Aste honetan bizitoki alternatibo eta hirian bizitzeko alternatiba diren cohousing edo etxebizitza kolaboratiboei buruzko hausnarketa egingo da Kondestablen
Cohousing delakoa duela mende erdi asmatu zen Danimarkan, eta kontzeptu hori etxebizitza kolaboratibo gisa itzul daiteke. Bizitoki alternatibo hau, batez ere AEBetan eta Kanadan hedatua, komunitateak sortzeko eredu bat da: familia bakoitzaren independentzia eta intimitatea mantenduta, komunitate-ingurune bat sortzea sustatzen da, non familiek partekatzen baitituzte ardurak eta erabakiak, etxeko lanak, haurren hazierako zenbait parametro, eta abar.
Sistema bikote gazteak elkarrekin bizitzen hasteari begira sortu bazen ere, une honetan hedatuago dago adinekoen kolektiboen artean. Iruñeko Udalak beste bizitoki-sistema batzuen alternatiba gisa ikusten du, eta bultzatu beharreko bide gisa, Nafarroan ez baita oraindik halakorik abiatu. Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak azaldu duenez, sistema honek Etxebizitzako Foru Lege berriaren esparruan izan dezakeen ibilbideari buruz hitz egiteko, hain zuzen ere, jardunaldi batzuk egingo dira ostegun eta ostiralean, Kondestablearen jauregian, Partekatzen eta elkarlanean bizitzeko modu bat. Cohousing edo etxebizitza kolaboratiboak izenburupean.
Hausnarketa hori Etxekiderekin elkarlanean egingo du, 50 urtetik gorakoendako ezaugarri horietako proiektu bat bultzatzen ari den kolektiboa. Abaurreak iragarri du, Nafarroako lehen esperientzia den aldetik, Udalak Etxekideri lagako diola udal-lurzati bat, behin kolektibo honek proiektua osatu eta formalki eskatzen duenean.
Asteartean aurkeztu ziren jardunaldietan hainbat hizlarik parte hartuko dute; belaunaldien arteko harreman sanoak izateko etxebizitza kolaboratiboek duten potentzialari buruz hitz egingo dute, jarraibide onak elkartrukatuko dituzte, azalduko dute badirela alor honetan espezializatutako aholkularitza-taldeak, eta finean, hausnarketa egingo dute auzokideen komunitateen harreman sistemari buruz. Jardunaldiak bi egunetan zehar egingo dira, 18:30etik 21:00etara, Kondestable jauregiko lehen solairuko hitzaldi-aretoan, eta sarrera librea izango da.
Babes publikoa izango duen gizarte-ekimena
Jardunaldien lehen egunean Udalak berariazko txosten bat aurkeztuko du, non Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak azalduko baitu zein izango den administrazioaren egitekoa gizarte-proposamen honi heltzeko orduan. Abaurreak Udalaren konpromisoa agertuko du gizarte hobekuntza bilatzen duten ezaugarri horietako ekimenak sustatzeko.
Horregatik, Iruñeko Udala udal-lurzatiak lagatzeko prest agertuko da, “erabilera lagatzeko kooperatibek” ezaugarri horietako eraikinak egin ditzaten egoera ekonomiko onuragarrian. Ezaugarri horietako lurzati baten adibide da Sanduandia kalekoa, zeina hamarkadak daramatzan hutsik, eta non 10 etxebizitza inguru egin ahalko baitziren (bakoitzaren tamainaren arabera), eta beheko solairuko lokalean gune komun bat.
Bigarren lan-ildo gisa, zinegotziak beste formula batzuk hartzeko aukera agertuko du: birgaitze-lanak egiteke dituzten eraikin publikoak saldu edo lagatzea era horretako kooperatibei, betiere Udalak alokairuan edo pisuaren prezioan murriztapenak egiteko formula ekonomikoak baliatzen ahalko dituelarik, birgaitze-lanen kostua aintzat hartuta.
Hirugarren konpromiso gisa, Iruñeko Udala arau izaerako hainbat proposamen prestatzen ari da, Nafarroako Parlamentuari edo Nafarroako Gobernuari ekarpen gisa helarazteko, balizko lege-aldaketa baten aurrean. Etxebizitza eskuratzeko formula kolaboratibo hau sustatzea da helburua. Nafarroako Gobernuko ordezkariek ere jardunaldietan parte hartuko dute, 2016ko abenduaren 15ean onetsi zen Etxebizitzako Foru Legearekin Nafarroan zabaltzen diren aukera berriei buruz Gobernuaren ikuspegia zein den azaltzeko.
Gehien dakitenak, jada horretan dihardutenak
Etxebizitza kolaboratiboei buruzko proposamen zehatz bat egiterako orduan zalantza ugari sortzen dira. Horri buruz asko dakite Fiare Banka Etikoko Juan Garibik eta Jubilares elkarteko (Madril) ordezkari Miguel Ángel Mirak. Lehenengoak era honetako komunitateen jabetzaren forma juridikoari buruz hitz egingo du FIAREren ikuspuntutik –ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak finantzatuta gizartearen eraldaketaren zerbitzura dagoen tresna da FIARE–. Bigarrena, hain zuzen ere, komunitate autogestionatuak sustatu eta horien gainean aholku ematen duen elkarte bateko bozeramailea da, elkarte bat zeinak proiektuak baititu Katalunian, Madrilen eta Asturiasen.
Esperientzia zehatzak Iruñean etxebizitza kolaboratibo bat egiteko lehen ekimenaren sustatzaile diren Etxekide taldeko kideen eskutik ezagutuko ditugu, , bai eta eta Joan Gualen eskutik ere, era honetako Bartzelonako lehen kooperatibaren, La Borda kooperatibaren ordezkari gisa. Kooperatiba hau La Bordeta auzoko bizilagun talde batek sustatu zuen, Sants-Montjuïcen. Otsailaz geroztik 6 solairu izango dituen egurrezko eraikin bat egiten ari dira Can Batllón, udalaren lurzati batean eraikia, non adin guztietako berrogeita hamar lagun inguruk bizitza partekatu ahal izangobaitute bertan egingo diren 28-30 pisuetan, “erabileralagatze” sistema baliatuta. Ekimen aitzindaria da Bartzelonan.
Halako auzoteriak adinekoengan izan dezakeen eraginari buruz hausnarketa egiteko, hots, Espainian gehien hedatu den senior cohousing delakoaren eraginari buruz aritzeko, Donostiko Matia Institutu Gerontologikoko zuzendari zientifiko Mayte Sanchok hartuko du hitza. Adinekoak artatzeko ereduekin harremanetan jarriz helduko dio gaiari hizlariak, zaharkitze aktiboaren paradigman ematen diren aldaketen ondorioz eta gizarte zaharkituek eskatzen dituzten baldintza sozioekonomikoengatik alor hori etengabe aldatzen ari baita.
Partekatzen eta elkarlanean bizitzeko modu bat. Cohousing edo etxebizitza kolaboratiboak
2017ko urriaren 19an eta 20an. Kondestablearen jauregia. Lehen solairuko hitzaldi-aretoa.
18:30 – 21:00
Sarrera librea
2017ko urriaren 19a, osteguna
Irekiera eta aurkezpena
Hitzaldiak
- Joan Gual. La Borda kooperatiba (Bartzelona)
- Joxe Abaurrea, Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkaria
- Nafarroako Gobernuko ordezkaria
- Juan Garibi, Fiare Banka Etikoa
2017ko urriaren 20a, ostirala
Irekiera eta aurkezpena
Hitzaldiak
- Mayte Sancho, Matia Institutu Gerontologikoko zuzendari zientifikoa (Donostia)
- Miguel Ángel Mira, Jubilares elkartea (Madril)
- Etxekide kolektiboko ordezkaria.