Aintzina taldeak Kosinatik kanberala bere azken diskoko lanak aurkeztuko ditu ostegunean, Erraldoien Txokoan, Iruñeko Udalak antolatzen dituen euskarazko formatu txikiko kontzertuen Kantu eta Hitza zikloaren barruan. Oraingo honetan, Kantu eta Hitzan dauden estilo anitzen barruan, euskarazko folka izango da protagonista. Aurrekoetan bezala, saioa 20:30ean hasiko da, eta sarrera doan da, gonbidapena hartuta, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik.
Aintzina euskal musika tradizionalaren eremuan jaio zen, helburu argi batekin: antzinako abesti narratiboak ezagutzera ematea, horietako batzuk argitaragabeko harribitxiak, eta aldi berean, txertatzea erritmo eta eskala herrikoietan oinarritutako instrumentuak. Beste talde batzuetan ibilbide luzea duten lau musikarik osatzen dute Aintzina: Alan Griffin (Alboka), Juanjo Otxandorena (Alboka, Oreka Tx, Izotz), Arkaitz Miner (Arrabots, Ruper Ordorika, Tapia eta Leturia) eta Zigor Sagarna (Laket, Esne Beltza).
Kosinatik kanberala 2011n argitaratu zen eta folk taldearen bigarren diskoa da, Suitian (2009) lanaren ondoren. Melodia eta testu zaharrak biltzen ditu diskoak, horietako gehienak argitaragabeak, euskaraz hitz egiten den lurralde guztietakoak, eta hein handi batean Resurrección María Azkueren edo Aita Donostiaren kantutegietan bilduak.
Kantu eta Hitzaren programazioak aurrera egingo du datorren asteko ostegunean, ekainaren 8an, Bidaia taldearen kontzertu batekin. Mixel Ducau konpositore euskaldun multi-instrumentistak eta Caroline Phillips Kaliforniako abeslari eta konpositoreak osatzen dute taldea, eta Hitza izeneko diskoa aurkeztuko dute.
Erraldoien txokoa. 20:30ean (gonbidapenak, 19:30etik aitzina)
- Ekainak 1
- Aintzina. Kosinatik kanberala
- Ekainak 8
- Bidaia. Hitza
- Ekainak 15
- Lurpekariak. Free jazza eta sunpriñua? Artzai-abestiak eta inprobisazio librea?
- Ekainak 22
- Anje Duhalde. Ibilean
- Ekainak 29
- Izaro. Om