Ondare naturala balioesteko sentsibilizazio-kanpaina hau gaur Txantrean hasiko da, eta beste hiru auzotara zabalduko da urtea amaitu baino lehenago.
Bada Txantrean zuhaitz bat, auzoan diren 6.000tik gorakoen artean, aintzatespena jasoko duena urriaren 23an. Iruñeko Udalak hala erabakita Txantreako auzoan hasiko da ekimen hau abiatzen, baina hiriko auzo guztietan gauzatuko da Ezagutu zure auzoko zuhaitzak. Aukeratu urteko zuhaitza izeneko ekimena. Horren asmoa da, hain zuzen, programa honen bitartez hiriko ondare naturalaren berri ematea eta herritarrak sentsibilizatzea haren garrantziaz.
Prozesu bera gauzatuko da auzo guztietan. Lehenengo eta behin, auzotarrek edo auzoko elkarteek hautagaitzak aurkeztuko dituzte, eta Udalak sei aukeratuko ditu horien artean. Hortik aurrera, bisitak eginen dira auzoko zuhaitzetara, haien gaineko azalpenak emateko, eta ondoren bozketa-aldia zabalduko da, aurrez hautatu diren aleen artean bat aukeratzeko. Bozketaren emaitzak zedarrituko du zer zuhaitzi egiten zaion aintzatespen ofiziala. Honako hau pilotu-ekimena denez, kasu honetan Iruñeko Udalak zehaztu ditu Txantreako zuhaitz-hautagaiak Zuhaitz Zaharren Lagunak elkartearekin batera.
Helburua da hautatu alea erreferente bat izatea auzotarrentzat urte osoan zehar, betiere kontuan harturik haren garrantzi historikoa, ingurumenekoa, monumentala edo sentimentala. Zuhaitzean seinale bat paratuko da haren gaineko informazioa jasotzeko, eta ingurune hori marko gisara erabiliko da ekitaldi publikoetarako zein eskoletako ikasleen irteeretarako. Halaber, hautatu zuhaitza auzoetako zuhaitz berezien sareari atxikiko zaio. Aurreikuspenen arabera, prozesu hau lau auzotan eginen da aurten, eta 2018an jarraipena edukiko du beste auzoetan. Datozen urteetan, halaber, gero eta handiagoa izan daiteke auzo bakoitzeko zuhaitz hautatuen sarea, prozedura hau erabiliz.
Gaur goizean, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Iruñeko Udaleko Parke, Lorategi eta Berdeguneetako zuzendari tekniko Mikel Baztanek eta Zuhaitz Zaharren Lagunak elkarteko kide Mikel Belaskok aurkeztu dute Txantrean astelehenean abiatuko den ekimen hau. Iruñean, Arbomap kudeaketa-aplikazio digitalaren arabera, 57.600dik gora zuhaitz daude inbentariaturik, guztira 450 espezie ezberdinetakoak. Horietako 15, halaber, nabarmen edo bikain gisara katalogatuta daude ingurumena babesteko arauen arabera. Orain, auzotarrek balore bat ezartzen ahalko dute gustukoen dituzten aleetarako.
31 egun zuhaitz bat hautatzeko
Txantrean badira hiru auzotar baino gehixeago zuhaitz bakoitzeko, guztira, 19.820 bizilagun. Horiek edukiko dute aukera, hain zuen, alerik gogokoena hautatzeko aurrez aukeratutako sei horien artean. Sei horiek hautatzeko, galbahe batetik pasatu ziren auzoan diren ia 6.000 ale, 223 espezie eta barietate ezberdinetakoak. Bihartik aurrera, asteartearekin batera, eta irailaren 22ra bitarte, informazio-materiala banatuko da auzoan, hautagaitzek ahalik eta oihartzun handiena eduki dezaten. Argitaratu dira, jadanik, auzoko aldizkarian eta datozen egunetan triptikoak banatuko dira etxeetako buzoietan, bai eta informazio-kartelak paratu ere eremuko establezimendu publiko eta pribatuetan.
Hilaren 6an, ostiralarekin, 17:00etan, eta 7an, larunbatarekin, 11:00etan, bisita gidatuak eginen dira aurrez aukeratutako aleak ikusteko, Zuhaitz Zaharren Lagunak elkarteko kideen edo Lorategietako Zerbitzuko kideen eskutik. Ibilbideak Munduaren Parkeko sarreratik abiatuko dira (San Kristobal kalearen eta Atarrabiako etorbidearen arteko gurutzebidetik).
Bozketa urriaren 9tik 19ra bitarte egin daiteke. 16 urtetik gorako auzotarrek bozkatzen ahalko dute, Txantreako liburutegi publikoan (Arriurdiñeta plaza) jarriko den hautetsontzi batean. Liburutegian ikusgai paratuko dira hautatu diren sei zuhaitzen kopiak, luma-kartoian eta 1,5 metroko irudietan. Material hori ikastetxeetan ere banatuko da. Bide digitala ere baliatu daiteke bozka egiteko, erabaki.pamplona partaidetzako tresnaren bitartez, non kontsultaren gaineko informazioa txertatuko baita. Azkenik hautatu den zuhaitzak urriaren 23an jasoko du izendapena. Egun batzuk geroago, urriaren 28an, jaia ospatuko da eta orduan jarriko da, baita ere, seinalea zuhaitzean.
Prozesu hau beste hiru aldiz errepikatuko da 2017. urtea amaitu baino lehen. Udalaren jarrera irekia da kontu honetan, eta prest dago interesa duten auzoekin hurrengo urtera ere zabalduko den egutegi bat osatzeko, auzoetako elkarteek, entitateek eta auzotarrek egiten duten eskaerekin bat. Eskaerak gaurtik aitzina egin daitezke, 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (edo 948420100ean).
Zuhaitz baten balioak
Zuhaitz bat hiltzen denean, Granada izeneko arau bat dago haren garrantzi ekonomikoa balioesteko. Esan gabe doa ale baten balioak -antzinatasunaren eta biodibertsitate-indizeen mailaren araberakoak izan ohi direnak-, nolanahi ere, askotarikoak direla. Zuhaitz batek oxigenoa ekoizten du, bai eta berotegi-efektua murriztu, kutsadura akustikoa gutxitu, hauts eta bestelako kutsatzaileen partikulei atxiki, itzalak sortu eta euri-urak erregulatu ere. Efektu estetikoa, zuhaitzei begira daudenen aldarte emozionala hobetzen duena, herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzaren osagarri da, halaber.
Orain, hiriko auzotarrek, aurrekoez gain, beste kontzeptu batzuei helduko diete ondare naturalaren balioa neurtzeko. Izan ere, auzo bakoitzeko herritarrek aukera edukiko dute ingurumeneko edo ekonomiako balioez gain beren kaleetan egunero ikuste dituzten aleen balio sentimental edo historikoa ere azaltzeko: esaterako, ikastetxe batekin batera landatu zen zuhaitz hura, edo lagunekin geratzeko erabiltzen zena, edo bestelako kontzeptu batzuk, zeinak txikiak diren arren garrantzitsuak izan daitezkeen hiri bateko eguneroko bizitzan.
Iruñean, Udaleko Parke, Lorategi eta Berdeguneetako Zerbitzua arduratzen da zuhaitzen kontserbazioaz. Horretarako, honako baliabide hauek erabiltzen ditu: lau brigada, mantentze-lanetarako, zuhaitzak ikuskatzeko taldea eta ArboMap Informazio Geografikoko berariazko sistema profesionala, zuhaitzak kontrolatzeko. Hau bezalako ekimenek, baina, kopartaide bihurtu nahi dituzte herritarrak ondare honen babes-lanetan; izan ere, halako ondareek hiriko bizi-kalitatea eta hiriaren itxura hobetzen dituzte, eta bere ingurunea gizalegez zaintzen duen gizarte garatu baten adierazle dira.
Ale-kopuruaren arabera, honako hauek dira landatuta dauden espezie nagusiak: platanoak, astigarrak, lizarrak, almezak, gereziondoak eta ezkiak.
Auzoko zuhaitza Txantrean
- Hautagaitzen aurkezpena: Irailaren 18an, astelehenarekin, 12:00etan. Material banaketa: irailaren 19tik 22ra.
- Bisita gidatuak: Urriaren 6an, ostiralarekin, 17:00etan, eta 7an, larunbatarekin, 11:00etan. Irteera, Munduaren Parkeko sarreratik (San Kristobal kalearen eta Atarrabiako etorbidearen arteko bidegurutzetik).
- Bozketa-aldia: urriak 9 (astelehena) - 19 (osteguna)
- Urteko zuhaitzaren izendapena: urriak 23, astelehena
Festa eta zuhaitzean seinalea jartzea: urriaren 28an, 11:00etan