Billebesetan bidaiari gehiago egotea eragin du Hirigunea Atsegin Egiteko Planak

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 25a, 14:21

Azken bi urteetan, %3 handitu da garraio publikoaren erabilpena: orotara, 2.500.000 bidaiari gehiago izan dira; azken bi asteetan, %8koa izan da igoera.

Hirigunea Atsegin Egiteko Planaren balorazio "positiboa" egin du Aritz Ayesa Mankomunitateko presidenteak: billebesak gehiago erabiltzea eragin du. Azken bi urteetan, 2.500.000 bidaiari gehiago izan dira -%3an igo da-; azken bi asteetan, %8koa izan da igoera. Hirgunea Atsegin Egiteko Planaren helburuetako bat garraio publikoak bidaiariak irabaztea zen hain zuzen ere, horregatik, baikor azaldu da Ayesa: "Badirudi lortzen ari garela". 

Hainbat gai jorratu ditu, Mankomunitatearen jardunaren balantzea egiteko prentsaurrekoan. Mugikortasuna izan da jorratutako gaietako bat: autobus gidariei dagokienez, segurtasun neurriak hartu dituztela ziurtatu du Ayesak, bai segurtasun kamerak baita babes kristalak jarrita ere, billabesa gidariek aldarrikatu gisan.

Gizarte abonamenduen kasuan, indarrean segituko dute eta gazte txartelak 26 urtera arte ez, 30 urtera arte balioko dute. 

Hondakinak, erdigunean

"Erronka handiena" hondakinak dira, Mankomunitatearen; orain arte "urrats batzuk" egin badira ere, ez direlako "nahikoa". Horregatik, hondakinen kudeaketarako instalazio berri bat eginen dute, "ahalik eta eraginik txikiena" duena eta "ingurugiroarekin bat" doana. 

Halaber, hondakinak bere kabuz biltzeko bideari ekinen dio entitateak, baina oraindik ez du horretarako bideorriarik idatzi. 

Uraren gaian, kanonik ez

Ura. Mankomunitatearen beste eskumenetako bat: kontsumoa aurreko urtekoarekin bat doala eta urte lehorra izan dela esan dute mankomunitatetik. Egin nahi izan dute ohar bat, dena dela, ubideari dagokiona: Iruñerria da Nafarroako Ubidetik ura hartzeagatik ordaindu behar duen bakarra, 10 milioi euro ordaindu ditu jada. Horregatik, kanon hori "bidegabea" dela salatu du Ayesak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!