larunbatetan, eta, batez, ere, Udalak eta beste entitate batzuek Gaztediaren Etxean antolatzen dituzten jarduera-kopuruak gora egin duela.
Balantzearen kopuru horiei gehitu behar zaizkie udako Txankletak programan eskainitako 1.733 lekuak, aukera eman dutenak egunero kirol-, aisia- eta kultura-jardueratan parte-hartzeko; Udalak sanferminetan Foruen plazan irekitako Gazte Eremu berrira bertaratutako 13.400 parte-hartzaileak; urte osoan zehar irabazi-asmorik gabeko entitateek Udalaren laguntzarekin antolatutako jarduerak (45.138,19 euroko diru-laguntza eman da 17 proiektu eta guztira 80 jarduera laguntzeko); eta gazte ekintzaileek enpresak eratzeko diru-laguntza deialdia, zeinak 2017an 27.546 euro banatu baitzituen hiriko gazteen 21 proiekturen artean.
Ardatzak: komunikazioa, prestakuntza eta parte-hartzea
Iruñeko Udaleko gazteria-unitateak printzipio gidari hauek ezarri ditu gazteriako udal-politiketarako: berdintasuna, bizikidetza eta inklusioa, autonomia pertsonalaren sustapena eta erantzunkidetasuna, elkartasuna, boluntario-lana eta komunitate-ekintza, zeharkakotasuna eta berrikuntza. Jarduketa-esparru bakoitzean landu beharreko ardatz estrategikoak hauek dira: informazioa-komunikazioa, prestakuntza-trebakuntza eta dinamizazioa-partaidetza.
2017an, Alorrak lehentasuna eman die hiru jarduketa-esparruri. Garapen pertsonala izan da lehenbiziko jarduketa-esparrua, eta hor garatu dira berdintasunarekin, aztura osasungarriekin, sexualitatearekin eta eskubideen bermearekin zerikusia duten lan-ildoak; bigarrena emantzipazioa da, eta horren barruan hauekin lotutako lan ildoak abiatu dira: enplegu-arloan eskudun diren entitate eta esparruekin koordinazioa; enplegurako laguntza, enpresak eratzeko diru-laguntzen bidez; ikasketei buruzko informazioa eta aholkularitza; eta gazteen prestakuntza zein aktibazioa, udako jardueren bidez, gazte-berriemaileen bidez eta sanferminetako gazte eremu berriaren bidez.
Hirugarren jarduketa-esparrua gazteen parte-hartzea eta ahalduntzea da, eta hor barne hartzen dira, besteak beste, gazteak trebakuntzaren bidez ahalduntzeko jarduketak, ekimenak laguntzekoak (aholkularitza eta espazioen lagapena Gaztediaren Etxean, elkartegintzari buruzko gida, gazteen jarduerei diru-laguntzak, etab), eta kultura zein gazteen talentua sustatzekoak (entsegu-bonoak, arte hiritarreko jaialdia, literatura lehiaketa, Sareak egiten programa, etab.).
Jarduketarik garrantzitsuenak
Komunikazio-ardatzean, komunikazio-estrategia bat abiatu da 2017an gazteriaren irudi positiboa sustatzeko, gazteen presentzia handiagoa bilatuta eta jomuga diren gazteen profila zabalduta, haiengana iristeko eta berariazko gai interesgarriei buruzko informazioa emateko. Horrez gain, Udaleko beste Alor batzuekin eta gazteei zuzendutako entitateekin lan-sareak sortzeko egin da lan, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin (NKGI), adibidez. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da 2017an Institutuak tokiko entitateei ematen dien gehieneko diru-laguntza eskuratu zuela Udalak gazteendako programak garatzeko, guztira 12.176,52 euro jaso zituelarik. Horrez gain, gazteria-unitateak parte hartu du, Hezkuntzako eta Gizarte Ekintzako Alorrarekin batera, Haur eta Nerabeendako I. Planean, III. Berdintasun Planean, aldaketa klimatikoaren taldean eta Garapenaren aldeko Lankidetzarako Iruñeko Plan Zuzentzailean, besteak beste.
Aktibatzeko jarduerez bezainbatean, nabarmentzekoa da udako Txankletak programa berria abiatu zela. Kirol-jarduerak programatu ziren –urpekaritza, saltoa, eskalada eta piraguismoa–, buru-azkartasunekoak –Ziudadelako ihes-jokoa–, kultur jarduerak –zinemarako sarrerak– eta aisialdikoak, egunero plan desberdin bat eskainita Gaztediaren Etxean. Kirol-jarduerei dagokienez, 222 leku eskaini ziren talde-jardueretarako eta banakako 400 bonu, ihes-jokorako 180 leku zeuden –6 saiotan banaturik– eta 1.000 sarrera zinemarako. Parte-hartzea eskainitako lekuen % 83 inguruan egon zen, nahiz eta ihes-jokoan % 100ekoa izan zen eta zinemarako sarrerak agortzear egon ziren (% 90). Hamaika plan ekimenaren programazioan 353 gaztek hartu zuten parte (% 80 neskak, % 20 mutilak); gutxi gorabehera erdiz erdi robotikarekin lotutako jardueretan. Udazkenean berriz egin zen ihes-jokoa, eta 130 parte-hartzaile egon ziren
2017an, gazteria-unitateak alta hartu zuen Erasmus+ programa europarrean, gazteen lan-aukerei eta garapen pertsonalari bultzada eman nahi dien programan.
Baina Iruñeko gazteen artean harrerarik onena izan zuen berritasuna sanferminetako Gazte Eremua izan zen. Udaleko Kultura Alorrarekin koordinatuta, 2017ko sanferminetan nerabe aurreko adineko gazteei eta nerabeei (12-17 urte) zuzendutako programazioa diseinatu zen, xede harturik populazioaren segmentu horren behar eta ezaugarrietara egokitutako jarduera alternatibo espezifikoak eskaintzea.
Asmoa zen jarduera alternatiboak eta erakargarriak egiteko erreferentziako gune bat edukitzea –Foruen plaza–, adin horretako aisialdia ez dadin halabeharrez lotu dibertitzeko-bide gisatzat jotzen den alkoholaren kontsumoarekin. Horregatik, gune horretan egin zen alkohol eta droga kontsumoari lotutako arrisku eta kalteei buruzko prebentzio-kanpaina, gazteria-unitateak abiatuta. Gazte Eremuak 26 jarduera eta 13.400 parte-hartzaile izan zituen. Jarduerak diseinatzerako orduan aintzat hartu ziren erreferentziazko artista gazteak, eta Institutuak eta Gaztediaren Etxeko taldeak gonbidatu ziren emanaldiak egiteko bertako agertokian.
Bestalde, alkohol eta droga kontsumoarekin loturiko arriskuei buruzko prebentzio-kanpainak 1.680 gazte artatu zituen. Prebentzio-programa hori Aldapako San Fermin jaietan ere egin zen, eta sentsibilizazio-kanpaina beste jai-guneetan ere izan zen.
Informazio-ikuspegiari dagokionez, 2017an berriz egin zen gazte korrespontsal berriemaileen programa, gazteendako informazio programa bat, ikastetxeetan, ikastetxe nagusietan, gazteendako profesionaltasun-ziurtagiriak ematen dituzten entitateetan, gazteen elkarteetan eta gazteen beste gune batzuetan egiten dena. 2017-2018ko ikasturte honetan 45 zentro ari dira parte hartzen, guztira 88 berriemaile hautatu direlarik. Aurten, berritasun gisara, Lehen eskutik programa abiatu da, xede harturik gazte berriemaileek parte hartzea herritarrendako intereseko baliabideak lantzen dituzten jardueretan, hartara baliabideak esperientziaren bidez ezagututa, jarduera horiek hedatu ditzaten beren zentroetan. Asmoa da neska-mutil horien motibazio lantzea. Hori horrela, jada egin dira zenbait bisita Gayarre antzokira, eta harremanetan jarri dira Filmotekarekin, gonbidapenak jasotzeko.
Kultura gehiago eta prestakuntza
Kultura sustatzeko esparruan, nabarmentzekoa da Arte Hiritarreko FAUNA Jaialdiaren antolaketa. Jaialdia 2017an sortu zen, xede harturik artearen edozein diziplinatan trebatzen hasi berri diren edo hasi nahi duten gazteei espazio bat eskaintzea, bai eta jada nolabaiteko ibilbidea duten gazteei ere. Jaialdia Antoniuttin egin zen, azaroaren 25etik 27ra, eta oso harrera ona izan zuen. Parte-hartze handiena izan zuten dantza-lehiaketek, masterclassek, larunbateko kontzertuek eta grafiti erakustaldiek.
2017ko beste berritasun bat Iruña Sareak egiten ekimenera atxiki izana izan zen, zeinaren helburua baita gazteen mugikortasuna piztea eta haien zeregin artistikoa laguntzea. Hirien arteko lankidetza-hitzarmen bat da –Logroño, Gasteiz, Murtzia, Soria, Malaga eta atxiki daitezkeen beste hiriekin– gazte sortzaileen trukea sustatzeko, tokiko musika-taldeek aukera izan dezaten beste hirietan kontzertuak emateko.
Kultur arloan ere, gazteei zuzendutako poesia- eta narrazio-lehiaketa egin zen berriz ere, eta guztira 83 lan aurkeztu ziren. Entsegu-bonoei ere eutsi zaie. 29 taldek eskatu zituzten bono horiek, eta 194k diru-laguntza jaso zuten.
Prestakuntza-esparruan, azpimarratzekoak dira Zurrumurruen aurkako Estrategiaren eremuan egindako jarduketak. Estrategia horren xedea da estereotipo eta aurreiritziak atzeman eta deuseztatzea, arreta berezia jarrita kultur dibertsitatearen eta gizarte-kohesioaren aldeko diskurtso alternatiboetan.
Trebakuntza-arloan, gazteria-unitateak gazteen-enpleguarekin lotutako prestakuntza-premiak zein diren jaso du. Hori horrela eta gazteria-zerbitzuaren baliabide sarearen bitartez, zenbait prestakuntza-saio programatu ziren, beste entitate batzuekin batera, gazteen eskubideei buruz; hitzaldi bat egin zen prestatzaileei eta eragileei zuzendua, eta beste bat, gazteei zuzendua.
Gazteen enplegurako estrategia
Gazteria-unitateak deialdi berri bat egin zuen 2017an, gazte ekintzaileei zuzendua, enpresak eratu zitzaten. Deialdira, zeinak 50.000 euroko zuzkidura zuen, 24 eskaera aurkeztu ziren, eta horietatik 21ek eskuratu zituzten laguntzak, guztira 27.546,13 euro eman zirelarik.
Halaber, 2017an Udalak Ikasleen eta Enpleguaren Europako Erakustokiari laguntza eman zion. Bestalde, Gazteria Unitateak Gazte Bermearen Sistema programari laguntza ematen jarraitzen du, zentro kolaboratzaile gisa, gazteek izena eman dezaten. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak sortutako Nafarroako Koordinazio Taldean ere parte hartu da. Talde horretan beste udal batzuetako ordezkariak daude, Merkataritza Ganbera, Secretariado Gitano Fundazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta Kirolaren eta Gazteriaren Institutua bera. Gazte Bermearen programan lan egin ez ezik, lanean aritu dira askotariko entitateetan garatzen diren gazte-enpleguko programa eta ekimenetan koherentzia eta koordinazioa egon dadin.
Koordinazio-lanak abiatu dira Gizarte Ekintzako Alorrarekin eta enpleguko arloarekin, gazteei zuzendutako enplegurako prestakuntza- eta laneratze-programak zein ekimenak koordinatzeko. Finantziazio-lerro berriak ikertuko dira beste zenbait planteamendu egiteko populazioaren sektore honi begira.
Gaztediaren Etxea, erreferentea
Iruñeko Udalak Gaztediaren Etxearen bitartez garatzen ditu gazteriaren arloko politikak, hein handi batean. Gazteek sustatu eta kudeatutako ekimenen zerbitzura dauden instalazioak dira, plataforma bat zerbitzuak zein informazioa eskuratzeko eta espazioak doan erabiltzeko.
Gaztediaren Etxearen helburu nagusia da gizarte-ehunarekin artikulazio hobea eta inplikazio handiagoa lortzea, askotariko eskaera gero eta zorrotzagoei egokitutako erantzunak emate aldera. Beste helburuen artean dago bizi-kalitatea, elkartasuna, autonomia pertsonala eta inplikazioa edo parte-hartze boluntarioa sustatzea, nola eta jarduera-programen bidez, prestakuntza eskainita, arreta-zerbitzuak emanez eta Gaztediaren Etxeko informazioaren kudeaketa beraren bitartez.
Oro har, Gaztediaren Etxeak Iruñeko gazteei zuzendutako hogei zerbitzutik gora kudeatzen ditu. Zerbitzu horiek guztiak kudeatzeko, zerbitzu emateko eta eraikinaren jarraipena egiteko hamaika lagunez osatutako diziplina anitzeko talde bat dago.
Lehen aipatu bezala, 2017an 98.145 parte-hartzaile izan ziren, horrela marka hautsita udal-ekipamendu honen historian. Zerbitzuka, 62.531 laguni laga zaizkie espazioak, 14.455ek zibergela erabili dute, eta 10.325ek eskaintzen diren informazio-zerbitzuak baliatu zituzten (aholkularitza juridikoa, elkarteena, psikologikoa eta ikasketei buruzkoa; bidaiategia; boluntarioendako argibide bulegoa eta gazteendako informazio bulegoa).
Horrez gain, ekitaldi sozio-kulturalek 8.708 lagun eraman zituzten Gaztediaren Etxera 2017an, eta prestakuntza-programazioan 2.126 parte-hartzaile egon ziren.