Kapitalismotik deskonektatuz Iruñean izanen da Alternatiben Herria 2018an

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 2a, 08:13

Argazkia: Hainbat eragiletako parte hartzaileek egin zuten atzo Alternatiben Herriaren aurkezpena.

Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, batzarrak eta beste izanen dira, kapitalismoari alternatibak egon badaudela aldarrikatzeko, are bestelako eredu hori “posiblea eta desiragarria” dela esateko. 

Baionan antolatu zuten Euskal Herriko lehen Alternatiben Herria, eta Bilbon izan zen hurrena, orain bi urte, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eskutik. 2018an Iruñearen txanda izanen da: erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, batzarrak… Guztia, hiru helbururen bueltan: "martxan dauden alternatibak hedatzea, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko"; mobilizazioaren eta gizartea "aktibatzearen beharra" azpimarratzea, trantsizio soziala eta ekologikoa gauzatzeko; eta "sareak sortu eta aliantzak egin eta indartzea, Alternatiben Herria ospatu eta gero elkarrekin lanean jarraitzeko".

Orain bi urteko analisia, indarrean

Orain urte batzuk egindako analisian berretsi dira Alternatiben Herria antolatzen dutenak, kapitalismoaren ekinak bere horretan segitu du eta: "Desberdintasunak gero eta handiagoak dira, kapitalak aberastasuna bereganatzen du, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…".

Egungo testuinguruan jarri dute mira, beren ustetan, neoliberalismoa "errekuperazioaz" mintzo den arren, egoera latza da: "Urte batzuk pasa dira, eta Neoliberalismoaren propagandak 'errekuperazioa' du hizpide, herrien eta biosferaren egoera gero eta okerragoa denean, eta prekarietatea gero eta gehiago zabaltzen ari denean. Errefuxatuen aurkako Apartheidak argi erakusten du sistemaren perbertsioa: pertsonen eskubideak jaiotzen diren tokiaren araberakoak dira, edo dauzkaten ondasunen araberakoak. Europara beste kontinenteetako errekurtsoak ekartzen diren bitartean, pertsonei mugak ezartzen zaizkie. Aberastasun handienak gero eta handiagoak dira. Desertifikazioa, aldaketa klimatikoa eta baliabideen agortzea gero eta larriagoak dira Kapitalismo bortitz honetan".

Alternatibak martxan

Alternatibak "zabaldu eta sendotu" dira, nolanahi ere, "hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude martxan. Milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+, denok izan dezagun bizitza duina".

"Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko", esan dute.

Gauzak horrela, auzolanean antolatzeko deialdia zabaldu dute, bilera irekia eginen dute, urriaren 11n, Kondestable jauregian. Sarean zabaldu dute Alternatiben Herriari buruzko manifestua

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!