Ikastetxe edo ikastola publikoetan lanak egiteko Iruñeko Udalaren planak Iruñeko hamar ikastetxe barne hartuko ditu urteko azken hiruhilekoan. Guztira, 516.940,67 euro inbertituko dira hainbat lan egiteko, hala nola pertsianak aldatu, komunak berritu, espazioak txukundu, iragazketak konpondu edo suteen aurkako sistemak paratzea. Inbertsio-planaren berri eman da Herritarren Aferen batzordean.
Inbertsiorik handienak Amaiur ikastolan eta San Frantzisko ikastetxe publikoan eginen dira, 117.668,35 euro eta 114.812,56 euro, hurrenez hurren. Amaiurren komunak berrituko dira, eta ikastetxeko pertsianak aldatu dira dagoeneko. San Frantziskon beheko eta lehen solairuko komunak berrituko dira, eta zenbait jarduketa egingo dira suteen aurka babesteko instalazioez bezainbatean.
Iturrama IPan 83.149,28 euro inbertituko dira ikastetxean aluminiozko leihoak instalatzeko. Vázquez de Mellan ikasleendako komun bat eta irakasleendako beste bat egingo dira. Aurrekontua 73.526 eurokoa da. Hiru ikastetxetan 20.000na mila eurotik gora inbertituko dira. Hegoalden gimnasiora sartzeko arrapala bat egingo da, 26.942,59 euroko gastuarekin. Horrez gain, Hiri Kontserbazioko Alorrak gimnasioko zorroten iragazketak konpondu ditu. San Jorgen 22.612,31 euro inbertituko dira ikastetxeko sukaldeko sabaian fibrozementua aldatzeko. Elorrin bi jarduketa egingo dira, 20.150 euroko aurrekontuarekin. Alde batetik, patio estali txikiko kanalizazioak hobetuko dira iragazketak ekiditeko; eta, bestetik, gimnasioko sarreran dagoen kanpoko harmaila txukunduko da.
Ermitagaña IPan azken fatxadako leihoak berrituko dira, eraikinaren hegoaldean, 18.052 euroko gastuarekin. Bernat Etxepare eta Patxi Larrainzar ikastetxeek osatzen dute obren zerrenda. Lehenengoan 8.590,58 euro inbertituko dira kanpoaldeko gune estaliko sabai aizuneko lamak konpontzeko. Lizitazioan beherapenik egongo balitz, metalezko burdin hesi bertikala kendu liteke, ikastetxeak berak eskatu duen bezala. Patxi Larraintzarren 6.000 euro inbertituko dira suteen aurkako sistemaren egungo instalazioa aztertu eta berrikuntzak egite aldera.
3.000 euro, ikastetxe publiko bakoitzarendako
Urtea amaitu arterako ezarri den inbertsio-plan honetaz gain, Iruñeko Udalak 3.000 euro emanen die hiriko ikastetxe edo eskola publiko bakoitzari, egoki jotzen dituzten lanak edo hobekuntzak egin ditzaten haien instalazioetan.
Helburua da ikastetxeen esku jartzea diru-kopuru bat haiek unean-unean egoki jotako lan txikiak egiteko balia dezaten, espazioak modu hobean egokitze aldera, ikasleen nahiz irakasleen onerako. Horrela, lan edo egokitzapen txikiak egin daitezke proiektu bat diseinatu edo administrazio-espediente bat egiteko beharrik gabe eta horien zain egon gabe, horiek lanak luzatzea ekar baitezakete.
Ikastetxe edo ikastola publikoetan lanak egiteko inbertsioak 2017
IKASTETXEA |
KONTZEPTUA |
ZENBATEKOA |
AMAIUR |
Pertsianak aldatzea |
17.421,00 € |
|
Komunak berritzea |
117.668,35 € |
BERNAT ETXEPARE
|
Kanpoaldeko gune estaliko sabai aizuneko lamak |
8.590,58 € |
ELORRI |
Patio estali txikiko kanalizazioa (iragazketak) |
12.150,00 € |
|
Gimnasioaren sarrerako kanpoko harmaila txukuntzea |
8.000,00 €
|
ERMITAGAÑA
|
Azken fatxadako leihoak berritzea |
18.052,00 € |
HEGOALDE
|
Gimnasiora sartzeko arrapala |
26.942,59 € |
|
Gimnasioko zorroten iragazketak |
8.016,00 € |
ITURRAMA |
Leihoak berritzea. Aluminioa |
83.149,28 €
|
PATXI LARRAINZAR
|
Suteen aurkako sistema |
6.000,00 € |
SAN FRANTZISKO |
Beheko eta lehen solairuko komunak berritzea eta suteen aurka babesteko jarduketak |
114.812,56 € |
SAN JORGE |
Sukaldeko sabaiko fibrozementua aldatzea |
22.612,31 €
|
VÁZQUEZ DE MELLA
|
Komun 1 + irakasleendako komuna |
73.526,00 € |