Takonera parkeko iparraldearen itxura aldatu egingo da, eta belaunaldiarteko egonleku irisgarriak dituen berdegune zabala izango da, jolasteko guneekin –Portale Berriaren ondoan sortuko den Playground delakoa kasu–, eta pabiloi itxi txiki batekin, non jarduera ludikoak zein pedagogikoak egin ahal izango baitira. Kafetegia, komunak eta euritik eta haizetik babestutako gune estali bat izango ditu. Parkearen biziberritze osoa jasangarritasun irizpideak eta berdeguneen defentsa aintzat hartuta egingo da, sei jarduketa-esparrutan banatutako 32.000 metro koadroko azalera batean gauzatuko da, hiru urteko epean, eta 2 milioi euroko inbertsio estimatuarekin. Paseo-eremu izateaz gain (egun duen erabilera hori da), zonalde hori jolasteko, aisialdirako eta erabilera ludikoetarako gune bihurtzea da asmoa, bereziki haurrak kontuan hartuta.
Parkearen berrantolamenduak oinezkoendako eta bizikletendako ibilbide berriak marrazten ditu, bai eremu horretako sei esparruen artean mugitzeko bai parkea hiri-gunearekin lotzeko. Perimetrotik zein barnealdetik paseatu ahal izateko luzetarako eta zeharkako bideak izango dira, eta hiriko aldameneko guneetako bista panoramikoak izatea ahalbidetuko dute. Azalera osoak parke izaera zango du, hortaz, oro har eta epe ertainean, barneko bideak oinezkoendako eta bizikletendako izango dira bakarrik. Hala azaldu dute gaur Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorreko zuzendari Cristina Arreguik, “Taconera parkeko iparraldeko eremuaren antolamendu orokorra” proiektuaren aurkezpenean, hemendik aurrera Taconera proiektu gisa ezagutuko dena.
Proiektu horren filosofia da Taconerako eremu hori biziberritzea, gainontzeko lorategiek baino erabilera-baldintza txarragoak baititu, irisgarri eta erakargarri bihurtuz, eta belaunaldiarteko egonleku eta jolasgune erakargarriak sortuz, hiriko alde hori berraurkitzeko asmoz. Horretarako, adibidez, egonlekuak eta jolasguneak sortuko dira lubanarroetako begiratokiko arkuen eta erdiko pasealekuaren artean, antzinako jatetxeko orubeari parke izaera emango zaio, eta hondatuta dauden bideak eta lorategiak onera ekarriko dira.
Erabilera gutxiagoko eremua eta espazioen arteko etenak
Proiektuaren barruan sartutako eremuak honako muga hauek ditu: iparraldean, harresiak; ekialdean, Gipuzkoako etorbidea; hegoaldean, lubanarroak, berdegune bat eta Larraina KE; eta mendebaldean, Erreginaren aldapa kalea. Proiektuaren azterketan agertzen da sail horrek Taconerako gainontzekoek baino erabilera gutxiago duela, eta espazioen arteko eten zakarrak dituela –heskaiak zein aparkalekuak baitaude–, definitu gabeko bideak oinezkoendako, irisgarritasun-araudia betetzen ez duten aldeak, orube huts bat antzinako Vistabella jatetxea eraitsi ostean, eta ia-ia isolaturik dauden berdeguneak.
Aurkeztutako proiektuak parkearen balio historikoak, ingurumenekoak, sozialak, hirigintzakoak eta estetikoak aintzat hartzen ditu berreskuratze hori gauzatzeko. Proposatzen diren esku-hartzeek hainbat ekintzaren aldeko apustua egiten dute: parkearen espazioa inbaditzen duten elementuak kentzea, hondatutako aldeak birgaitzea eta sendotzea, ebatzi gabeko guneak eta hondar-guneak definitzea, eta parkearekin bat datozen erabilerak sustatzea.
Antolamendu berriak jada diren bideak ditu oinarri: harresi eta lubanarroak inguratzen dituen paseoa; erdiko luzetarako bidea, ekialdetik mendebaldera doana, oinezko zein bizikletendako bihurtzen dena; beste bat norabide berean baina lubanarroetatik gertuago eta arku itxurakoa; eta iparraldetik hegoaldera doan beste ardatz bat erdian, zeinak zuhaiztitik lorategira joatea ahalbidetuko baitu –gaur egun ezin da mugimendu hori egin–. Berez, diseinu berriak zeharkako pasabideak sustatzen ditu. Bada, adibidez, bide berri bat harresiaren lubanarroko barruko ertzaren eta erdiko bidearen artean.
Sei jarduketa-esparru eta Playgrounda lehen proiektu gisa
Proiektuak ezaugarri ezberdinak dituzten sei esparru ditu. Lehenengo biak, lubanarroetatik gertu ekialdetik, jolasgune berritzaile bat sortuko da, Playground izenekoa. Naturan jostatzeko jolasgune bat izango da, parkean erabat integratuta, eta ez du jarraituko hiriko beste alde batzuetakoen homogeneotasuna. Haurrek askatasunez jolastu ahal izango dute, material naturalekin eta gutxiago zuzendutako jolasetan.
Harresiaren mihisea inguratzen duen goiko plataforman, zoo txikiak eta begiratokiak mugatutako horretan, hiri-altzariak berrituko dira eta lorategietan esku hartuko da. Mendi-magalean txirrista sortak paratuko dira. Portale Berriaren eta Vistabellaren arteko gunea uharteen bidez artikulatuko da. Bertan dauden bi arteak erreferentzia gisa hartuta, barruko bideen bidez elkarrekin lotuta egongo dira, baita jada dauden ibilbide perimetralekin ere. Uharte horietan egonlekuak egongo dira, hiri-altzariz hornituak, gizarte-harremanak eta jolasguneak sustatzeko, hala nola aurrez aurreko jolasa sustatzea bilatzen duen espirala, zeinak hainbat elementu baititu –spinner delakoak, zaldiko-maldikoak eta legar-orraziak–, enborrekin egindako eskalatzeko gunea; eta lurrazpiko tunela. Osagarri gisa, heskaien aldean labirinto bat sortuko da, eta baso txiki bat marraztuko da, lorategi apaingarri batekin.
Oro har, eremu horren konexioa hobetuko da, parkearen gainontzeko guneekin konektatuko duten bideen bidez. Playgroundeko obrak joan den urte amaieran lizitatu ziren, eta martxoan hastea aurreikusita dago, 6.000 m2 baino gehiagoko azalera baten gainean, eta 299.943,49 euroko aurrekontuarekin.
Zelai zabala eta bide berriak parke osoa irisgarri bihurtzeko
Hirugarren jarduketa-esparruan eta epe ertainean, aparkalekuak kenduko dira (hortik gertu alternatiba bat bilatuta), antzinako Vistabellako orubea berreskuratuko da, non pabiloi txiki bat eraikiko baita, eta Gonzaga bastioiaren ibilbide historikoari balioa emango zaio. Pabilioiak erabilera ludikoa izango du eta belaunaldiarteko egonlekuak. Barruan jolasteko gune bat izango du, kafetegia, komunak eta atari zabalean jolasteko material-biltegi bat. 50 eta 70 m2 arteko espazio bat izango du kanpoaldean, estalita. Berdegunean, jolasgune bat sortuko da urarekin, material naturalekin zein sokekin, eta lantegietarako etxola bat eta plataforma bat egongo dira.
Parkearen zatirik handiena laugarren jarduketa-esparruan sartuko da, non lorategiak eta landaretza izango diren nagusi. Hemen zeharkako bideetan eragingo da bereziki, lorategi-uharteak eta zuhaitzak dituzten zelaiak marrazteko, elkarren artean zein parkearen gainontzeko zatiekin oso ongi komunikatuta. Parkea ekialdetik mendebaldera zuzen gurutzatzen duen bidea da bosgarren jarduketa-esparrua. Bide berriak trazadura bikoitza izango du –oinezkoendako eta bizikletendako– eta bertatik aterako dira zeharkako bideak bi alboetarantz, gune guztietara joatea errazteko. Azken esparrua harresietatik gertuen dagoena da. Zuhaitzak eta zelaia mantenduko dira, bidez eta enbor-jokoz hornituta.