Iruñeko Udalak Demokrazia Partizipatiboaren Tokiko Behatokia (DPTB) abiatuko du, topaketarako gune bat, hiriko partaidetza esperientziak aztertu, hausnartu, eztabaidatu, proposamenak egin eta horien jarraipen partekatua egiteko.
Duela bi urte sortutako Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrak bultzatu du behatoki hau.
Herritarren Partaidetzako Udalaren politika publikoen esparruan eta gune formal horietan garatzen diren esperientziak jasoko ditu (herritarren partaidetzarako organoak, demokrazia partizipatiboko mekanismoak, partaidetzako eta ekintza komunitarioko prozesuak, besteak beste), bai eta hiriko beste edozein gizarte esparrutan era autononomoan garatutakoak ere.
Hirian partaidetza bultzatzea da Iruñeko DPTBaren helburu nagusia, horretarako kontaktua, harremana eta esperientzia partizipatiboen azterketa erraztuz esparru eta ikuspegi ezberdinetatik abiatuta, modu horretan jada dauden praktikak aberastuz eta izaera inklusiboa eta integratzailea duten esperientzia berriak bultzatuz. Hala azaldu dute prentsaurrekoan Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak, Alor bereko zuzendari Axel Morenok, EHUko irakasle Imanol Telleríak eta NUPeko irakasle Iñaki Lavillak.
Ekainean behatokia aurkeztu eta eratuko da, baita Batzorde Iraunkorra eta 2017-2018ko ikasturteko lantaldeak ere. Irailean, DPTBren Herritarren Partaidetzako Foroa abiatuko da, eta partaidetzako jardunaldi batzuk antolatuko dira. Paraleloki, araudi organikoa sistematizatu eta landuko da, eta Lurralde-Partaidetzako organoak eta guneak sortuko dira, Auzoetan Jarduteko Planari lotuta.
Demokrazia Partizipatiboaren Nazioarteko Behatokia, 2001az geroztik
Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokia Demokrazia Partizipatiboaren Nazioarteko Behatokiaren babespean sortu da (DPNB), munduko 600 hirik baino gehiagok, entitateek, erakundeek eta ikerketa-zentroek osatzen duten sare bat. Guztiek ere tokiko demokrazia partizipatiboari buruzko esperientziak ezagutu, partekatu eta aplikatu nahi dituzte, hiriak gobernatzerakoan demokrazian sakontze aldera.
2001ean sortu zen, Europako Batzordearen URB-AL Programako Lankidetza Deszentralizatuko Proiektuen esparruan. 2006az geroztik DPNBak Hiri eta Toki-Gobernu Batuen Erakundearekin batera lan egiten du, eta mundu mailan demokrazia partizipatiboaren inguruko gaiei buruzko hausnarketa egiteko erronkari heltzen dio, xede hartuta berritzea eta politika jakin batzuk gomendatzea munduko administrazio publikoei -ahal dela tokikoei- , esperientziak partekatzea lanaren oinarri eginda. Erakunde honen barruan, 2004an, DPTBen sarea abiatu zen.