Manez eta Kobreak taldeak kontzertua eskainiko du gaur Kondestablen

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 2a, 09:13

Kalakan taldeko kide ohiaren taldeak musika tradizionala eta egungo soinuak nahastuko ditu, 19:30ean izango da, eta sarrera librea da.

Manez eta Kobreak Kalakan taldeko kide ohi den Thierry Biscaryren proiektu berriak kontzertua eskainiko du ostegunean, 19:30ean, Kondestable Civivoxean. Musika-abentura berri honetan Biscaryrekin (Manez) batera izango dira kobreak delakoak. Ana Telletxea(ahotsa, akordeoia), eta Fermín Garaikoetxea‘Mintxo’ (ahotsa, tronpeta, bonbardinoa) iruindarrak, Vianney Desplantes (ahotsa, bonbardinoa), Bixente Etchegaray (ahotsa, tronpeta), eta Laura Etchegoyen(ahotsa, saxofoia). Egungo soinu freskoak eta doinurik itsaskorrenen bizitasuna tradizioarekin nahastea. Hori da talde honen musikaren bereizgarria.

Urtero Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatzen duten programazioaren barruan sartzen da kontzertua. Sarrera, programa honetako gainontzeko emanaldietan bezala, librea da.

Manez

Manez da Thierry Biscaryren (Anhauze, 1976) izen artistikoa. Hainbat taldetan abeslari gisa aritu eta gero –tartean Kalakan–, Thierryk bere kantu propioak aurkezten ditu Manez eta Kobreak taldearekin. Bertan, barru-barruko testigantzatik abiatuta, senide, bizilagun, lagun eta ezagunen pasadizoak kontatzen ditu.

Abeslariak poeta eta bertsolariei eskatu die elezahar eta kondaira horien letra idaztea. Jon Maia, Uxue Alberdi, Xabier Euskitze, Aurelia Arkotxa zein Itxaro Bordak hezurmamitu dituzte hainbat pertsonaia: Behorlegitik alde egiteko behar bezainbeste zailtasun dituen Joana gaztea; haren semearen bizitza kudeatu nahiko lukeen Baigorriko nekazaria; etxez etxe eskean dabilen Arnegiko Martin Beltza ijitoa; zorigaitza gainditzeko dantza egiten duten Bermeoko alargunak; Manezen ondoan urte batzuk igaro ondoren Adur ibaian itotzen den Ñakosa; haien bakardadeak elkartzeko aukera eztabaidatzen duten Elizondoko bi alargun... Horien eskutik, kontzertuak herri poetiko bat eskaintzen du, egiazkoa zein asmatutakoa, sentimenduz betea.

 ... eta kobreak

Metal musika jotzaile hauek, kobreak jotzeaz gain kantariak ere badira. Taldearen erreferentziak hauek dira: Behe Nafarroako neska-mutilak (jai batzordetako gazteak, zeinak etxez etxe eske ibiltzen baitira), Garaziko Ramuntcho orkestra, koblakariak eta elizetan, tabernetan edo bazkari familiarretan kantatzen duten gizon-emakumeak. Eszenatokian taldeko kide bakoitzak pertsonaia bat dauka. Pertsonaia bakoitzak arrazoi ezberdinengatik etxetik alde egin du. Denak nomadak bihurtu dira eta batzuk ofizio berri bat hartu dute. Horrela jende asko ezagutu, munduaren aniztasuna ikusi eta eguneroko drama ttipiak behatu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!