Txantreako parke berriak badu diseinua

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 12a, 13:20

Begibistan taldearen proiektuak irabazi du Txantrean parkea sortzeko ideiarik onena izan duelakoan. 100.000 metrotan berdeguneak, parkeak, jolas tokiak eta baratzeak izanen ditu. Aurreproiektua da gaur aurkeztutakoa. 

Begibistan izeneko proposamenak irabazi du lehiaketa. Txantrean, hegoaldean dagoen orube multzoan parke bat sortzeko xedearekin hamaika lan aurkeztu zituzten. Irabazlearen proposamena izan da borobilena Udal teknikarien ustez. 

4,19 milioi euroko aurrekontuarekin 100 mila metroko parkea osatzea da orain helburua. Kilometro bat luze eta ehun metro zabal lituzke parkeak. Gehiena berdegunea litzateke baina jolaserako, lasai egoteko edo bizilagunek egindako eskaera zenbait hartzeko ere lekua izanen da: parkour edo skate-ean aritzeko adibidez. Ikastetxeetako haurrek baratza eraiki dezaten edo bizilagunen kudeaketarako tokia ere izanen du.

Parkea bizikletaz eta oinez zeharkatzen ahalko da eta Magdalenako zubitik eta Burlataraino doan errepidea, parkearen hertzetik doana Txantrea osoa zeharkatuz, bi erraileko errepidea izanen da, bat norantza bakoitzeko. Mugikortasun atseginaren aldeko apustua beste behin, autoak 30 kilometro orduko abiadura hartu ahalko dutelako gehienez ere.

Parte hartzea ere sustatu dute

Proiektu honetan kontuan hartu dira Txantrean bizi direnen nahiak, gogoak eta eskaerak. Hala, Irubide ingurua eta Josefinas izeneko baratzeetako hesia mantendu eginen dira bere horretan, parke berriarekin konexioak sortuz.

Parkearen diseinua egiteaz gainera kudeaketan eta mentenimendu lanaz ere jabetu dira. Hala, aurreikuspenek diote %50 jaitsiko dela mantenimendua kostua. 

Ur gutxiago erabiliko da ureztatzeko, parkearen beraren diseinuari esker. Bioaniztasuna, naturari bere bidea egiten uztea eta jasangarritasuna izanen dira parkearen filosofia.

Begibistan izeneko proiektua da aurkeztu dutena. Oraindik, aurreproiektua da. Bihar Hirigintza batzordean landu eta erabakiak hartuko dituzte. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!