Ziudadelatik ihes egiteko erronka, zine-estreinaldiak euro baten truke ikusteko aukera, abentura-jarduerak uretan zein airean hiritik irten gabe, taldeka edo begirale pertsonal batekin, doako jarduerak egunero eta zaletasun oro asetzeko modukoak, Gaztediaren Etxean... Hori guztia da Txankletak"17, Iruñeko Udalaren udako proposamena gazteen aisialdirako.
Aisialdi-tarteetarako eskaintza zabala egin nahi du Udalak, besteekin elkartzea sustatzeko eta bestelako zaletasunak ez dituzten gazteei haien intereseko jardueratan hasteko aukera eskaintzeko. Kirol-aisialdia eta aisialdi lasaiagoa, beti ere hiri barruan, uztailaren 22tik irailaren 9ra arte egingo den jarduera sortaren bitartez. Programa berritzailea da, eta ordezkatu nahi ditu iazko udan estreinatu ziren abentura anitzeko asteburuak, zeinak abiarazi baitziren Udalak udan gazteendako programaziorik eskaini gabe lau urte eman ondoren. .
Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak eta Gazteriako teknikari Manolo Goñik aurkeztu dute, gaur goizean, Txankletak"17. Udalak gazteen erosteko ahalmenari egokitutako programa eskaintzeko esfortzua egin duela nabarmendu dute, azken urteetan ahalmen hori murriztu baita. Horregatik, Gaztediaren Etxetik kanpo egingo diren jardueren prezioa 4 eta 5 euro artekoa izango da, eta Gaztediaren Etxean, egunero, doako programazioa eskaintzea aurreikusita dago, abuztuan zehar. Izen-emateak taldeka zein bakarka egin daitezke, eta kirola egiteko 400 txartel egongo dira eskuragarri, eta programak iraun bitartean saio partikularren ordez trukatu ahal izango dira.
Udal-jarduerak 14 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta daude, baina Ziudadelan egingo den ihes-jokoaren saioetan 12 eta 16 urte artekoek soilik parte hartzen ahalko dute. Ekainaren 22tik 29ra eman ahal izango da izena, Gaztediaren Etxean, aurrez aurre. Argibide gehiago eskatzeko, jo 948 233512 telefonora edo www.pamplonajoven.es eta http://www.pamplonajoven.wordpress.com./ webguneetara.
Abentura irudimenean dago
Ihes-joko edo escape room delakoak -gela batetik ateratzeko bidea topatzea, buru-argitasuna baliatuta- gero eta zale gehiago dituen jarduera da. Abentura grafikoetan maiz agertu ohi den egoera bat benetan bizitzea da jokoaren gakoa: pertsona talde batek egoera jakin baterako irtenbidea topatu behar du, pistak eta hari-mutur guztiak lotuta, elkarlanean. Jarduera hau Ziudadelako Arma Aretoan egingo da: hiru solairutako eraikina, 1.279 m2-koa, egun erakusketa-areto dena, eta bere garaian, artilleria biltegi izandakoa.
Udalaren ihes-joko hau gai hauetan aditua den enpresa batek prestatu du, El legado de Verboom izena du, eta arte garaikidearen alorrean girotuta dago. Egingo diren sei saioetako bakoitzean 300 urtez ezkutuan gordetako sekretuak argitu beharko dira, giltzapetuta daudenek Arma Aretotik atera nahi badute. 30 leku daude saio bakoitzeko, eta talde bakoitzak gehienez ere bost kide izan ditzake (guztira 180 leku daude). Jarduera 20:30ean hasiko da, eta 80 minutu inguru iraungo du.
Beste bizitza batzuk bizi daitezke baita ere zinemaren bidez. Iruñeko Udalak, Golem Yamaguchi eta Golem Baiona zinema-aretoekin elkarlanean, 1.000 zinema-sarrera eskainiko ditu euro batean, uztailaren 23tik irailaren 15era bitarte. Interesa dutenek, udan zehar, gehienez ere bost sarrera erosi ahalko dituzte prezio horretan. Zinematan une horretan ikusgai dauden filmen eta ordutegien artean aukeratu beharko dute (betiere lekurik gelditzen bada). Zinema-txartelak aurrez trukatu behar dira leihatilan.
Saltoka aritu, urpeko igeriketa egin, eskalada...
Ez dago urrun joan beharrik abentura-kirolak egiteko. Premisa horretatik abiatuta, Iruñeko Udalak abenturazko kirol jarduerak programatu ditu hirian. Eskalada edo errapela, Rocópolis-en; urpeko igeriketa, Arantzadiko igerilekuetan edo Guelbenzu Jolaslekuan; akrobata hegalari bihurtu, Salting Iruñako ohe elastikoetan; edo Argan piraguismoa egiten ikasi, Caparrosoren Errota Piraguismo Eskolan.
Guztira taldeka egiteko 10 saio eskainiko dira. Lehenengo hiru jarduerak (2 eskalada saio, 4 urpeko igeriketa saio, 2 salto saio) udako ostiraletan egin ahal izango dira, irailaren 8ra arte, data eta ordutegi ezberdinetan, halako moduan non partaide bakoitzak eskaintzen diren jardueretako bat baino gehiago egin ahal baititu. Piraguismoa uztailaren 22an eta abuztuaren 15ean izango da (larunbatak). Baina jarduerak bakarka egin nahi dituztenendako, banakako 100 txartel daude kirol-modalitate bakoitzeko, ekainaren 22tik irailaren 15era bitarte jarduera non egingo den eta bertara joan ahal izateko. Txartelak Gaztediaren Etxean eskuratu ahal izango dira Txankletas"17 programan izena emateko epean zehar.
Lau proposamenez gozatzeko, hortaz, bi modalitate daude: taldeka (4 euro leku bakoitzeko), edo banakako xartela erosita (5 euroan) -txartel honek laguntza tekniko espezializatuarekin egitekoa den jarduera noiz egin libreki hautatzeko aukera ematen du-. Jardueretan parte hartzeko betekizun bakarrak igeri egiten jakitea (uretan diren jardueretarako) eta arropa egokia eramatea dira. Jarduera bakoitzaren prezioan dagokion asegurua sartuta dago.
Abuztua: egutegi bete-betea
Abuztuaren 1etik 31ra eta 14 urtetik gorako gazteendako 26 jarduera egingo dira Gaztediaren Etxean, egunero bat ezberdina, 19:30etik 21:00etara. Guztiak doan izango dira eta ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Astelehenetik ostiralera eskainiko dira jarduerak (abuztuaren 15ean salbu, jaieguna denez Gaztediaren Etxea itxita egongo baita).
Dastatzeko menu moduko bat izango da eskaintza: salsa, hip hop, dance hall eta sabel dantza master classak eta autoestimu, grafitti edo antzerki-inprobisaziozko lantegiak, txandaka. Buztina modelatzeko, lurrinak egiteko, arropa kustomizatzeko eta eva gomazko orri-markatzaileak egiteko parada ere izango da. Robotika laborategian eta ziber-ikasgelan ere jarduerak eskainiko dira udan, ikasteko avatarrak eta Android mugikorrendako bideojokoak egiten, etab.
Arratsaldea trebetasun dibertigarriak ikasten emateko modua izango da, eta bide batez, urte osoan zehar Gaztediaren Etxean egiten diren jarduerak lehen eskutik ezagutzekoa, zeinak irailetik aurrera berriro ere hasiko diren.