Huts Teatroa konpainiak Hozkailua antzezlana taularatuko du asteazkenean, ukitu surrealistak eta absurdoak dituen komedia bat, Iruñeko Udalak antolatzen duen Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloaren programazioaren barruan. Emanaldia 20:00etan hasiko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 8 euroan salgai daude -ikasle-taldeen kasuan, 5 euroan- www.laescueladeteatro.com webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako leihatiletan.
Antzezlanak Maite eta Karlosen istorioa kontatzen du, herriz herri hozkailu zahar batekin dabiltzan gaztaroko bi lagun. Hozkailuaren barruan baina, garagardo-lata eta hestebeteen artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza dago, haren jaioterrian lur emango ziotela zin egin baitzioten. Nongoa zen galdetzea ahaztu zitzaien ordea. Hala hasten da Jimmy ehortzi eta gero amaitzen ez den abentura surrealista hau. Bidaia bat Euskal Herrian barna eta zentzurik gabeko joan-etorri komikoa memoriaren zirrikituetan barna. Azken finean, zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da Hozkailua.
Manex Fuchs da zuzendaria eta Unai Iturriaga bertsolariaren testu original batetik abiatzen da. Ander Lipus eta Patricia Urrutia dira protagonistak, musika Asier Ituarterena da, eszenografia Amaia Garaterena eta jantziak Marodi Sorkuntzakenak. Bilboko Artedrama plataformak ekoitzi du antzezlana, Huts Teatroa konpainia haren barruan baitago. Artedrama ekintzaren, dramaren, antzerkiaren eta artearen lengoaia unibertsalak ikertzeko sortu zen arte-eszenikoen plataforma da, bai eta sormen propioari ekarpena egiteko, lengoaia horien erabilera, jabetze eta berrinterpretazio kontzientea eginez.
Egilea, zuzendaria eta aktoreak
Unai Iturriaga (Durango, 1974) egungo bertsolaritzako funtsezko figura bat da. Sorterriko bertsolaritza-eskolan ikasia, hiru aldiz izan da Bizkaiko txapeldun, eta 1993az geroztik seitan izan da Txapelketa Nagusiko finalista, 2005ean txapeldunorde geratu zelarik. Bertsolaria izateaz gain, abeslaria eta idazlea ere bada. Igor Elortza kantukidearekin eta Josu Zabala (Hertzainak) musikariarekin batera 7 Eskale eta Gu Ta Gutarrak proiektuak eraman zituen aurrera.
Manex Fuchs (Larzabale, 1975) Behe Nafarroako aktore eta zuzendari bat da, Le Petit Théâtre de Pain konpainiaren sortzailea, Luhuson dagoen talde eleanitza eta ibiltaria. 2009an Donostia Saria irabazi zuen, Juglarea, puta eta eroa lanarekin. 2010ean Ander Lipusekin batera aktore aritu zen Errautsak antzezlanean, Artedramak eta Le Petit Théâtre de Pain elkarrekin ekoiztua.
Ander Lipusek Huts Teatroa sortu zuen 2012an, arte-eszenikoen Artedrama plataformaren babesean. Markinan jaio zen, 1971n, eta bere izena Iñigo Ibarra Lizundia da. Hura dugu Antzerkiola Imaginarioa antzerki-mugimenduaren sortzaileetako bat, eta bere ibilbide luzean aktore, zuzendari, dramaturgo edo ekoizle gisara aritu da, berrogeita hamarretik gora antzezlan edo ikus-entzunezkoen muntaietan. Madrilen egin zituen lehenbiziko antzerki-lanak: Miguel Narrosen La doble Inconstancia, Francisco Vidalen El manuscrito encontrado en Zaragoza eta Javier Garcimartínen Duelos antzezlanetan. 90eko hamarkadaren hasieran Euskal Herrira itzuli zen; bertan Bilboko Mina Espazioaren sorreran parte hartu zuen, eta antzerki-ikerkuntzara eta esperimentaziora bideratu zuen bere ibilbidea. 1998an, Antzerkiola Imaginarioa sortu zuen eta lan hauek taularatu zituen: ANDERGROUND (Ardoaz, Minutu bakarra eta Mis rarezas dirías tú), Zortzi olivetti poetiko, Yuri Sam eta ¡Au revoir Triunfadoreak! Euskal Aktoreen Batasunak Aktore Berriarendako Saria eman zion 1999an, eta 2005ean zein 2010ean Donostia Saria jaso zuen, Yuri Sam eta Errautsak lanekin, hurrenez hurren.
Patricia Urrutia (Bilbo, 1977) antzezle eta zuzendari lanetan aritu da hainbat antzerki-konpainiarekin, eta Bogotan (bertan bost urtez bizi izan zen) inprobisazio eta clownean bereziki aritzen den antzerki-konpainia sortu zuen. Talde honekin Europa eta Ameriketako hainbat festibaletara gonbidatua izan zen. Interpretazio, inprobisazio eta klown ikastaroetan irakasle aritu da Italian, Belgikan, Kolonbian, Holandan, Frantzian, eta Espainian eta telebistarako zein zinerako hainbat ekoizpenetan hartu du parte. Azken boladan, Godot-en zain egon da Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean eta Orquesta de señoritasen parte izan da Ramon Barearen aginduetara. Ximun Fuchs-en zuzendaritzapean Artedramak, Petit Théâtre de Painek eta Dejabuk elkarrekin egindako hirugarren ekoizpena den Francoren bilobari gutuna ikuskizunean ibili ondoren (Donostia Saria 2017), eta Pablo Ibarluzearen Lapur Minakekin kalez kale aritu eta gero, gaur egun, Hozkailuarekin dabil buru belarri.
Antzerki Aroa 2017. Nafarroako Antzerki Eskola. 20:00.
- Azaroak 22, asteazkena
- Hozkailua
- Huts Teatroa konpainia
- Abenduak 13, asteazkena
- Idiot Txou
- Ados Teatroa konpainia
- Sarrerak: 8 euro (5 euro, ikasle-taldeendako). Hiru saioetarako abonamendua: 18 euro. www.laescueladeteatro.com eta NAEko leihatiletan eros daitezke.