Hiromi Yoshida idazle japoniar euskalduna Zaldikon

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 20a, 17:09

Bere azken itzulpena aurkeztuko du, Takiji Kobayashi japoniar idazlearen “Nagusia kanpoan bizi da”, Katakrak argitaletxeak plazaratutakoa. Ekitaldia gaur asteazkena, 20:00etan izanen da.

Hiromi Yoshidak duela hainbat urte ikasi zuen euskara, eta egun, euskara irakaslea da Japoniako unibertsitate batean, eta gainera, Japonian euskara ikasteko metodo berri bat argitaratu du. Horrez gain, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburua japonierara itzuli zuen.

 Gaur idazle japoniar euskaldunak bere azken itzulpena aurkeztuko du gure elkartean, Takiji Kobayashi japoniar idazlearen “Nagusia kanpoan bizi da” izenburuko liburua euskaratu baitu, katakrak argitaletxeak plazaraturik. 

Hona hemen lan horren bi pasarte:

 

Nagusia kanpoan bizi da 

«Lehen, herri guztietan, errentarien txabola erdi erorien artean, nagusiaren etxearen hormak nabarmentzen ziren kurriloa bezain zuri. Pobreen eta aberatsen arteko desberdintasuna izugarria izaten zen. Baina hori aspaldiko kontua zen. Orain, Hokkaidoko nekazari herrietan, nagusiak ez ziren bertan bizi. Ez zeuden herrietan. Izan ere, nekazari herrietan, ez zegoen kultur ekitaldirik; simaurren eta abereen kaken usaiez beteta zeuden. Nekazari zahar, konkortuak besterik ez zeuden; nork bizi nahi zuen toki horietan? Jakina, nagusiak ez zuten kulturarik gabeko herri pobreetan bizi nahi, lehengo nagusiek ez bezala. Eta, beraien ordez soroez eta errentariez arduratzeko administratzaile bat jarri ohi zuten. Sistema horrekin, nagusiak Tokion edo Otarun edo Sapporon egoten ziren, hirietan beraz. Eta errentak kontatzeaz soilik arduratzen ziren. S izeneko herria ere horietako bat zen.»

«Langile asko eta asko ekartzen zituzten, jario etengabean, laneko arropaz jantzita. Egunero, hamar egunean jarraian, hogei egunean jarraian, sarekadak izan ziren. Jai zeukaten polizia guztiak, salbuespenik gabe, lanera deitzen zituzten eguneko yen erdi baten truke. Goizetik hasi eta gauera bitartean, batetik bestera eten beharrean ari behar izaten zuten lanean, leher egin arte. Hain ziren neke, zaintza egokitzen zitzaienean loak hartzen zituela. Eta zeini, eta beraiek atxilotu zituztenei kontatzen zieten gero hain juxtu ere, zein bizimodu neketsu eta gogorra zeramaten! Polizien kexuak entzun beharra zeharo bitxia gertatzen zitzaien atxilotuei, izan ere polizia haiexek ziren euren torturatzaileak, eta oso ondo zekiten zenbateraino ziren erreakzionarioak.»

1928ko martxoaren 15a

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!