NUP-en 30. urteurreneko ospakizun astea abian da

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 2a, 19:54

Errektoreak eta nafar agintariek “En abierto/Zabalik” erakusketa bisitatu dute gaur goizean Kondestablearen jauregian, eta ostiralera arte egonen da zabalik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur hasi du bere 30. urteurrena foru erkidegoko herritar guztiekin batera ospatzeko prestatuko jardueren astea. Inaugurazio-ekitaldi ofiziala gaur goizean egin da Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta bertan egon dira Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakaria, eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Hitzaldien ondoren, agintariak “En abierto/Zabalik” erakusketan izan dira. Rural Kutxak babesten du erakusketa, eta 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era bisitatzeko aukera egongo da urriaren 6ra arte, ostirala.

Gaur, astelehena, urriak 2, egingo diren jarduerak "Ondarea, Historia, Kultura eta Komunikazioa" gaiari buruzkoak dira, eta honela banatzen dira: aipatu berri dugun erakusketaz gainera, "Gela irekia", "Saio zientifikoak", "Erakustaldiak", kaleko jarduerak eta “Zona Ocio 30”.

Iruñeko Arrosadiko campusean “Gela irekia” garatzen da, unibertsitate bateko eskola batera joateko ematen diren egiazko irakasgaiekin, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez, irakasleak zein diren. Batez ere DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta LHko ikasleei zuzenduta daude, baina ikasle ohiek eta beste edonork ere badute parte hartzeko aukera. Sei bosturteko hauetan 35.000 tituludun baino gehiago prestatu dituzten irakaskuntzei buruzko erakusketa bat da. Gaurko saioak enpresaren ekonomiari (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez) eta eskolako komunikazio digitalari eta ikus-entzunezko komunikazioari buruzkoak izango dira.

SAIO ZIENTIFIKOAK ETA ERAKUSTALDIAK

.

Bestalde, Kondestablean, "Saio zientifikoak" (Caixa Bankek babestuak) egingo dira, ikertzaile, aditu eta profesionalei zuzenduak. Gaur, astelehena, aztergai izan dituzte oroimen historikoa; uraren erabilerak; datuen kazetaritza; Nafarroako Erdi Aroko azken errege-erreginak; Nafarroako identitatea eta espainiar nazionalizazio prozesua; eta Medikuntzaren eta Zuzenbidearen irakaskuntza zinemaren bidez. Horretaz gainera, Civicanen, desgaitasuna duten unibertsitateko tituludunak lan munduan sartzea izan dute aztergai.

Programa barruan daude, halaber, “Erakustaldia” izeneko ekitaldiak. Kondestablean egingo diren jarduera parte-hartzaileak dira, jolas ikuspegi bat dutenak, eta haien helburua da ikerketa-jarduerarekiko jakin-mina piztea. Jende guztiari zuzenduta daude. Goizean, gerrialdeko bizkarrezurrari, bizimodu osasungarrien sustapenari, sagarrondoen barietate zaharren erakusketa eta dastari eta ekonomiari buruzko lantegiak egin dira.

Arratsaldean, 17:30etik aurrera, kaleko jarduera bat egingo da. "Ikastetxeak eta NUPek beren historia dantzatzen dute" du izena, eta koreografia bat egingo da Iruñeko Kale Nagusian, haurren eskutik, Irakasletzako ikasleek zuzenduta, Eskola Normalaren sorreraren 186. urteurrena ospatzeko.

POSTEGIARI BURUZKO ELKARRIZKETA

Gero, 19:30ean, Kondestablean, “Etika, Humanismoa eta Zientzia Elkarrizketak” zikloko lehenengo hitzaldia egingo da. Gaurko gaiei buruzko pentsamendu eta eztabaida foro bat da, eta Laboral Kutxak babestu du. “Gizartea postegiaren garaian” izango dute eztabaidagai Antonio Rovirak (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta jarduneko ararteko ohia), Alfonso Carlosenak (NUPeko errektorea) eta Juan Ignacio Pérez Iglesiasek (Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta unibertsitate horretako Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendaria). Interesa duten pertsona guztientzat dago zabalik ekitaldia, baina toki mugatuak daudenez, helbide honetan eman behar da izena: www.dialogosnavarra.com. Saioa zuzenean eta "streaming" bidez jarraitzeko aukera egongo da Zentral tabernako pantaila handi baten bidez (Santo Domingoko merkatua).

Azkenik, “Zona de Ocio 30” izenekoaren barruan, Zentral tabernan ikasleentzako gune bat egongo da (“World café”, 18:00etatik aurrera), eta NUPeko Antzerki Taldeak "Valmy doktorearen historia bikoitza" antzezlanaren antzezpena egingo du, Antonio Buero Vallejo antzerkigileak idatzi eta Óscar Orzaiz Resanok zuzendua. Antzezlana 21:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.

Jarduera guztiak, ordutegiak, tokiak eta aurretiaz izen-ematea beharrezkoa den edo ez argitzen duten xehetasunak, bai eta asteko gainerako ekitaldiak ere, kontsultatzeko daude 30. urteurrenaren web orrialdean

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!