Martxoan zabalduko da Geltoki, ekonomia solidarioarentzako 900 m2-ko gune berria

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 24a, 20:46

Iruñeko autobus-geltoki zaharrean kokatuko den gune honetan salmenta postuak, kafetegia eta erakusketa tokiak izanen dira. Udalak lizitaziora atera du haren kudeaketa. 

Geltokik beste aurrerapauso bat eman du, gaur goizean onetsi baita proiektuaren kudeaketaren eta ustiaketaren lizitazioa, zeinen bitartez zehaztuko baita gune horretan zer egingo den (proiektua) eta nola. Iruñeko Udalak autobus-geltoki zaharreko beheko solairuko zati baten administrazio-emakida arautuko duten baldintzen berri eman du. Zati hori –antzina leihatilek eta kafetegiak hartzen zuten lekua, hain zuzen– ekonomia sozial eta solidarioa zein kultura sustatzeko espazio bat izango da. Lizitazioa 2018ko hasierarako ebatziko da, hortaz, aurreikuspenen arabera, 900 metro koadro inguruko gune hori martxorako egongo da herritarrendako zabalik.

Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek zehaztu ditu zazpi urtez –2024ko abenduaren 31ra arte– indarrean egongo den emakida hori lizitatzeko agiriak ezartzen dituen baldintzak. Administrazioaren ikuspuntutik, gaur agiri hori onetsi izana proiektua betetzeko azken pausoetako bat da. REAS Nafarroak (Ekonomia alternatibo eta solidarioen sarea) eta beste entitate batzuek Geltoki proiektua izenburupean aurkeztutako proposamenetik sortu zen proiektua, autobus-geltoki zaharreko beheko solairuko zati bat ekonomia sozialeko gune gisa erabiltzeko. Udalak berak interes publikoko proiektu deklaratu zuen, 2017ko maiatzaren 9ko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiaren bitartez.

Geltoki proiektuaren jomuga da gizarte-ekonomia zein ekonomia solidarioa eta buruaskitasun ekonomikoa bultzatzea (produktuen salmentari esker gune horretako kultur jarduera finantzatu ahal izango baita) eta gizarte-ehuna sustatuko duen ekimen ireki eta anitz bat eraikitzea. Leihatila-gunearen eta kafetegiaren espazioa diseinatzeko kontuan hartu dira ekimenaren nondik-norakoak, eta horrekin bat, hainbat esparru sortu dira azoka sozialarendako, kultur jarduerendako, sukaldaritza-gunerako eta ekitaldi zein azokendako. Horiek horrela, gaur goizean hasiera batez onetsi dira proiektuaren ildo nagusiak eta aipatu guneak kudeatzeko moduak.

Azken hilabeteotan Iruñeko Udalak espazioak egokitzeko egindako obrek 645.528,06 euro jo dute. Inbertsio hori eta emakidadunak makinerian eta sukalde zein kafetegiaren instalazioetan egin beharko duena aintzat hartuta (gutxienez, 46.500 eurokoa), espazioa erabiltzeko kanona 2.000 euroan ezarri da, gutxienez, urteko. Kanon hori aurkezten diren eskaintzen arabera aldatu ahal izango da.

Tokiko artistak bultzatzea eta Milango Itunaren printzipioak sustatzea

Emakidaren barruan daude erabilera pribatiboko espazio hauek: leihatila-gunea eta dendak, kafetegia eta gune komunak. Azken horiek ia 450 metro koadroko azalera dute, eta barne hartzen dituzte zirkulatzeko eta iragateko erdiko espazioa, komunak, eskailerak, biltegia eta sarbideak. Pasaguneek balio ahal izango dute ohiko arte-zirkuituetatik kanpo dauden tokiko artistak sustatu, babestu eta hedatzeko, bai eta horien plataforma gisa ere, betiere kontzesioaren helburuekin bat datozen erakusketa zein arte-adierazpenak badira, eta pasaguneen neurrien arabera posible bada.

Leihatila-gunea kulturarako gunea izango da, baita erakusketa- zein salmenta-gune ere. 16 espazio dira, guztira 315 metro koadrokoak. Leihatila horietako batzuetan herritarrak hainbat gairen inguruan kontzientziatzeko espazioak egongo dira: ekonomia solidario eta arduratsua, Milango Ituna, tokiko merkataritza, kontsumo arduratsua, energia berriztagarriak, edo gizarte- zein ekonomia-eredu jasangarri bat sustatzen duen beste edozein jarduera.

Salmentara bideratutako leihatilak hainbat produktu banatzeko erabiliko dira –produktu ekologikoak, barazkiak, nafar baratzetako ortuariak, 0 kilometroko produktuak, tokiko produktu freskoak eta sasoikoak–, bigarren eskuko edo birziklatutako produktuen azoka egiteko eta artisau-produktuak saltzeko –produktuen jatorria bermatu eta ekoizleen lana ikusarazten dituzten kalitate-egiaztagiriak izango dituzte.

Kafetegia, bestalde, kultura gastronomiko jasangarria eta osasungarria sustatuko duen leku bat izango da, non eskainiko baitira produktu ekologikoak, nafar baratzetako barazki eta ortuariak, 0 kilometroko produktuak, produktu freskoak eta sasoikoak. Kafetegiaren gunearen barruan sartzen dira biltegi-kameren espazioa, jantzitokia, garbitzeko gunea, biltegia eta sukaldea. Guztira, 170 metro koadro inguru.

Sarrera librea eta jarduera zortzi hilabete eta erdiz mantendu beharra

Sarrera librea izango da, eta herritarrek libreki bisitatu ahal izango dituzte espazioak Iruñeko Udalak ezartzen duen ordutegiaren barruan, betiere gauzatzen diren jarduerei aplikatu ahal zaien foru-arauekin bat. Kafetegia eta erakusketa- zein salmenta-guneak irekita egongo dira eta jardunean, gutxienez eta etenik gabe, martxoaren 1etik irailaren 30era, eta abenduaren 1etik urtarrilaren 10era, eta hautazkoa izango da emakidadunentzat urteko gainontzeko egunetan zabaltzea.

Emakida, behin esleitu eta gero, ekonomia sozial, solidario eta arduratsua sustatzearekin lotutako gizarte eta kultur jarduerak egiten dituzten pertsona zein entitateen parte-hartzeari zabalik egongo da. Emakidadunak aurrez eman beharko du bere parte-hartzearen berri, baldin eta horrek leihatila edo saltoki baten erabilera esleitzea badakar berekin.

Baldintza-agirian bada atal bat non deskribatzen baitira emakida jaso duen enpresari ezarri ahal zaizkion zigorrak ezarritako betebeharrak bete ezean. Zigor horiek arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Horiekin loturiko zigorrak honako hauek dira: arau-hauste arinendako, 300 euro arteko zehapenak; arau-hauste larriendako, 301 eta 600 euro artekoak; eta arau-hauste oso larriendako, 601 eta 900 euro artekoak.

Aurkezteko betekizunak eta balorazio-irizpideak

Administrazio-emakida horretara aurkeztu ahalko dira pertsona natural edo juridikoak, betiere jarduteko gaitasun betearen jabe badira, kontratatzeko ezein bazterketa-, debeku- zein bateraezintasun-ziok ukitzen ez baditu, eta pertsona juridikoen kasuan,beren legezko ordezkari edo administrariak ere ukitzen ez baditu. Halaber, helburua edo negozioen xedea proiektuan aurreikusita dagoen higiezinaren erabilera pribatiboarekin zuzenean lotuta egon beharko da, eta ostalaritza-ustiaketa eta gainontzeko jarduerak martxan jartzeko aurreikusitako inbertsioari heltzeko gaitasun ekonomiko nahikoa izan beharko du. Azkenik, ez du Udalarekin zorretan egon behar betearazteko epean.

Orobat, baldintza-agirian ezartzen dira autobus-geltoki zaharreko espazioaren kudeaketa esleitzeko aintzat hartuko diren balorazio-irizpideak. Proiektuaren edukiari eta gauzatzeari 55 puntu emango zaizkio, eta horren barruan baloratuko dira beste entitate batzuen parte-hartzea, kafetegiaren ustiapena, programatzen diren jarduerak eta salmentarako leihatiletako produktuak. Kafetegiaren eta leihatilen ordutegia luzatzeagatik 4 puntu emango dira; 10 puntu, langileak kontratatzean gizarte-irizpideak aintzat hartzen badira, 6 puntu, ingurumen-kudeaketarako planagatik; 10 puntu, proiektuaren irabaziak nora bideratzen diren arabera; eta beste 15, Udalari urtero ordaindu beharreko kanonarengatik (gutxienez, 2.000 euro).

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean paratuko dira, hogeita hamar egun baliodunez, hala proiektua nola kudeaketa-sistema (hasiera batez onetsitako lizitazioaren oinarriak). Alegaziorik aurkeztu ezean, edo behin horiek ebatzi eta gero, lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, eskaintzak aurkezteko epeari hasiera emateko. Eskaintzak 18 egun naturaleko epean aurkeztu ahalko dira, lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu eta hortik aitzina, erregistro osagarrietan, posta-bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideak aurreikusten dituen beste edozein tokitan. Esleipena 2018 hasieran egitea aurreikusita dago, eta Geltoki urte horretako martxorako egon liteke zabalik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!