Iruñeko Udalean ere euskarak meritu gisara lan eskaintza publikoetan puntuazioa emateak eztabaida piztu du. Euskara jakiteak “gehiegi” puntuatzen duela uste dute UPN eta PSNk. Udal talde horiek leporatu zioten aldaketaren gobernuari herritarren %80ari mesede egin ordez %13ari ari zaizkiela mesede egiten, zenbateko horrek ezagutzen duelako “bakarrik” euskara. UPNko zinegotzi Fermin Alonsok esan zuen euskara jakiteak gehiago balio zuela doktoretza edo master bat izatea baino. “Euskara altxor bat da baina ezin da jendea baztertzeko erabili”, esan du batzorde horretan UPNko zinegotziak. Adibide bat ere jarri zuen: “Erizaintzarako lan eskaintza publiko batean gehiago balio du euskara jakiteak master bat, doktoretza bat, ikerketa lanetan jardun izana, esperientzia izatea edo bikaina izatea baino”, azaldu du.
Alderdi sozilista ere ildo horretatik aritu zen, Maite Esporrinek esan zuen %13a elebiduna bada, gainerakoa? . “Euskara kultur aberastasuna da baina zuek (aldaketaren gobernua) politizatu egiten duzue eta kondenatu. Eremu euskaldunean ko-ofiziala baino ez da euskara eta dekretuak Nafarroa osorako irizpideak sartzen ditu. Nafarroako Kontseiluak egindako txostenaren gainetik ari zarete eta meritu eta ahalmen printzipioen gainetik”, esan du.
Aldaketaren gobernua bat eginda
Hitzaldi demagogiko bat egitea leporatu diote bereziki UPNko zinegotziari aldaketaren gobernua babesten duten lau alderdiek: EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak. “Mantra faltsuak haizatzen ahalegintzen zarete, zuen gezurrak egi bihurtzen”, leporatu zion EH Bilduko Patricia Peralesek. “Euskara zokoratu duzuenak zuek izan zarete”, nabarmendu du. “Euskara ikasteko trabak UPNk jarritakoak izan ziren”, azpimarratu zuen Aranzadiko Laura Berrok. “Lehen hezkuntzan ingelesa hautatu behar izan nuen euskara hautatzeko aukerarik izan ez nuelako”, leporatu dio alderdi erregionalistari. Ezkerrako Edurne Eginok ere hala esan zuen: “Euskara ez da inposatzen eta hori argi geratzen da dekretuan”. Geroa Baiko Iñaki Cabasesek datuak ere eman zituen. “Erizaintzarako oposizioetan (guztira 100 puntu lortzen ahal dira) 61 puntu azterketari ematen ahal zaizkio gehienez, 17 puntu arte emandako zerbitzuen truke, 16 formazio, irakaskuntza edota ikerketarako, 6 atzerriko hizkuntzen truke, 2,73 euskara dakitenen truke eremu mixtoan eta 1,5 puntu unibertsitateko master ofizialen truke.