Zortzi ebakuntza-gela estreinatu ditu Nafarroako Ospitalguneak

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 13a, 20:15
Uxue Barkos ebakuntza gela berri batean

Azken belaunaldiko ebakuntza-gela hauek segurtasun, erosotasun eta irisgarritasun hobekuntzak ekarriko dituzte pazienteentzat eta lan-baldintza hobeak profesionalentzat. Iaz 32.000 ebakuntza baino gehiago egin ziren. 

Nafarroako Ospitaleguneak (NOG) antzinako Virgen del Camino Ospitaleko bloke kirurgiko berria estreinatu ditu. Horrela, 40 eta 48 m2 arteko 8 ebakuntza-gela egongo dira, eta guztiak edozein ebakuntza kirurgiko egiteko hornituta daude. Instalazio berriek hobekuntza nabariak ekarriko dituzte pazienteentzat nahiz profesionalentzat. Pazienteei dagokienez, segurtasuna, erosotasuna eta irisgarritasuna hobetuko da; profesionalen kasuan, haien lan-baldintzak hobetuko dira.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Uxue Barkos, instalazio berrietan egon da gaur, Osasuneko kontseilari Fernando Domínguezekin, Osasuneko zuzendari nagusi Luis Gabilondorekin, Osasunbideko kudeatzaile Óscar Morachorekin, NOGeko kudeatzaile Antonio Merinorekin, prozesu kirurgikoen zuzendariorde Jon Aricetarekin eta zainketa eta prozesu kirurgikoen zuzendariorde Concepción Morenorekin batera.

  

Lehen solairuan kokatuta, bloke kirurgiko berriak nabarmen handituko du bere azalera. Guztira, 1.835,23 m2 diru eraikita, gaur egun baino % 43 gehiago. Banaketa NOGen dauden gaineko bloke kirurgikoen antzekoa da: "korridore garbi" bat du langileak, pazienteak eta material esterila sartzeko, eta korridore "zikin" delakoa, ebakuntza kirurgikoen ondoren material erabilia ateratzeko eta materiala garbitzeko. Horrez gain, biltegiratzeko eta laguntzeko beste lokal hauek ere baditu: 2 aldagela langileentzat (89,60 m2); paziente anbulatorioentzako aldagela (16,30 m2); 4 administrazio-bulego (36,20 m2); lan-eremua (26,5 m2); atsedenlekua (37,9 m2); 3 biltegi (181,060 m2); transfer eta kontrol eremuak.

Bloke kirurgiko berria abian jartzeko, aldez aurretik zenbait jarduera egin behar izan dira, hala nola klimatizazio-hodiak garbitzea eta desinfektatzea, ebakuntza-gelak balidatzea, ur-sarea desinfektatzea eta airearen eta uraren kalitate-kontrolak, besteak beste.

Azken belaunaldiko teknologia duten beste zortzi ebakuntza-gela

Zortzi ebakuntza-gela horietatik, bi, premiazko ebakuntzak egiteko dira, eta sei, programatutako ebakuntzetarako; 40 eta 48 metro koadro arteko azalera dute. Pazientea prestatzeko aurre ebakuntza-gela bat dute, eta material garbia gordetzeko eremu bat.

Ebakuntza-gelak edozein ebakuntza kirurgiko egiteko prestatuta daude. Ekipamenduari dagokionez, 2,4 milioi euroko inbertsioa eskatu du 2016. eta 2017. urteen artean

Segurtasun eta irisgarritasun handiagoa pazienteentzat

Bloke kirurgiko berria abian jartzeak hobekuntza handiak ekarriko ditu pazienteentzat. Lehendabizi, segurtasun kirurgikoa hobetuko da, ekipamendu mediko eguneratua izango delako eta argiztatze kirurgikoa egokiagoa. Era berean, ebakuntza osteko lekualdaketak igogailuz egitea saihestuko da, bloke kirurgiko berria ABUren (anestesia ondoko bizkorketarako unitatea) solairu berean dagoelako. Horrez gain, igogailu zuzena egongo da eremu kirurgikoaren barruan, ZIUrekin (zainketa intentsiboen unitatea) lotuta.

Halaber, beste ebakuntza-gela bat dagoenez, programatutako kirurgia lerro berria irekiko da. Horri esker, programazio kirurgikoa berriz esleitu ahalko da, eta urtean 700 ebakuntza inguru egin ahalko dira espezialitate hauetan: oftalmologia, ORL, aurpegi-masailetakoa eta ginekologia. Horrela, itxaron zerrendan dauden pazienteen irisgarritasuna hobetuko da.

Azkenik, erosotasun handiagoa ere izango da, mahai kirurgiko berriak erosiko direlako.

Lan-baldintza hobeak profesionalentzat

Bloke kirurgiko berria irekitzeak aurrerapen garrantzitsuak ere ekarriko ditu profesionalen lan-baldintzetan. Lehendabizi, ebakuntza-gela berrietan leku handiagoa izango dute lan egiteko, eta argiztapena eta klimatizazioa ere hobeak izango dira. Horrez gain, kableak sabaiko beso-sistemetatik igaroko dira, lurretik igaro ordez. Horrela, langileak ebakuntzetan errazago mugituko dira.

32.000 ebakuntza baino gehiago 2016. urtean

Nafarroako Ospitalegunean 32.698 ebakuntza egin ziren iaz (28.376 programatuta eta 4.322 premiazkoak). Guztira, 2015. urtean baino 1.172 ebakuntza gehiago egin ziren.

Ebakuntza kopuruari dagokionez, espezialitateen arabera honela banakatuta daude: 6.962 ebakuntza kirurgia orokorrean; 6.418, traumatologia eta ortopedian; 5.742, oftalmologian; 2.450, urologian; 2.147, ORLn eta 1.558, ginekologia eta obstetrizian, eta abar.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!