Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Iruñeko Udalak Txantrea tx-z idatzia auzoaren izen bakarra izatea onartu du

Euskalerria Irratia 2017-12-14 20:45   Gizartea  Iruñea

Tokiko toponimia jasotzen duen 1992ko foru legean hala ageri da. Euskaltzaindiak, Euskara Zerbitzuak eta hainbat adituk aldeko txostenak hartu ditu haintzat Udalak. 

Hau izan zen auzoko hamazazpi elkartek joan den apirilean Iruñeko Udalari luzatu zioten eskaria. Udalak erabakia hartu du Euskaltzaindiak, Udalaren Euskara Zerbitzuak eta hainbat adituk eginiko txostenak haintzat hartuta.  Indarrean dagoen legea ere hartu dute kontuan, izan ere, tokiko toponimia jasotzen duen 1992ko foru legean, 'Txantrea' da jasota dagoen izen bakarra; aitzitik, 'Chantea/Txantrea' izendapena erabili izan du orain artean udalak.

Mikel Belasko toponimian adituak azaltzen duen bezala, filologiaren arauen arabera, Txantrea gaztelaniazko chantría-tik abiatuta azaltzea ezinezkoa da: “Txantre hitzak jatorri frantsesa du eta hitz hori bai gaztelaniak eta baita euskarak ere mailegu bezala hartu zuten katedraleko koroa zuzentzen zuen pertsona izendatzeko. Euskarazko hitzak dira txantre edo xantre, gaztelaniaz chantre esaten den bezala. Kargua, aldiz, xantregoa.zen euskaraz eta chantría gazteleraz. Beraz, toki-izena txantre euskal hitzetik dator –a artikuluaz osaturik: Txantre-a.” 

 

Txantrea toki-izenaren dekalogoa

 

Zer esan nahi du Txantrea izenak? Nondik dator? Izen ofiziala da? Galdera horiek guztiak argitu ditu Mikel Belasko toponimian adituak.

 

 

01. Gure auzoa beti deitu da horrela? Ez. Gure auzoa eraiki den lurren lehenbiziko izena Urrutia izan zen (1255. urtea) –euskara zaharrean ‘ugaldeaz bestaldean dagoena’– eta Kaskalleta (1291) –‘kaskailu ugariko lurraldea, eremu harritsua.– Magdalena ahaztu gabe, zubiaren eta ondoko lurren izena. Auzoaren gaurko izena 1774. urtetik aurrera dokumentatzen da toki-izen bezala.

 

02. Zergatik deitzen da Txantrea gure auzoa? Urrutiako eta Kaskalletako lurretan katedraleko txantreak ondasun askotxo zituelako, ardantzeak batez ere.

 

03. Orduan, zer esan nahi du Txantrea izenak? Txantrearen esanahia “xantrea” edo “txantrea” da. Txantre hitzak jatorri frantsesa du eta hitz hori bai gaztelaniak eta baita euskarak ere mailegu bezala hartu zuten katedraleko koroa zuzentzen zuen pertsona izendatzeko. Garrantzi handiko dignitate bat zen, zeinak gaztelaniaz chantría izena hartzen zuen eta euskaraz xantregoa.

 

04. Toki-izen frantsesa da? Ez. Euskarak eta gaztelaniak mailegutzat hartu zuten hitz hura, baina toki-izena ez da frantsesa, “futbol zelaia” toki-izen ingelesa ez den bezalaxe.

 

05. Gaztelaniazko toki-izena da? Ez. Espainiako toponimia aztertu dugu eta maiz aurkitu ditugu beste katedraletako txantreekin lotutako toki-izenak. Leku horiek guztiek El Chantre –pertsonari dagokionetan- edo La Chantría –dignitateari edo karguari dagokionetan–  izenak hartzen dituzte. Baina inon ere ez dugu “Chantrea” aurkitu.

 

06. Euskal toki-izen bat da? Bai. Euskarazko hitzak dira  txantre edo xantre, gaztelaniaz chantre esaten den bezala.  Beraz, toki-izena euskal hitz horretaz eta –a artikuluaz osaturik dago: Txantre-a.  Ezinezkoa da azaltzea Txantrea gaztelaniazko chantría-tik abiatuta. Inolaz ere ez da toki-izen hibrido bat, ez gaztelania-euskarazkoa, ezta frantsesa-euskarazkoa ere; hain zuzen ere txantre hitza euskal hitz bat delako, chantre gaztelaniazko hitza den bezalaxe. Bi hizkuntzotan, hori bai, frantsesetik hartu zuten mailegu hura. Halaber, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat toki-izenek argi erakusten dute Txantrearen jatorri euskalduna: Txantrelarre (txantrearen belardia) Uharte Arakilen; Txantresoroak(txantrearen soroak edo alorrak), Etxauribarrean; Txandrenea, Hernanin eta Arantzan, eta Txantrenea, Irunen edo Beran, ‘txantrearen etxea’…

 

07. Eta Txandrea? Gure auzoa sortu zenean, izendapen herrikoi hori ematen zitzaion.  Harrigarria da ahoskera hori bakarrik euskaratik azal daitekeelako eta, gainera, Iruñean 1732. urtean jada dokumentatzen delako: Txandregaña. Baita Hernanin eta Arantzan ere: Txandrenea.

 

08. Orduan, nola idatzi beharko litzateke toki-izena? Nafarroako Gobernuak 100.000 toki-izen  nafarren ortografia arautzeko erabili zituen arauei jarraikiz, Txantrea idatzi beharko litzateke.

 

09. Zein da une honetan auzoaren izendapen ofiziala? Txantrea. Nafarroako Gobernuak horrela ebatzi zuen 212/1992 Foru Dekretuan. Han erabaki zen Txantrea zela auzoaren izendapen ofizial bakarra, eta ordutik hona inork ez du Foru Dekretu hura ezeztatu.

 

10. Zer egin behar dute Txantreako kolektiboek Iruñeko udalak izendapen ofizial bakarra erabil dezan? Txantreako kolektiboek honako hau eskatu dute era ofizial batean: “Berretsi dadila Txantrea dela auzoaren izendapen ofizial bakarra, euskaraz zein gaztelaniaz; Nafarroako Gobernuak 1992. urtean ebatzi zuen bezala”.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa