UEUk egoitza iraunkorra izanen du Ezpeleta jauregian, kale Nagusian

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 27a, 17:57

UEU eta Hezkuntza Departamentuko ordezkariak

17 urteren ondotik Hezkuntza departamentuak eta UEUk elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Zazpi ikastaro eskainiko dituzte Iruñean udazkenean. 

Ia bi hamarkadaren ondotik, Nafarroako gobernuak eta UEUk hitzarmena sinatu dute, Iruñean ere euskarazko ikastaroak eskaintzeko. Oraingo honetan 7 saio programatu ditu UEUk Nafarroako Hezkuntza Graduetako ikasleen beharrizanei erantzun asmoz. Hala ere, aurrera begira, eskaintza hedatu eta bestelako ezagutza-arloetara zabaltzeko asmoa adierazi dute Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta UEUko zuzendari Iñaki Alegriak.

Iaz, Hezkuntza departamentuko Unibertsitateen Zuzendaritzak 3 ikastaroren antolaketaren finantzaketan lagundu zuen. Aurten “bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dugu, aspaldi alde batera utzita zegoen elkarlana berreskuratzeko eta denboran iraunkortzeko asmoz”, azpimarratu du Maria Solana Hezkuntza kontseilariak.

Izan ere, “gobernu honi ere badagokio euskarazko unibertsitate mailako ikasketak osatzea, eta oro har, formazio etengabea euskaraz bermatzea. Oraingo honetan, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik gauzatu dugu kalitatezko hezkuntzarekin gobernu honek duen konpromisoa”, gehitu du Solanak.

Egoitza egonkorra

Horretaz gain, Alegriak iragarri du aurrerantzean Ezpeleta jauregia izanen dutela egoitza egonkor gisa, Iruñean. “Ilusio handiz esan dezakegu urte askotan zehar toki batean eta bestean ibili ondoren, udako ikastaroentzat egoitza egonkorra eskaini digula Hezkuntza sailak Ezpeleta jauregian, Iruñeko bihotzean. Bihotzez eskertzen dugu gure alde egin duzuen apustua, eta ziur gaude emaitza oparoak ikusiko ditugula elkarrekin”.

 

UEUren lanaren garrantzia

UEUko zuzendari Iñaki Alegriarekin batera egindako prentsaurrekoan Hezkuntza kontseilariak adierazi du “euskara eta unibertsitatea lotzeko aukera ematen digu UEUk, kalitatezko formazioan sakontzeko osatzen duten eskaintza interesgarriren bidez, unibertsitate arloari zuzenduta bai, baina ez bakarrik, interesa duen ororentzat ere badirelako ikastaroak”. Hala, aurrera begira, hitzarmenari eutsi eta oraingo eskaintza Hezkuntza graduetako ikasleei begira antolatu bada, bestelako ezagutza-arloetara heltzea da asmoa.

UEUko zuzendari Iñaki Alegriak ere hitzarmenaren garrantzi estrategikoa azpimarratu du: “UEUk Nafarroan lanean dihardu 1977az geroztik. Urte horretatik aurrera Nafarroako hiriburuan antolatu ditugu udako ikastaroak, hau da, 40 urteko ibilbidea dugu bertan. Azken ikasturtea inoizko arrakastatsuena izan da antolatu dugun jarduerei dagokienez, eta hori nafar eragileekin batera lan egin dugulako da. UEU euskarazko formazioan erreferentzia bilakatu nahi du Nafarroan eta horretarako ezinbestekoa da indarrak bildu eta elkarlana sustatzea”.

Alegriak azaldu duenez, “urte asko dira Iruñeko Udalaren laguntza dugula gure urteko egitasmoan aurrera ateratzeko. Duela bi urte, berriz, NUPekin hitzarmena sinatu genuen formazioa eta argitalpengintzan elkarlana sustatzeko. Pasa den maiatzean batera antolatu genuen IKERGAZTE kongresuaren arrakasta dugu horren emaitza ikusgarria. Eta gaurkoa ohore bat da, poz handiarekin sinatzen dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailarekin 17 urte eta gero hitzarmen hau”.

UEUko zuzendariaren hitzetan, “sinergiak indartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, lortu nahi ditugun helburuak ere handiak direlako: euskara normalizatzea unibertsitatean, nafar profesionalak formatu, tokiko behar akademikoei erantzun eta etengabeko euskarazko formazioaren erreferentzialtasuna areagotu”.

Hala, Alegriak adierazi duenez, “gaur sinatzen dugun hitzarmen hau dagoeneko edukiz beteta dator”. Izan ere, udazken honetarako 9 ikastaro antolatu dituzte, horietatik 7 Hezkuntza sailaren laguntzarekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!