Iruñeko herritarrek ikastaro presentzialetan, online ikastaroetan eta barnetegietan euskara ikasteko diru-laguntzak urriaren 30era arte eska ditzakete. Guztira, 35.000 euro emango ditu Iruñeko Udalak diruz laguntzeko euskararen ikaskuntza ikastegi homologatuetan, baldin eta ikaskuntza egin badute 2016-2017ko ikasturtean ikastaro estentsiboetan eta online ikastaroetan, 2017ko udako ikastaroetan eta 2016ko azarotik 2017ko irailera bitarte kanpoko ikastaro trinkoetan zein barnetegietan (aipatu hilabete horiek barne hartuta, betiere).
Diru-laguntza deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, urriaren 5eko 193. zenbakian. Deialdian 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal dute –edo adin hori 2017an zehar betetzen dutenek–, baldin eta Iruñean erroldaturik badaude –diru-laguntza zer ikastarotarako eskatu eta hori hasi baino urtebete lehenagotik, gutxienez, eta hura irauten duen bitartean– eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte.
Diru-laguntzetarako eskaerak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Kondestablearen jauregia - Kale Nagusia, 2), erregistro osagarrietan (Descalzos k., 72; Iratxeko Monasterioaren k., 2; Armada etorbidea, 2; Zapateria k., 40; eta Eslava k., 1) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan.
Eskatzaileek, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 eskuratu ahalko dute, eta, betiere, ezein eskatzailek ezin izanen du jaso 700 euro baino gehiago. Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko, ikastaroak ikastetxe homologatuek antolatuak izan behar dira, eta ondorio horietarako honako hauek jotzen dira ikastetxe homologatutzat: helduentzako euskarazko irakaskuntza-zentro ofizialak, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan izena emana duten helduentzako irakaskuntza eskaini eta diruz lagunduta dauden ikastegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko HABE institutuak homologatutakoak.
Diru-laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek egindako ikastaroari dagozkion ikastorduen % 85 eginak eduki behar dituzte gutxienez, ikasteko jarrera ona erakutsi eta ikastaroa behar bezala aprobetxatuta. Ikaskuntza-maila bat eta bera egiteagatik bi aldiz baino ezin da jaso diru-laguntzarik deialdiko, eta, guztira, maila bat eta bera egiteagatik ez da diru-laguntzarik jasoko bi deialdi baino gehiagotan.
Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, ikastaroaren matrikularen kostua hartuko da kontuan, eta eskatzailearen bizikidetza-unitateko diru-sarreretan oinarritutako baremo ekonomikoa aplikatuko da. Bizikidetza-unitatetzat jotzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) pertsona-talde batek elkarrekin eta solidarioki zerga ordaintzeko aukera duenean. Diru-laguntza jaso ahal izateko, bizikidetza-unitateko urteko diru-sarrera gordin haztatuak ezin izanen dira izan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) halako lau baino handiagoak.