'Denok gara arraroak' erakusketa, enpatiaren eta bitxikerien inguruan hausnartzeko

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 4a, 08:17

Carlos Mauricio Bernalek artistak 50 erretratu "erreal" bildu ditu erakusketa osatzeko. Ziudadelako bolborategian ikus daiteke, irailaren 10era arte.

Denok gara arraro. Horra Carlos Mauricio Bernal Lizarragaren argazki-erakusketaren izenburua, zeinak biltzen baititu 50 erretratu non nabarmentzen baitira adierazkortasuna eta errealitatea. Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zuzendari Maitena Muruzábalek eta Carlos Mauricio Bernal artistak aurkeztu dute gaur goizean erakusketa, zeina irailaren 10era arte ikusgai egongo baita, Ziudadelako Bolborategian. Erakusketa asteartetik ostiralera ikus daiteke, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Proiektu honen abiapuntuan, “denok gara arraro” esateak erreferentzia egiten dio “denok gara berezi, bakar eta errepikaezin” ideiari, halako maneran non gizakiaren garapenerako eta ezagupenerako espektro bikaina osatzen dutela kultura-, ideia-, zaletasun-, iritzi-, akats- eta bertute-aniztasunek. Aurpegi horien bidez artistak pertsona bakoitzaren sentimenduak, iritziak, motibazioak eta grinak agertu nahi ditu, enpatia-, elkar ulertze- eta tolerantzia-harremanak indartzen laguntzeko. Beste batzuen errealitatera hurbiltzen da, begirada tolerante baten bidez, epaitu gabe, ezezagun zaiguna ulertzeko asmoz, hartara gure desberdintasunekin enpatizatzeko. Bigarren helburu gisa mahaigaineratu nahi da halako ideia bat, zeinaren arabera argazki-erretratua bidea izan daitekeen bestelako edertasun-kanon batzuen alde egiteko, kanon erreal eta gizatiarragoen alde, publizitate-argazkigintzak edo gaizki deituriko “argazkigintza sozialak” inposatu nahi dizkigun “perfekzio-ereduei” kontra egiten dioten horien alde.

Errealitatea ulertu eta enpatia ahalbidetu

Egilearen hitzetan, “ez da nire asmoa pertsonen errealitatea aldatzea, baizik eta errealitate horiek ulertzea eta horiekiko enpatia apur bat sentitzea. Hartara, bizitza ez da nire begien aurrean gertatuko, baizik eta nirekin bat". Eta gehitu du hauxe ere: "babesturik sentitzeko inoiz eraiki dugun harresi krudel, bidegabe, ez-solidario eta baztertzaileenaren muina da, zalantzarik ez, ezagutzen ez ditugun pertsona edo gizarteen inguruan balorazio-epaiak ematea eta aurreiritziak osatzea”. Horregatik jarrera toleranteago baten aldeko apustua egiten du, harresi baztertzaileetako batzuk hauste aldera.

Carlos Mauricio Bernal Lizarraga Kolonbiako herri txiki batean jaio zen, Fusagasugá izenekoan, 1965ean. 18 urterekin Bogotára joan zen, eta Gizarte Komunikazioa eta Kazetaritza lizentziako ikasketak egin zituen, Sabanako Unibertsitatean.1991n graduatu eta hurrengo urtean Iruñera etorri zen, 5 urteko Doktoretza egiteko, Komunikazio Publikoan, Nafarroako Unibertsitatean.

Aurrez beste banakako erakusketa bat egin zuen, Pacientes nº 123 izenekoa. Artistak duen melorreostosi izeneko eritasun arraro bati buruzko hausnarketa da, argazkien bidez, eta 2012an Zipaquirá-n (Kolonbia) eta Kondestablen ikusgai egon zen, eta 2013an, Nafarroako Argazki eta Zinema Elkartearen Contraluz galerian. Sanduzelaiko Civivoxean egin zen Iruña kultur hiriburu talde erakusketan ere parte hartu zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!