Sanferminen bilakaera, Mikel Bergasaren objektibotik

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 16a, 09:20

Sanferminak izeneko erakusketa Kondestablearen jauregiko patioan ikusi ahal izango da, abuztuaren 18ra arte.

Sanferminetako hogeita hamar argazkik, 1972tik 2002ra eginak, zuri-beltzean, osatzen dute ostegunetik aurrera Kondestablearen jauregiko patioan ikusgai egongo den erakusketa. Irudi horien bidez festen bilakaera eta denboraren joana islatzen duen ibilbidea osatu du Miguel Bergasa argazkilari iruindarrak Sanferminak izeneko erakusketan. Argazkiak abuztuaren 18ra bitarte izango dira ikusgai.

Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zuzendari Maitena Muruzabalek eta Miguel Bergasa argazkilariak aurkeztu dute erakusketa, non festei so egiten zaien, hainbat protagonisten bitartez , 70eko hamarkadatik mende honen hasierara arte. Nondik eta norantz. De dónde y hacia dónde programaren barruan sartzen da erakusketa hau. Iruñeko Udalak ekimen honen bidez sanferminen hainbat gairi buruzko hausnarketa egin nahi du, ekainean zehar, era ireki eta partizipatiboan, Sanferminetako Liburu Zuriaren dinamikaren barruan.

Lehenik, protagonistengana zuzentzen du begirada, haiengan zentratzen du, daudelarik batzuk erritu eta prozesiorako uniformatuta, beste batzuk emozio erlijioso eta jai-girokoen zain, grinaz, baina den-denak iragan denboraren kapsula lausoan geldituak, halako denbora batean non uniformea norberaren etxean erabakitzen zen. 70eko eta 80ko hamarkadetako argazkietan jaiegunetako jantzi dotoreak daramatzaten pertsonak ageri dira, fededunaren harrotasunean; beste batzuk oihal higatu xumeagoekin; eta kolore zuriz jantzita doazen batzuk, gazteen artean hala ezartzen hasi baitzen. Mende hasierako irudiak oso bestelakoak dira, non uniforme zuria baita festaz gozatzen duten gehienek daramatena, behin betiko sanferminetako jantzi gisa ezarrita, eta entzierroan ere aldea dago, non kolore eztanda nabaria den korrikalari, zezen eta hiriaren artean.

Festaren bi alderdi horiek, denboran zeharreko bi begirada horiek, bat egiten dute Bergasaren objektiboan. Erretratuko so barea batetik, bisore laukizuzena eta kontrapikatu leuna lagun, eta formatu errektangularreko begirada dinamikoa bestetik, zeinak argazkiak festaren anabasaren baitako irudi ordenatu bihurtzen dituen. La Pamplonesa, erraldoiak eta buruhandiak, entzierro aurreko ikusmina, entzierroa bera, dantzariak, ekitaldi erlijiosoak, kaleko animazioa... Festen hogeita hamar urte, hogeita hamar argazkitan. Zaharrena 1972koa da, non ikusten baita bizikidetza berezi bat, Yanguas y Mirandako feria-lekuaren eta egun Baluarte dagoen orubeko esperimentazio-artearen kultur topaketen artean. Berriena, 2002koa da, atzerriko bikote baten erretratu eta begirada.

Hiru hamarkadetako ibilbide profesionala

70eko hamarkadako lehen urteetan heldu zitzaion Miguel Bergasari argazkilaritzarekiko interesa, Nafarroako Argazkigintza elkartearen bidez, eta ondoren, Madrilen –1983ra arte han bizi izan zen–, argazkigintza zirkuluekin ezarritako harremanaren bidez: Unibertsitateetako ikastetxe nagusiak, Redor eta Photocentro galeriak, Argazkilaritzaren Errege Elkartea... 1983an ere Latinoamerikan bidaiatzen hasi zen. Paraguay, Bolivia, Brasil, Peru, Ekuador, Kuba, Txile, Uruguai, Panama eta Mexiko bisitatu zituen, non hainbat argazki-erreportaje egin baitzituen, hala nola Paraguaiko mennonitei buruz, Bolivian haragia garraiatzen duten hegazkinetako pilotuei buruz, eta Mexikoko hildakoen gauei buruz. Bergasa zenbait aldizkaritako kolaboratzilea da, telebistarako dokumentalak koordinatzen ditu, eta haren lanak argazkilaritzari buruzko hainbat liburutan agertzen dira.

80ko hamarkadaz geroztik, bakarkako hamar erakusketa baino gehiago egin ditu Iruñean, Huelvan, Madrilen, Bizkaian, Gipuzkoan, Guadalajaran eta Xixonen, baita beste herrialde batzuetan ere, hala nola Paraguain eta Marokon. Honako erakusketa hauek ikusi ahal izan dira: Begiradak Latinoamerikan, Amerikako herri indigenak, Mennonitak, Paraguai eta beste begirada batzuk eta Gizona eta haren lan-ingurunea. Halaber, taldekako erakusketa ugaritan parte hartu du hainbat tokitan: Madril, Valentzia, Las Palmas Kanaria Handikoa, ARCO Feria, Buenos Aires (Argentina), Houston, Tucson eta Florida (Estatu Batuak), eta Erresuma Batua.

Kartel lehiaketara aurkeztutako 24 lan hautatu

Ostegunetik aurrera ere 2017ko sanferminetako nazioarteko kartel-lehiaketara aurkeztutako 24 kartelez osatutako hautaketa ikusi ahal izango da, Kondestable jauregiko atondoan. Horien artean, Iruñean bizi den Maximiliano Cosatti diseinatzaile argentinarraren Sanferminetako goizak kartel irabazlea izango da, baita beste zazpi finalistak ere, eta lehiaketako epaimahaiak hautatutako 16 lan. Erakusketa uztailaren 18ra bitarte izango dira ikusgai.

Joan den apirilean, kartel lehiaketako epaimahai teknikoak, 8 kartel finalistez gain, beste 123 lan aukeratu zituen, hurrengo hilabeteotan antolatu ahal diren erakusketetarako. Horietako bat Merkataritzarekin, hiria hiriago programari lotuta dago, non hautatutako kartel horietako 99 erakutsiko baitira, hiriko auzo guztietako 150 establezimendutan.

2017ko sanferminak irudikatzeko guztira 371 lan aurkeztu ziren. Horien ia erdia, 176 (% 47,44), Iruñetik zetozen, eta beste 83, Nafarroako beste herri batzuetatik. 108 kartel Espainiako beste probintzia batzuetatik iritsi ziren, eta 4, beste herrialde batzuetatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!